2004-12-25

Ilusioz betetako ametsetaz

Olentzerok gaur izugarrizko sorpresa eman dit.

Hamar-hamabi urte izango nituen. Telebistan ikusi nuen jostailu hura, eta erosteko moduan izan nintzenerako, deskatalogatuta zegoen. Hamaika dendetan bilatu nuen arren, alper-alperrik izan zan. Ez nuen aurkitu.

Urte mordoxka batean, jostailu hura lortu ez izanagatiko pena-hondarrarekin tupust egin nuen makina bat aldiz, pixkanaka pixkanaka, desegin eta urruneko oroitzapen bihurtu zan arte.

Gaur goizean, nere zapataren ondoan paketea ikusi dedanean, urterokoa pentsatu det: Bah, urteroko etxeko zapatilak...

Papera urratutakoan berriz...







Buuuuuuufa! Ze poza! Denboran zehar bidaiatzeko makinan, txikitako garai hartaraino eraman naute.

________________________


Ezusteko opari honek, azken urteotan erabili dedan gogoeta bat ekarri dit bekain artera:

Txikitan, izugarrizko emozioz bizitzen nituen amets batzuk nituen. Batzuk pretentzioso xamarrak, egia esan. Txirrindularirik onena izan nahi nuen. aparteko antzerkilaria, idazle imitaezina... Beste alde batetik, edozeinek euki ditzakeen amets hoiek nituen: neska berezi berezi bat ezagutzea, baserri batean bizitzea, munduan zehar bidaiatzea...

Duela gutxi konturatu nintzen, amets gehien gehienak beteta nituela, eta bete ez nituenak indarra galduta zutela.

Emozioa, txikitako amets haiek, ilusio hura, lehortuta neukala konturatu nintzen.

Olentzerok beharbada, begi-keinu bat egin dit opari honekin. Atzera, txikitan bezela, amets berriak eraiki, eta hauen ilusioaz orduan bezela goza dezadan bultzada txiki bat...

Ilusioaren hauspoarekin denbora luzean futz ematen zaien amets hoiek baitira politenak, eta beharbada, merezi duten bakarrak...


Sem comentários:

Enviar um comentário