2005-01-25

Arratsaldeko seietatik aurrera


“Tarteka, burutazio bat izaten dezu, eta halako lasaitasun bat irabazten dezu, ordurarte ez zenuena”


_____________


Ikustazue argazki hau. Eta konzentra zaitezte berarekin, segundutxo batzutan:





Ia, beste pixkat...





Eta orain, ekar ezazue gogora, eta sentitu, isiltasuna.


.........


Bale bale, nahikoa da.

Zer gogorarazi dizue, ariketa honek?

Ezaguna zaizue noski. Gaueko ohizko paisaia da. Gauaren erdian bizitzen deguna, esnatzen geranean.

Gertatzen danean, kasu gehienetan, ez da zarata arrastorik izaten, argirik txikiena ere ez. Mugitzen diren bakarrak, gure garuneko neuronak dira. Ohi baino azkarrago, askoz azkarrago...

Argitasun bila.


_____________



Esaldi hauek ere ezagutzen dituzue:

“Kontsulta ezazu almohadarekin.” Edo...
“Arazoak konpontzeko biderik zuzenena, hauei aurre egitea da”

Ba hain zuzen, nik halako batean argi eta garbi ikusi nuen, zenbait gai, dimentsio haundikoak zein txikikoak, ezin direla goizeko ordu txikietan, almohadarekin kontsultatu. Ez dala inola ere ordurik egokiena hauei aurre egiteko.

Eta halakoetarako, gauza hoietaz pentsatu edo irtenbide bat bilatzeko, ordutegi zorrotz bat ezarri nuen.

Goizeko bederatzietatik, arratsaldeko seiretara.

Nere gauek, harrezkero, beste lasaitasun bat irabazi dute.


____________



Deskuidoan, (oso noizean behin, zorionez) gauaren erdian esnatzen banaiz, eta “arazo” “buruhauste” edo “enigma” kalifikazioa izan dezaketen gaiak burura etortzen bazaizkit, gauza politak ekartzen ditut gogora.

Asko daude aukeran.

Hasieran zail egiten da. Baina trebatze kontua da. Ariketa errex bihurtzen da azkenean.

Eta indarrez badatoz buruhausteak, intentzio temosoz, orduan argia pizten det, eta mesanotxean daukadan literaturari heltzen diot:

Kike Amonarriz. 888 txiste.
Rue del percebe.
Antología de los gazapos...

Eta familiakoak.

Edo salara jun, eta goizeko ordu txikietan telebistan ematen dituzten sukaldeko tresneriaren demostrazioak ikusten ditut.

(beti funtzionatzen du. Zeinek aguantatzen du, bi demostrazio baino gehiago?)

Edo irratsaio interesgarrien bat entzuten det...

Edo besteren bat.

Ezarritako ordutegia errespetatzen det, zorrozki. Berriz ere loak goxo goxo, bere magalean hartzen nauen arte.

________________


Beste gauza batetaz ere ohartu nintzen.

Loak hartu ezinik geratzen nintzenean, ez nuela apenas harnasik hartzen.

Seguruena, ikusezinaren itxurak eginez, nere pentsamentuek ni han nengoela kontura ez zitezen...

Eta loak berriz ere berarekin eraman nezan, harnasa sakon hartzen hasi nintzen, noski.

Nekatu, edo aspertu ere bai askotan, harnasa sakon hartzeaz, baina etsitzen ez duenak, hark irabazten du.

_____________


Denbora gutxi barru, atsedenarekin baino lotzen ez dituzun iluntasunaren eta isiltasunaren lagun egiten zera.





Neri, halaxe gertatu zait behintzat, eta egoki iruditu zait, kontatzea.


Sem comentários:

Enviar um comentário