2005-01-03

Liburudendan

Asko ez dira izan, baina nik oso azkartzat ditudan batzuk, bizkorra deitu izan didate inoiz. Azkarrak dira eta... Sinistu egin beharko diet!

Horrek ez du esan nahi ordea, zenbait alorretan memelo hutsa ez naizenik.

Gaurko hieroglifikoa asmatzen nik adina denbora hartzen badezu, ni bezain memeloa zera. Zuri ez dakit, baina neri memelotasunean laguntasun pixkat izateak poza ematen dit.

-----------------

Liburudenda batera jun naiz arratsaldean, liburu bat kuxkuxeatzera. Dendakoari, nere tartekoak azaltzen direnean, liburu hori ikusten aritu naizela eta oso interesatuta ikusi nauela “erdi-esateko” eskatu diot.

Hau zan liburua:

Rostros del mundo.

Gero gainerantzeko liburuak gainbegiratzen aritu naiz.

Halako batean, ordulaurdena neramanean gutxigorabehera, deseroso sentitu naiz. Lepoa nekatuta. Badakizue, liburu guztiak zutik apaletan. Izenburuak irakurtzeko derrigor burua alde batera okertu behar.



Batzuetan eskubira, beste batzuetan ezkerrera. Segun liburuak buruz behera edo zuzen jarrita dauden.

Beste hiru lagun zeuden nere ondoan, ni bezela, liburuak gainbegiratzen.

Traperoari begian txinparta piztu... eta lau pausu eman ditu atzera haiei begiratzeko.

Hirurek, orain eskubira, orain ezkerrera, orain eskubira, orain ezkerrera okertzen zuten burua. Kristoren grazia egin dit. National geographic-en dokumental bat ikusten ari nintzela iruditu zait, ez dakit ze animaliren portaera aztertzen.

Eta halako batez, nere buruari galdetu diot:

Zergaitik ez ote dituzte liburuak etzanda ipintzen? Izenburuak liburuak etzanda daudela irakur daitezke ondoen.

Tirita beltzak asmatu zituen harekin akordatu naiz. Izugarrizko negozioa egin zuen. Hauek merkatura irten orduko, beltzak, nola ez ba, tirita beltzak erosten hasi ziren, zuriak betirako baztertuta.

Hau dek hau. Ni izan ote naiz lehenengoa, liburudenda eta liburutegietako apaletan liburuak etzanda hobeto leudekela konturatzen?

Zergaitik daude zutik, eta ez etzanda?!?

Hemen hasten da denbora. Aurkitu erantzuna.

Afarian, galdera horixe egin diet nere aldamenean zeuden bi emakumeei, eta biek, 2 segundu baino gutxiago behar izan dituzte erantzun egokia emateko.

Neri bost minutu kostatu zait.

_________________


Neri bezela, bost minutu kostatu bazaizu, ez tristetu behintzat. Eta tristetzen bazera, jun zaitez hurbilen dezun liburudendara. Eta parre pixka bat egizu.

Orain ezkerrera, orain eskubira, orain ezkerrera, orain eskubira...

(zer zabiltza burua alde batera eta bestera okertzen??)


Sem comentários:

Enviar um comentário