2005-01-17

Mounstroari jaten eman

Euskalduna naiz. Dudarik ez dago.

Aurpegi euskalduna daukat. Cuban, paseatzen ikusten nindutenean kaleko saltzaileek, zalantza izpirik gabe botatzen zidaten oihuka:

- Eh! Tú! Vahco!

Vahco, vahco... Nere artean: Demonio! Hainbeste antzematen al zait?

Apetitua ere euskalduna daukat. Jatea asko gustatzen zait. Eskatuidazu izugarri disfrutatu dedan hamar janaldi gogoratzeko, eta garuna ralentinean ipinita bakarrik, hogei gogoratuko ditut. Sagardotegietakoak, Urbiako bordako gosari oparoak, Juanito Kojuako menu zoragarriak...

Huuup!

Zotina. Barkatu.

Gehiago? Emmmm...

Hitzekoa ere banaiz. Hitza ematen dizut.

Eta bukatzeko, gehiegi luza ez nadin:

Apustuzalea naiz. Oso apustuzalea. Izugarri gustatzen zaizkit erronkak.

16 urte nituela, institutoko nere gelakoak bildu nituen batzarrean, eta halaxe bota nien:

- Baietz Santa Barbarara bizikletaz 20 aldiz igo! Hanka lurrean ipini gabe!

Santa Barbara (Urretxu). 2,7 km. x 20 = 54 km denera. %9ko aldapa. Lagunak bertan, etsiko nuela konbentzituta, nitaz parre egiteko, hantxe, nere zain. 12. Itzulirako, asper asper eginda gizajoak. Kontuak atera 20.a bukatzen ikusi nindutenean...

Sukarraz egon nintzen ohean. Leher eginda. Jota! Baina 20 aldiz igoko nuela esan, eta 20 aldiz igo nuen.

Horregatik... Ni hain erronkazalea izanda, triste naukazue. Oso triste.

___________________


Bota nuen hemen, eskariak egiteko nahi bazenuten, neurrira egindako testu polit bat eskatzeko, norbaiti oparitzeko, edo zeuentzako... Baina keba. Keba keba. Eskaritxo batzuk baino ez.

Bat... Bi... Hiru... Lau...

(Debalde dala!! Zaharren egoitzara jo beharko nuke beharbada?. Han ziur nago ehundaka eskari jasoko nituzkeela. Inork ez ditu apreziatzen jubilatu batek bezela debaldeko gauzak)

Eta... Kontua da, eskatzaileak, gezurra esan ez badidate behintzat, oso gustora geratu direla! Emozionatu ere egin direla batzuk. Asko emozionatu gainera.

Eta ni hementxe, gosez...

Jakizue: nere irudimena mounstro bat da. Asekaitza, bera bezelakoa.

Beraz, lagun, mounstroari jaten ematen lagunduidazu. (Unicef-eko iragarki baten itxura hartzen ari da mezu hau) Eskatuidazu lantxo polit bat. Emaizkidazu datu urri batzuk, eta zeinek daki. Akaso gauza eder bat aterako zait... Eta hala ez bada, lasai, ondo geratzea munduko gauzarik errexena da ta.

- Patxi! Campeón! Asko gustatu zait idatzi dezuna.

(campeón horrek ez du zalantzarako txirrikitu txikiena ere uzten. Ez zaizu batere gustatu)

Laukitxo berri bat ipini det hor eskubian. Erronkak. Polita izango da, erronkaren edukia jendeak ikusi... Eta halako batean emaitza ikustea.

Han! Kale egin du. A ez, ba neri gustatu zait!

Anima zaitez, mounstroari jaten ematen. Biok gozatuko degu.

Idatzi eskaria hona:

patxpitx@hotmail.com



Sem comentários:

Enviar um comentário