2005-03-22

Arratsalde zoragarria, Donostian

Pena da, ezin pelikula bat egitea batek bizitzen dituen zenbait gauzekin. Zure lagunek ikusi eta goza dezaten. Zuk sentitu dezuna eurak ere senti dezaten. Baina izpi txikiren bat behintzat iritsiko zaizulakoan... Hitzak lerroan jartzen dituzu, ordenean, eta saiatu egiten zera, kontatzen.

Donostian, mila aldiz egon naiz. Toki horretan, Conchako hondartzan, beste hainbestetan, baina sekula ez det sentitu gaurko sentsazio zoragarri hori... Edo ez det gogoratzen behintzat.

Beharbada, eguzkia gorde ondoren, zeruak urdin berezi hura zuelako, edo gaur beste batzuetan baino eskergarriago egin zaidalako bertako zabaltasuna, arnasa...

Astintzen dituzunean elurra zabaltzen dan bolatxo hoietako baten barrenean sentitu naiz. Eta Zerua, itsasoa, eta hondartza, oso nereak sentitu ditut. Neretzako propio eginak bezela.

Gero, ez det nerekin zihoazenekin toki itxi batean gorde nahi izan, afaltzeko. Gaur begiak ondo zabaltzeko gogoa neukan, xehetasun txikienez bustitzeko. Txoixo tortila bokadiloa jan det Juantxonean, azkar batean, eta kalera irten det, bidera irtengo zitzaidan horren bila. Jakinez, etorri, etorriko zala.

Ez du asko tardatu. Lehenengo kale iskinean.

Gazte ilekixkur bat zegoen, malabarak egiten.

“Echame algo hombre! Aunque sea la bronca!” ... Esaten zuen, aparteko graziarekin. Bere artea, malabarrena baino gehiago, paseanteei esaten zizkien gauzetan eta esateko doinuan zegoen. Jendeak, uzkurtu ordez, parre egiten zuen. Atseginez.

Neu begira jarri natzaio, paretaren kontra, eta itxura danez, haren begiek eta nereek hizkuntza berbera jakiteaz gain, berriketarako gogoa zuten.

Bapatean neu nintzen malabarrak egiten ari zana. Hasieran nahiko ondo. Gazte bixi xelebrea, banekiela sinistuta. Buru gainera erori zaizkidanean, hirugarrenarekin ausartuta, orduan etsi du, parrezka.

- De dónde eres chico? No eres de aquí... – esan diot, jakinminez...

- Chico????

Alajaina. Beltzez jantzita zegoen eta, mutila zala zeharo sinistuta egon naiz denbora guztian. Kremailera jetsi du propio, kamisetan nabarmenduta, haren bularrak ikus nitzan.

- No tengo mucho pero...

Biok parrez. Bueno, ni parrez, eta bera antzeko zerbait.

Azentoarekin tematu naiz, argentinarra edo italiarra ote zan, jakinmin haundiz, eta italiarra zala esan dit azkenean..

- A, va bene, io parlo un po d'ìtaliano.

Ez dit sinistu noski.

- Sei stato mai?

- Sí, una volta soltanto...

Eta bere konfidantza zeharo irabazi dedanean, jakin det, izan degun alkarrizketaren hurrengo lerroetan, bere begi irripartsuetan zer gordetzen zan.

- Bueno, no me hagas mucho caso hoy. No es uno de mis mejores días...

Lucrecia zeukala izena, esan dit. “Kontuz ibili, Patxi!” Esan dit euskeraz, agurtzerakoan...

Gero Alde zaharrean ibili naiz. Berriz ere paretaren kontra jarrita, pasianteei begira. Neska ederrei gehienbat. Udaberria kolpez, arrapaladan nola sartu dan...

Eta gero, oso oso gogoko dedan, tarteka egiten dedan gauzatxo bat egin det. Kale estu bakarti ahaztu batean ibili naiz... La Cuchara de San Telmo tabernaren atzeko kale horretan hain zuzen... Jun eta etorri txiki bat...

Iluntasunean... Farolen argipean, bakardadean...

Toki isil bakartien magiaz bustitzen.

Eta bukatzeko, bulebarrean... Bihotza negarrez hasi zait.

- La farolaaaaaa.... La farolaaaaaaaa...

Beti gizon berbera da, Narrika kalearen hasieran. Eta gaur da mozkortuta ikusi dedan lehenengo eguna. Beti oso gogotsu, bere periodikuak saltzen. Poltsa haundi batean... Auskalo zer. Periodiku gehiago? Erropak? Dituen gauza guztiak... liburu, zapata eta atun laten artean, bere bizitzako oroigarri bakar kuttunak direnak?

Mozkorrak ez zion lanerako grina eragozten. Gogotsu eskeintzen zion periodikua, bere ondoan pasatzen zan bakoitzari, erosle segururen bat galtzeko bildurrez... Eta inork ez zion erosten.

Nik erosi diot. Zigarro bat eskeini dit, baina ez zeukan hizketarako gogorik... Edo ahaztuta dago inorekin hizketan egiten?

Kuerda ematen zaion jostailuaren gisan segitu du... Zirkulo txikiak eginez, ahalegin berdintsuan...

___________

Oso, oso polita izan da, gaurko arratsaldea.

Lastima, zu ez zeundela, nere alboan.

_

Sem comentários:

Enviar um comentário