Nahikoa parre egin det gaur. Oraindik ere ari naiz.
Alkarrizketa egin diote gaur arratsaldean zenbait blogariri, Euskadi Irratian.
Eskerrak sikiera, blogari literatoak izan diren hizlari. Beste batzuk jun bagina, ez izenik ez libururik gabeak, dagoeneko Ertzantzari parte emanda zegoen norbait, gurea sekta bat ote dan estudiatzeko.
Izan ere…
Katixak, irainak jasotzen dituela tarteka. Erantzunak hala ere pozik jasotzen dituela, sikiera irakurle «bat », bat badagoela badakielako. (hau txoiloa, blog bat izatearena : blogari bat, irakurle bat) “Momentuz”, ez duela bloga uzteko asmorik.
Olegario, xalaua bera bezelakoa, bera blogintzan hasi zanetik mundua okerrago dabilela.
Joxe, hau gizon ordenatua ( Joxe, ni horretan ari naiz, ordenatua izan nahiean), blogei eskeinitako denbora ondo planifikatu behar dala, badaezpadaere. Kontuz gero! Eta inori kalte egingo balio, aholkatuko liokeela uzteko, noski.
Markos, ai Markos. Blogek engantxatu egiten dutela, eta kontuz ibiltzeko.
Gaztelumendi ordena jartzen saiatzen. Hitz potoloekin sumatzen ari zan desastrea disimulatu nahiean.
Xabier, egunero idazteko erronka horri zentzua bilatzen, transizio garaiak aipatuz, martxa nekagarria dala…
Je-su-sen-bi-ho-tza!
Irainak, bakardadea, zalantzak, mundua okerrago, kaltegarri, denborajale, engantxatu, nekea…
Nik uste det norbait animatuko bazan, gaurko saioa entzunda, masokistaren bat izango zala.
“Kaixo, Antxon naiz. Masokista naiz. Euskadi irratiko irratsaio bati esker argia ikusi dut gaur. Blog bat zabaldu det.”
Irratsaioaren gidaria, Arantxa Iturbe berriz, nik uste det spray antibioladorea edo zeramala zorroan, badaezpadaere, hainbeste sekta-partaideren artean. Behin eta berriz galdetuz: baina aber, zuk zenbat denbora eskeintzen diozu blogari? (galdera ofiziala) Engantxatu errukarri bat al zera zu ere? (benetako galdera).
Nik izugarri gozatu det.
Neri ere luzatu zidaten irratsaioan parte hartzeko eskeintza, baina nik Arantxak aipatu duen telefonoz hitzegitea gorroto zuen hori naiz.
Onen onena neretzako: Katixa. Berriz Katixa. Ze ahots polita. Ze argitasuna, ze azkartasuna… Motel hitzegiten zuela imajinatzen nuen. Lotsatiantxea edo imajinatzen nuen, eta harritu nau berriz ere. Hau plazerra. Eskerrikasko Katixa.
Eguneko dezepzioa: Markos Zapiain. Ene ene. Constantino Romeroren moduko ahotsa zuela sumatzen nuen. Ez, ez nuen sumatzen, segurutzat ematen nuen. Eskua sutan ipiniko nuen. Eta ez ba. Filosofo ahotsa dauka! Filosofo ahotsa! Hau dezepzioa.
Ez zaigu holakorik komeni, blogariok. Hurrengorako, mesedez, ez esan ezer, ezertxo ere ez blogei buruz, tokatzen dan irratsaioan. Aldiz, lantxo bat hartu bakarrik. Eibartarren zerrendako azken egun hauetako mezuak irakurri. Jakin dezan jendeak ze ondo pasatzen degun! Zenbat lagun ditugun, ze xalauak eta buruargiak geran “sekta” honetan gabiltzan zibernauta xelebre itxiok…
Gaur afaria dute Eibar.Org-ekoek. Xabier zalameroak ;-) gonbitea luzatu zidan, eta jun egingo nintzen buruz istriputxo bat izan ez balitz nere teilatupean. Inbidiak jota nago orain, beraiekin akordatzen.
Eta nola beraiekin akordatu naizen, ba horixe, abesti bat eurentzat, merezi dutelako. Ez bakarrik merezi dutelako…
Sino porque son la bomba!
Ondo ondo pasa lagunok.
Bomba.
_






8 erantzun:
Pasatu zara, Patxpitx. Ez irrati-saioari buruzko zure ikuspegian, baizik eta ni hoberena izan nintzela esanez. Mesedez eta faborez. Erdi lo nengoen, autobusetik jaitsi berria, ordu erdi izan ninduten telefonora kolgatuta eta gero, zertarako, lau topiko kaxkar galdetzeko. Okerrena da nik ere lau topiko kaxkarrekin erantzun nuela.
Zelako barreak Zapiainekin, aitortu behar dut bere bloga ez dudala jarraitzen (gehiegi niretzako) baina telefonoz gusto handiz hitz egingo nuke berarekin. Londreserako billetean bila nabil oraintxe.
Eta zu, patxpitx, rajatu bat zara.
Egixe esan, neu be gustoa sartuko nitxan zeuen "sektan". Hasi be, hasi nitxan zeoze ein naxan, bañe enaz aklaraten eta bertan bera laga neban, ze testutxo bat eta argazki bat justo-justun dai bakarrik ipintxen, eta zeoze etxekotan, dotoriaua ero... ganorazkuaua bentzat nahiko neuke ein. Zoixonak zuek danontzat eta segi holanik, bihar politxe etxen dozuela pentzaten dot eta!! (ulertzen gazta holan idatzitxe ala hobeto euskera batun?)
Katixa maitia:
Euskadi irratikoek baino askoz hobeto ezagutzen nauzu. Haiek halako zerbait esan balidate:
"trapero, rajatu bat zara, ez zera ausartzen"
Zuekin batera egongo nintzen ostiralean.
Eta orain, egiaren erdigunerantz abiatuko naiz, atzokoan baino erdigunerago:
Arrazoi dezu. Hoberena ez zinen zu izan. Egia esan atzo gauza asko askok liluratu ninduten, danak ezin aitortu. Dena den, gehien gehiena beharbada, momentutxo bat izan zan. Galdera bat, Markosi. Ez daukat gogoan galdera zein zan, baina erantzuna ahaztezina izan zan. Lehenengo isilunea, isilune luzea, eta gero Markosen erantzuna... "Ez dakit..." Eta isilunea berriro.
Filosofo batek nola erantzungo du ba?
Neri berdin gertatzen zait. Nik buelta asko ematen dizkiet gauzei. Ezin det boteprontoan erantzun. Erantzunak prozesatu egin behar ditut lehendabizi, minutuerdiz gutxienez.
Irratikoei ez zitzaien komeni ni gonbidatzea. Mesede egin nien kalabazak ematean.
Onena Markos izan zan, egia, baina liluratu zuk egin ninduzun. Erdi lo zeundelako beharbada, batek daki.
Magali:
Denbora asko behar da gauza polit bat egiteko Bloggerren, egia. Beharbada Goiena.neten edo saiatu beharko zenuke. Haiek lagunduko dizute, eurenean blog bat egiten. Nik gustora lagunduko nizuke, baina denborarik ez azkenaldi hontan.
Eta faborez! Ondarrutarrez idatzi! Izugarri gustatzen zait. Eta nik behintzat, dana entendiuten dot.
Katixak dio: 'zertarako, lau topiko kaxkar galdetzeko. Okerrena da nik ere lau topiko kaxkarrekin erantzun nuela'.
Lasai, begira zer gertatu zitzaion Hemingway-ri:
—Zuk gomendatuko al zenioke kazetari-lana idazle gazte bati? Zuri zertan lagundu zizun Kansas City Star-en ikasi zenuenak?
Eta Hemingway-k erantzun zuen:
—Starren behartuta nengoen adierazpen-perpausa sinpleak (enuntziatiboak) idazten ikastera. Hori edozeini zaio komenigarria. ‘Kazetaritzako lanak ez dio inolako kalterik egingo idazle gazte bati, baldin ikasi beharrekoak ikasi eta gero, garaiz uzten badu’. Hauxe da topiko erabilienetako bat, eta barkamena eskatzen dut bertan erori naizelako. Bana batek galdera zahar gastatuak egiten dituenean erantzun zahar gastatuak jasotzeko arriskua du.
Izan ongi
Anjel
Aupa family:
Patxi, ea hurrengo batean hurbiltzen zaren eibartarren afari batera. Hurrengoa, itxura denez, udaberrian egingo dugu.
Irratsaioaz: ezer gutxi esango dut, igande arratsaldea da-eta.
Jode, zenbat denbora pasatzen dudan blogak irakurtzen... ;-)
Kazetari lana utzi bai, baina zertan hasi, Hemingway edo Katixa Agirre ez bazera?
Burua makurtu, eta galdera enuntzitatiboak egiten segitu behar, kazetari.
Ni izugarri liluratzen nau, zuek idazleon abilidadeaz holako galdera abstraktoei erantzuteko garaian.
Sautrelan aurrekoan ikusi nuen, Arkaitz Canori egindako galdera sorta: liluratuta erabat hari begira. Nola leike hain azkar erantzutea? (egokitasunarena, beste kontu bat da).
Aurrez pasatzen dizkizuete galderak? Aparteko gaitasuna dezue galdera abstraktoei erantzuteko?
bai, Patxi, aurretik pasatzen dizkiete galderak, baina horrela hobeto, bestela, ez baduzu denbora pixka bat gogoeta egiteko, zer erantzun mota aterako zaizu ba, kamerak eta makillajea bertan gainean dauzkazula gainera agobiatuz
hala ere, zu bezalako kuxkuxeroentzat horrek erantsi egin diezaioke elkarrizketari interesa, azter dezakezulako idazlea bat-batekotasunaren antzerkia egiten ahalegintzen ote den ala batere ez, aurretik prestatutakoa hitzez hitz erantzuten duen oroimenari guztiz atxikirik, behera begira, ala tartetxo bat uzten ote dion inprobisazioari, gora begira
Hasier Etxeberriak egundoko esperientzia du eta elkarrizketatuaren begiak beregana erakartzen ditu, baina baten batek noizbait bere kamera zein den galdetu, Etxeberriaz ahantzi eta kamerari tinki beha bota beharko lituzke erantzunak, ikusentzuleengana indartsuago hel daitezen
Banengoen ni!
Lasaitu ederra hartzen det. Munduko tontoena nintzela pentsatzen nuen.
(beharbada bai naiz munduko tontoena, orain arte ez konturatzeagatik)
Arrazoi dezu. Hemendik aurrera askoz gehiago gozatuko det alkarrizketei begira. Askoz askoz gehiago.
Kamarari begira? Hasier gizarajoa. Baztertuta sentituko da. Ez ez, nahikoa sufritzen du gizarajoak, kultureta eta horrelakoak entzun beharrean.
Neska balitz, Hasierrekin ere maiteminduta nengoke. Eskerrak Estitxu Fernandez geratzen zaidan.
_
Enviar um comentário