2006-05-02

Barruko azala

Ostiralean trapero hau beste trapero bati begira egon zan.




Pablo Trapero zinemagilearen filme hau ez da beste mundukoa. Ia denon iritzia da ez daukala txispa haundirik filme honek. Nahiz ikusleak adi jarraitzen duen bukaeraraino.

Bidaian zehar gertatutako ezbehar ugarietatik nola irtetzen diren familia horretako partaideak, horrek bakarrik lortzen du ikuslea erne mantentzea filme osoan zehar. Abenturaren xarma.

Nik harrapatu nuen beste zerbait ordea; burutazio polit bat, egunotan gogoan erabili dedana.

Pablo Traperoren amona bera zan filme honetako protagonista nagusia.

- Alajaina. Hau tipo krudela – pentsatu nuen filmearen hasieran: amonaren aurpegiaren gertuko plano batzurekin hasten da filmea, oso argi zuzenaz ateratako planoak. Argi zuzenegiaz. Amonaren zimurrak, honen azal gogorra xehetasun guztiekin. Oso gordin. Bukatu ere berdin. Amonaren aurpegiaren gertuko planoak. Zimurrak, zimur ikaragarriak, makilaje edo argi leun batez disimulatu gabeko zimur gordinak.

Kontua da, filmean danetik pasatzen dala. Infidelitateak, burrukak, hasarratzeak… Danak aztoratzen dira han, asko aztoratu ere… Amona ximurra ezik.

Acá no pasa nada! – dio amonak, behin eta berriz. Ez familiakoak animatzeko – tira, horretarako ere bai - baizik eta, hala somatzen da filmean, amonak patxadaz hartzen dituelako bere inguruan gertatzen direnak. Lasaitasun haundiz. Estutu gabe, poza galdu gabe.

Amonaren azala. Barruko azala.

Gogoratu egin nintzan, nere garai bateko azal leun-leunaz. Edozein urratuk min izugarria egiten duen garaiaz, nerabezaroaz. Eta handik gaur arteko bidaia. Nola gogortzen dan azala, nola jun dan sendotzen, zailtzen, arazoak beste patxada batez, beste poz batez hartzeraino.

Zeinek hogei urte izan! Esaten da maiz. Tira, ez dakit ba zuek. Ni oso azal leunekoa izandakoa naiz eta… Ni, nagoen honetan konforme. Zimurrago, burusoilago, astunago… Baina irriparretxo honekin ezpain muturrean.


___

3 comentários:

  1. Hortaz, badakigu nondik datorkizun azal gogorra...^_^

    ResponderEliminar
  2. Ze kuriosoa! Idatzi duzuna irakurri dudanean gauza dexente etorri zaizkit burura. Batez ere, bizitzaren eta ingurukoen aurrean bakoitzak hartzen dugun papera.

    Nik inguruan badut "dramarako" joera duen jendea! Baina dramarako zentzu negatiboenean!! Edozein gauza gertatu (euria hasi, adibidez) eta munduko gauzarik okerrena gertatu izan balitzaio bezala erreakzionatzen duen jendea. Ahal dela horrelako jendea urrun mantentzen saiatzen naiz.

    Nik nahiago: "Acá no pasa nada!" adieraztea, nahiz eta horrekin batzuetan azalean zimurren bat gehitu. Ingurukoak aldiro ez aztoratzen saiatu... Ez dakit, baina, agian, filmeko amonaren patxada ez da bene-benetakoa...

    Zuk uste, Patxi, azala gogortzen doala? Baliteke, adinean aurrera joan ahala, jende gutxiagok izatea gure azala zeharkatzeko ahalmena, baina hori lortzen dutenek izugarrizko urratuak egin ditzakete. Urratuek beti min egiten dute, batez ere, gertukoengandik badatoz...

    ResponderEliminar
  3. Jozulin, euskal blogosferan kontatzen direnak, izeberg baten tontortxoa baino ez dira. Gainerantzekoak, kontu intimoagoak, ezkutukoak, kontatu ezin direnak... nereak barne, prentsa arrosa lirateke :-)

    Azaltzen zeran bakoitzean ideia xelebreren bat iradokitzen didazu. Ea egunen batean. Bainera/dutxarena baino lehenago edonola ere!

    Sei:

    Amonaren patxada benetakoa da bai. Asko hitzegin daiteke horri buruz hala ere, egia.

    Edonork har dezake mina. Edonori egin diezaiokete sekulako urratua. Errezago egingo du aurrera ordea, urratuetan "entrenatuta" dagoenak.

    Badira pertsona batzuk, minik ez hartzeko sekulako harresia eraikitzen dutenak bere inguruan. Zeharo isten direnak, inori sartzen uzten ez diotenak. Seguruaren plantak eginagatik ere, zeharo bakartiak, zeharo hauskorrak direnak.

    Inork hauei min egitea lortzen badu, errukarriak. nekez egingo dute aurrera.

    Harresia haundiegia, potoloegia bada berriz... Zer jaso dute bizitzan? Zartateko on bat baino mingarriagoa da ez bizitzea, itxita egotea.

    Filmeko amonak, hoietako urratu bat baino gehiago zituela esango nuke. Hiltzen ez zaituenak, indartsuago egiten zaitu. Hori dala amona honen kasua, hori iruditu zitzaidan.

    Pablo Traperori galdetu behar! Edo berorri, hobe.

    ResponderEliminar