2006-05-22

Bilbon egunpasa ( I )

Tira, nahi bai, egunpasa egin nahi genuen, baina garraio publikoak ez digu uzten. Goizean autobus bakarra: goizeko 8,20 etan. Bueltan ere bakarra, 16,30 etan. Ezin Bilboko ilunabarrik gozatu. Zer egingo zaio ba.

Familia ugariak, ahaztu garraio publikoa: 5 lagun bazerate, txangoa 50 eurotan aterako zaizue. Gu bi ginen eta gaitzerdi, 20 euro “bakarrik”.

Geraleku dexente ibilbidean. Ez du inporta. Gozamena da zein igotzen dan, bidaiariek autobusean ze toki aukeratzen duten ikustea. Denek bi jarleku libreko ilararen bila, erosoago juteko. Halakorik ez dagoenean, aukera tximista egin behar. Gustoko bikotea tokatzea zorte kontua da. Konbinazio benetan politak suertatzen dira.

Beste bitxikeria bat autobus geralekuetan, fija zaitezte: bidaiariak autobusaren zain, bakoitza bere nolabaiteko “intimitate eremua” gordetzen. Bakoitzak eremu berdintsua. Bi edo hiru ilaratan kokatuta, alkarrengandik distantzi berbera. Xake taula baten itxura hartzen dute, nahi gabe.

Iritsi gera. Bilbon gaude.

Arrastorik ere ez neukan nun utziko gintuen autobusak. Horra, San Mamesen ondoan. Eta ondoko tranbia hau? Noizko kontua da? Bai sotila.

Abiatu gera tranbiaren ibilbideari segika, baina egon egon, Bilbok txixagurerik gabe ikusia izatea merezi du. Ea, goazen taberna batera.

Mikrotabernak pareka! Zenbat lagun kabitzen dira hor, bi? Hiru?

Goazen beste horra:

Bar Gol. (Ikusi bideoa)

Sartu gera. 60 bat urteko gizon mardula, barraren atzean.

- Apa, mosto bat eta ebaki bat.

Taberna San Mamesen ondoan dago, Athletikeko banderez eta argazkiz beteta, Iribarren haundi haundi bat bere buru gainean. Zerbitzaria ez da Hondurasetik etorri berria. Bilbotarra da, itxura guztia du… Baina zerbitzariak hegokorear bat banintz bezela begiratzen nau.

- Sí, que un mosto y un cortao.

Gorde du bere harridura aurpegia, eta hasi da mugitzen errobota.

Nere ama gogorarazten dit egoerak. Pasadizo hura, herriko festetan. Galdezka nere ama, herrian bizi guztia lanean zeraman udaltzain erdaldunari:

- Oye, ¿a qué hora empiezan los Aizkolaris?

- Qué? ¿No te entiendo, qué dices? – Udaltzainak.

- Los aizkolaris!

- No entiendo lo que me estás diciendo.

- ¿Que no me entiendes? Llevas toda la vida aquí y no sabes qué son los Aizkolaris? Mira que no saber qué son los aizkolaris!

Amaren bizitasun eta jenioaz oroitzen naiz moxoloari begira, baina, ez baitet ezagutzen. Izan daiteke, ez ni, baizik eta tabernaria bera hegokorear kamuflatua izatea. Aukera bat da.

Tabernak bere solera eta xarma dauka, hori egia da.

Bagoaz atzera aldapan behera: zuhaitz haundi-ederrak errepidearen bazterrean, auskalo noizkoak, garai urrun batean isiltasunean hazitakoak, denboraren poderioan kotxe eta zarata artean bizitzera derrigortuak.

Badator agure hori. Auskalo noizkoa, garai urrun batean isiltasunean hazitakoa, denboraren poderioan kotxe eta zarata artean bizitzera derrigortua.

Hiriko erritmo kutsakorraren biktima edo, agure batengan ikustea haina arraroa dan modu batean:

Presaka.


Bagoaz aurrerantz: parke hori (bideoa ikusi), zer da? Goazen barrura.

Ederra da. Oasis bat, hiriaren erdian, halako zerbait. Atzekaldean eraikin bat, San Mames jartzen du, zer da?

Bi agure daude banku batean eserita. Banoa galdetzera.

Zaharrentzako erresidentzia omen. Ez zuen ematen. Hala ere, piztu da txinparta, galdezka hasi zait haietako bat, berriketan egon gera. Bost minututan gauza asko ikasi ditut, hala nola Hernanin egon zala urte askoan lanean, harrobian, Bilbora itzuli zan arte, “y que era huérfano de la mar”. Eta beste hamaika gauza, gogotsu kontatzen hasi zaizkidanak.

Ze pena aldegin beharra.

Edozein tokitan dago, edozein bankutan, hizketarako beti prest, agure-amonaren bat: ikasgaiez betetako liburu hiztun bat; baina beste batean beharko du: gaur nere laguntxoaren eguna da.

(jarraituko du)

_

2 comentários:

  1. Bilbon, alde zaharrean ezik, ezin da euskaraz bizi. Inork ez du euskaraz hitz egiten, penagarria benetan!.
    Aizu Patxi, zure bideoak zergatik ezin ditut ikusi?. Zu trebea zera informatikako kontuetan eta ziur nago jakingo duzula zergatia.

    ResponderEliminar
  2. Aupa Begoña!

    Daukagun egoera linguistikoa daukagu. Gure jarrera, geureaz gozatzea, eta gure gozamena kutsatzea. Negarti fama daukagu ta, merezitakoa nik uste, ea astintzen hasten geran.

    Nahiz zenbait egoerak min eman, jakina. Pazientzia.

    Bideoak ikusteko, Hemen klikatu, eta deskargatu programatxoa, download-i emanez.

    Sei IKTroak txibatu dit, ez pentsa nekienik! Eskerrikasko Sei.

    Informatika kontuetan Begoña, ezjakin hutsa naiz. Kopiatzen naiz ni trebea, baina hortik aurrera...

    ResponderEliminar