2006-05-26

Bilbon egunpasa (III)

Artearen definizio gisa hartzen badegu hauxe, orain bururatu zaidan hau...

Artea: gizabanakoaren zentzuak kitzikatzeko gai dan edozein lan, propio helburu horrekin, edo besterik gabe, berez sortua.

Orduan Guggenheim museoak guztiz betetzen du definizio hau.

_________


Berez sortutako artea. Bi adibide:

Bat:

Sarreran, baliozko zure gauzak gordetzeko tokian, eskanerraren ondoan dagoen segurtasun-goarda: Bere aulki jirakor gorrian, bere aurpegi zartatua, bere begirada sarkor-eskaneatzailea (nere begirada sarkor-eskaneatzailearekin lehian…)

Ahaztezina.

Bi:

Richard Serraren labirintoak, berez artelan kitzikagarriak, baina xehetasun batek estasiaren mugan ipintzen zaituztenak:

Bazoaz zu labirintoan barrena: hor topo egiten dezu, banan bana, isilean, bere telefono mugikor luzexka-museo gida-hiztuna belarrian itsatsita dutela doazen bisitariekin.

Ikuskizuna apartekoa da. Beste planeta, beste dimentsio batera zaramatza.

Sartu zitzaidan parregurea! Disimulatzen lanak.

_____


Zer, ez dezue nere arte-sentsibilitatea konpartitzen? Tira ba, gatozen erdibidera.

Denok ulertuko degun eremu batera:

Guggenheim: Poza, izua, larritasuna, parrea...


Poza

Poza - gozamena - zenbait artelan kontenplatzea. Baina poza, benetako poza eman zidan ikusteak, nere laguntxoari, zazpi urte, neri guztiz baztergarri eta hutsalak iruditzen zitzaizkidan lanak gustatzen zitzaizkiola.

Zalantzarik gabe ume hau sona haundiko artista izango da, mundu guztiarentzat ulertezin, apenas Estatu Batuetako eta Frantziako lau kritiko ospetsuk ulertuko dute.

Bere artelan baten salmentak nere lan-erretiroa ziurtatuko du.


Izua:

Txillidari zenbait artistek eskeinitako obrak zeuden alde batetik. Artista errusiarren artelanak bestetik.

Denetarikoak, zinez kitzikagarriak, baina denen artean bat. Lazgarria:

40 metro karratu inguru izango zituen gela bat, oso argi ahulaz. Paretek milaka irudiz osatutako collage bat eratzen dute; erdian, gela hartan argi egiten, argi bakarra, mahai bat. Mahaian uztartuta telebista bat. Hots bakarra: gizabanako baten karraxi etsiak, karraxi lazgarriak, karraxi arima-izozgarriak. Irudiak: talde bat gizabanako hau torturatzen ari da. Ez da odolik, erremintarik, mugimendu bortitzik ikusten. Baina garbi ikusten da torturatzen ari direla.

Sartu nintzenean, konturatu nintzen bazala telebistaren argiaz gain beste argi mota bat: irudi haiei begira, guztiz izututa, guztiz askatu ezinda zeuden lau lagun gazteren begiak.

Lehenengo burutazioa: joe, umeek sarrera debalde. Zertarako, beren azpikontzientean betirako itsatsita geratuko diren irudi hauek sari gisa jasotzeko? (irteeran ikusi nuen bazala ohar txiki bat kanpoan, artelan honen inpaktoaz ohartarazten: Cheiw txikle bikoitz baten azalaren tamainakoa ia ia, zeozer haundiago igual. Ondo antolatzaileok, primeran)

Nere laguntxoaren tokian ipini nintzen: argi gutxi zegoen eta, ez nion ikusten aurpegia, badaezpadaere, artelan ikaragarri hartatik libratzeko metodorik eraginkorrena erabili nuen:

Umorea. Zein bestela.

- Uuuuuuuuuuu! Eneeeeeeeeeee!! Gizarajo honi dentistak haginak ateratzen ari zaizkio. Eneeee!

Ateraldiak zeharo hipnotizatuta zeuden bi lagun erreskatatu zituen, parrezka hasi zirenak (euskaldunak, zalantzarik gabe) Beste bi lagunak kateatuta segitu zuten, begiak izoztuta. Han daude oraindik, apustu egingo nuke.


Larritasuna:


Luistxo Fernandez ez dator nerekin bat. Nik, zuen tokian, hari egingo nioke kasu, eta ez nere buruari: ez du alperrik Luistxok mundua konkistatu tagzaniarekin. Alde ederra, trapero zarpail honekin: nik dena den ondo ikusten det Guggenheimen argazkiak-irudiak ateratzea debekatuta egotea.

Artearen kontenplazioak isiltasuna eskatzen du, espazioa, begirunea; eta ez flashez, kamaradun mugikorrez, bideokamarez betetako txingurritegi bat:

- ai perdón, no me he dado cuenta! Sí, pasa pasa! Saca saca, no, sí, ya espero! Sorry, just a moment! Cinthya, smile please! Kepa, heu iritsi haiz japoniarra baino lehenago! Bultzaiok laostia! kamararen bateria gastatu baino lehen!

Kita kita.

Beste grazi bat ematen dio gainera debekuak museoari. Mundu guztiak nahi baitu, eta saiatzen baita debekuaren gainetik, argazkiren bat ateratzen museo barruan.

Gizakion eta ardien geneak, ia berdin berdinak baitira, museoko arduradunek badakite hori, badakite bisitari gehien gehienek hasieratik saiatuko direla argazkiak ateratzen. Jordi Serraren labirintoen barrunbeetan.

Horrela antolatzen dira zaindariak: hauetako bat dago lehenengo-bigarren labirintoaren barrenean, baina paisanoz. Esango nuke antzeman nuela zein zan: neska ilehori-kixkur bat, oso irripartsua, irripartsuegia. Egiaz, irriparre horrekin zera esaten ari zaizu ( aiiii, hain inozoa ez bazina!) Neska honek zaindari uniformedunari parte ematen dio, zeinek erabili duen kamara, nun daraman, eta hantxe azaltzen da uniformegorriduna arau-hausleak harrapatzera. Kamara kenduko die, plastikozko poltsa batean prezintatzeko (irteeran kenduko zaien prezintua).

Beren delitua ukatzen dutela? No problem. Ez dira konturatu, baina etengabe sapaian kamara batzuk argazkiak ateratzen ari dira, balizko bisitarien salaketak (museoko zuzendaritzari funtsik gabeko salaketak egiteagatiko salaketak) indarrik gabe uzteko.

Juten zeratenean, fijatu fijatu zenbat flash, zuen buru gainean.

Tira, nik ondorio hauek atera nituen behintzat. Pelikulero xamarrak, sinisgarriak, batek daki.

Hala ere, Patxi, nola geratu irudi batzuk atera gabe? Beraien segurtasun-sistima antzeman ondoren gainera?

Bideokamara atera eta irudiak hartzen hasi nintzen, disimuloz, kamara gerriaren alturan ipiniz. Sapaiko flashen eraginetik kanpoko guneetan.

Ai!

Agua! Agua!

Uniforme gorri bat!



Gogoratzen naizen bakoitzean! Hartu nuen sustoarekin, umetxoak bezela, kamara bizkarrean ezkutatu eta, harrapatuak izan ziren bi turista haien ondotik pasatzean, a ze larritasuna!

Ez bainaiz batere delinkuentea. Zer egingo zaio ba.

Ez gera perfektuak.

___


(jarraituko du…)

_________

4 comentários:

  1. Museoak beka bat pagatu beharko lizuke gutxienez.

    Edo kontratatu, eta sarreran abisua: 5 eurogatik, Patxitraperok erakutsiko dizu museoa.

    Txollo bat!

    xme

    ResponderEliminar
  2. Bai bai, neuk pe errepikatuko neuke bisita Guggehemeinera holako giakin. Birritan izan naiz neu han, behin museoa ezagutu eta erretratu margolanen bilduma bat ikustera (itzelezko inpresioa sortarazten zeben kuadro haretako errege, erregina eta bestelakoek; inbidia gutxi ematen zeben) eta bigarrena, askoz dibertigarriagoa: museoaren kanpoaldean jarri zitxusten koloretako kubo erraldoiak bisitatzera, gainera inauguraziorako gonbidapenarekin jun nitzan eta euskal sukaldaritzaren pintxorik modernoenak jateko aukera izan neban; gozo!

    ResponderEliminar
  3. joe patxi, hire laguntxoak gustoko ze lan izan zituen jakiteko irrikitan nagok

    aio!

    ResponderEliminar
  4. Xabier, zuk kontaktu onak dituzu seguro. Otoitz nere alde.

    Marijo, artea eta gastronomia nahasten direnean... Zu erdian...

    Satortzulo: ez dakizu ondo ze gauza itsusi, koloregabe eta sustantzigabekoak: hura kritiko ahalguztindun bati baino ezin zaio gustatu. Itxaropentsu nago, nere txikia sona haundiko artista izango da.

    ResponderEliminar