2006-05-13

Gomendio bitxi batzuk

Gaurko mezua karamelu bat da. Tira, karamelu bat izan daiteke gizonezko-emakumezko askorentzako.

Jolasgure pixkat. Zure barruko zirikatzailea esnatzea... Besterik ez da behar.

Gomendiorik goxoena emakumeontzako da ta, azkenerako utziko det; gizonoi eskeinitakoekin hasiko naiz. Ea ba.

___


Emakume bat daukazue aurrean. Hizketan ari zerate. Bien. Egizue gauza xinple bat. Begietara begiratu beharrean, eraman begirada pixkabat gorago, bere ilera. Adi adi geratu emakumearen ileari begira, alkarrizketaren erdian.

Emakumearen arabera betiere, baina askoren kasua baita; hogei minututik gora eman baititu etxetik irten aurretik, komuneko ispiluan bere kopeta aurreko ile-mototsa atontzen; berehala urdurituko da, eta esango dizu:

  • Zer? Zerbait daukat? Zerbait daukat?

  • Ez… - zuk. Ahal dan aurpegi xaloena ipini –

Hortxe ibiliko da gaxua, aztiarena egiten, ze ote daukan bere ileak, senak agintzen dion moduan hola edo hala ipintzen, buruan gordetzen duen ispilu aurreko azken irudi hartara ahal dan gehiena hurbiltzen.

Zu atzera normal.

Noizean behin…

Ttak! Begiratutxoa ilera.


________


Beste aukera bat – propio ahalegindu gabe berez gertatzen dana hala ere - hau da:

Banku batean eserita zaude, edo kalean zutik, egonean. Han dator emakume bat. Zure paretik pasa behar du.

Disimuloz beti, beti, baina begiraiozu ondo ondo goitik behera.

  • Akabo! – pentsatuko du emakumeak – Bere aurretik pasako naiz eta ipurdira begiratuko dit. Gizon guztiek bezela. Denek begiratzen dute ipurdira.

Ez du konszienteki pentsatuko – batzuetan bakarrik -. Bere barne-mintzoa da oihuka ari zaiona.

Zure paretik pasatzera doanean bere urduritasuna antzemango dezu, axal-axalekoa. Bere ikus-eremutik desagertzen zeranean berriz, “fotofinisharen marra” pasatzen duenean…

Ze ipurdi duen ez du inportik. Tira, beti inporta dezake, baina onen onena, egingo duen keinua :

Txaketari-alkandorari-jertseari-kamisetari ttak! beherutz tira egite hori bere bi eskuez-esku bakarraz.

Jantzia luzatu eta ipurdia nolabait estaltzea-erdiestaltzea posible zaionean, tira, orduan ere goxua, baina ai, zer izaten dan txaketa-alkandora-jetse-kamiseta motx bat duenean, gerrira iristen ez dana, ipurdia inola ere estali ezin duenean!

Delicatessen.

_______


Emakumeok, ez sumindu gero. Gizonak ere ahulak gera. Hain ahulak gera!

Badira tartean tartean lotsagabe hutsak, dana bost ajola zaienak, baina gehien gehientsuenoi, gauza berberekin hasten zaizkigu hankak dar-dar.

Istoriotxo bat kontatuko dizuet.

Nere herriko festak, duela urte mordoxka bat. Bidearen ondoan pareta bat. Koadrilan zazpi-zortzi bat lagun; Josune, bera neska bakarra.

Txixagurea etorrita, esan diet denei: ei, oraintxe noa e? txixa egitera noa horra.

Arrimatu naiz pareta ondora, belarrera, jetsi det bragetaren txortena, atera det txilibitua, hasi da jarioa… Eta parrastadaren erdian nagoela…

Hor etorri zait Josune. Ipini zait aldamenean, luzatu du besoa nere sorbalda gainera, begiratu dit aurpegira, nere aurpegi harritu-aluzinatura, eta hortxe bota dit, begirada pikaroa, orain aurpegira orain beheruntz sanosano eramanez:

  • Ke pasa Patxi! Ke andamos!

Han hasi da parrez lehertzen, Josune maitagarria. Nik ez dakit zenbat iraun dion parre-jarioak. Asko, pila bat. Zergaitia, ikusitakoaren inpresioagatik, egoeraren xelebreagatik edo beste arrazoiren batengatik, ez diot inoiz galdetu, ez diot inoiz galdetuko. Gauza zehaztugabeen atmosfera mugagabean galduko da.

Sekretutxoa hauxe da emakumeok: holako « ekintza » baten aurrean, gizonok ez gera inoiz hasarratuko, ezin gera inola ere hasarratu, gure rolla bete behar baitugu zintzo-zintzo. Holako gauzetan zuek baino naturalago-ajolagabeago gerala sinistaraztearen rolla.

Ez didazuela sinisten ? Ez zeratela halako zerbait egiten ausartuko ? Tira. Aldamenean jarri gabe ere, eskua gure sorbaldan pausatu gabe, ezustean gure aurrean ipinita nahikoa da.

Txixaerrekaren erdian harrapatuta, lotsagorritu eta txixa-jarioa eteten duen gizonaren ikuskizuna baino parregarriagorik, ba ote dago?


_______



Bitxia da, baina egia borobila da, emakume batek, gizon batek ez bezela, nekez etengo duela bere txixa-jarioa. Gu baino askoz naturalagoak zeratela.

Nahiz txixa egiten ari dan emakume baten ikuspegia, mundu honetako gauzarik xelebreenen artean egon...




_

2 comentários:

  1. Oraindik ez naiz ausartu hori egitera baina beharbada arrazoi duzu ;)

    ResponderEliminar
  2. Nere lagun Josunek bezain ondo pasatzen badezu behintzat, mereziko dizu probatzeak!

    Aupa Elena!

    ResponderEliminar