2006-06-02

Hain gertu, hain urruti

Asko idazteak zera dakar: batzuetan oso itxura politeko esaldiak irutea. Duela gutxi atera zitzaidan hau, esaterako:

“Bizitza: kasualitatez betetako sare bitxi hori…”

Kasualitateak nahi izan zuen hain zuzen, biak, izarra eta satelite galdu hau, konstelazio berean topo egitea.

Destinua.

Idatzita dago? Ez nuen uste, baina badirudi baietz. Zergaitik sartu nintzen bestela egun hartan bera zegoen egoitza hartara, eskubiko atetik? Ordurarte beti, salbuespenik gabe, ezkerrekotik sartua nintzenean?

Ezkerrekotik sartu izan banintz, beti bezela, berarekin tupust egingo nuen. Hantxe izango nuen, ondo-ondoan, aurre-aurrean; hantxe baizegoen bera, ilaran jarrita, atearen ondoan.

Hauek gerta zitezkeen, beste askoren artean, egun hartan ezkerreko atetik sartu izan banintz:

a) Bere edertasunaren indar zentripetoak ni xurgatzea.
b) Ni zeharo estatiko bihurtzea haren begiradaren menpe, nola txoria sugearen aurrean.
c) Zorabiatzea. Benetan zorabiatzea, edo inspirazio momentu baten ondorioz bestela, esaldi honekin lagunduta: - Estitxu, zabaldu besoak faborez, flakiak hartu nau ta -
d) Betirako hiztotel bisilabiko geratzea: Esti, Esti, Esti, Esti, Esti…
e) Beste batzuk.

Baina ez ba, eskubikotik sartu nintzen, beste pasilo batetik, eta abiatu nintzen mantso mantso nere aurretik sartua zan lagunaren ondora, barrukaldeko hall moduko batera.

Harengana heltzear nengoela, segituan igerri nion zerbait gertatzen ari zala, parre-sueltoan ari baitzan nere lagun arraiua:

- Patxi
- Zer? – nere artean: honi haundiren bat pasa zaio. Ez da parregure soila, honi izugarriren bat pasa zaio -
- Ez dakizu zein dagoen zure atzean.
- Zein? – nere artean: ezta aitasantua ikusi balu ere –
- .... Pausa txiki bat, albisteari merezitako dimentsioa emateko....-
- Estitxu Fernandez !

Nere lagun hau ia nere burua baino lehenagotik ezagutzen baitet, momentuan jakin nuen benetan ari zala. Estitxu nere atzean zegoela. Nere atzean zegoela. Nere atzean zegoela…

Burua nola jiratu nuen, ze mugimendu kadentziarekin, ze abiadarekin, ze zentzu atenporalarekin, nik bakarrik dakit, burmuinean zizelkatuta daukat.

Hor dago.

Tira, eskerrak, maitemin itsurik ez. Alegia, ez zan bapatean mundua desagertu, hotsak oro, pertsonak oro, bera erdian, bera baino ez.

Hantxe zegoen baina bera, Estitxu, bere liluragarritasuna, sorgintasuna, maitagarritasuna gainean zuela. Ez beste ezergaitik, hantxe zegoelako baizik, neregandik hogei metro exkaxera.

Bi begi, txotxak bailiran nere lepazurrean iltzatuta: nere laguna, alkandoratik tiraka, sekulako irrikaz:

- Zer egin behar dezu? Zerbait esan behar diozu? Zerbait esan behar diozu?
- Ee? – nik –
- Jun behar dezu berarengana?

Hiru segunduko pausa…

- Komunera noa.

Hantxe abiatu nintzen pasilo luzean aurrera. Pisuzko arrazoi batengatik: txixagurea neukan.

Ez dakit gainerantzeko generokideoi, gizonezkooi alegia, halakorik gertatzen zaizuen, ez naiz kontu honetaz sekula galdezka hasi; baina neri, momentu transzendentaletan, transzendentziaren tipologia edozein dala ere, oso gauza bitxia gertatzen zait:

Nere txilibituak ostrukarena egiten du.

- Zuuuuuuuu! Kobarde!! Atera hortik!

Ez zan atera. Ikara edo, nere garunak askaturiko hormona berexiren bat edo, ba al dakit nik zer dan. Behartuta atera nuen, eta ipini nuen txixa-eginean.

Pentsatzeko betatxoa eman zidan:

Zer egin?

a) Autografo bat eskatu? Keba, nere printzipioen guztiz kontra doan zerbait da. Fetitxismoa? Nere adinean?
b) Bere ondora hurbildu, eta ilaran bere atzean dagoenari hau esan:
- Aizu, zure kotxea ez al da berdea?
- Ez, gorria da.
- Ai, barkatu, daltonikoa naiz eta. Gorria gorria bai. Ez, zeragatik da. Lehen kotxetik irtetzen ikusi uste izan zaitut… tipo bat zebilen zure tapakubosak askatzen oraintxe oraintxe. Uste det zure kotxea zala.
Ziztu bizian irtengo zan, eta utziko zidan bere lekua. Neretzako. Bere ilea, nere sudurretik hain hurbil. Bere silueta, nere eskuetatik hain eskura. Bere lepoa, nere ezpainetatik hain…
Hain ezer ez! Eta tipo hura oinez etorri bazan?
b) Berarengana jun, eta pelikula batetik ateratako pasiozko muxu bat eman? Dentistak hain garesti ez baleude sikiera...

Hallera itzuli nintzan. Hantxe segitzen zuen. Nere zalantza-malantza bezelaxe, hantxe.

Begira geratu nintzaion, adi adi. Nik uste det konturatu egin zala, mozolo bat zuela begira. Mozoloetan mozoloa.

Etsipenez betetako mozolo bat:

- Etsi zazu Patxi. Ez zaitu ezagutzen, ez dizute aurkeztu. Ez balego bezela, antipodetan balego bezela da. Konbentzionalismorako aukera ere ukatua dezu: ezta “kaixo Esti! Zer zabiltza ba hemen?” triste bat; ezta buruarekin agurtze lotsati bat…

Norbait begira zuela konturatu ez bazan, bai iritsi zitzaion seguru, inolako zalantzarik gabe, etsipen laino lodi bat, nere inguruan sortu zana, kafetegira bidean.

Hura tristura. Ezin bizi minutu batez aurrean izateko gozamena.

Gozatuak, maitatuak izan gabe, betirako ihesi doazen une itzulezinak…

Hain gertu…

Hain gertu, eta hain urruti…

_________


Kontsolamenduaren txanda:

Tira, Bertatik Bertara geratzen zait. Kristal baten atzean bada ere, hortxe izango det, astelehenetik asteazkenera, saskibaloi partidarik, futbol partidarik, su-etenik, Azoreseko hurakanik iragartzen duen azken-uneko albistegirik ez dagoenean…

Eta bloga. Bloga ere geratzen zait. Total…

Ibarretxek, Argiñanok, Bernardo Atxagak, Xabi Alonsok, Markos Zapiainek eta beste dozena pare bat lagunek kenduta, zeinek irakurtzen du nere bloga?

Hau plaza txikitxoa da. Aska dezaket lasai nere lilura…

_____

6 comentários:

  1. Txo, suspensearen kontua gero eta hobeto manejatzen duzu, zelako nerbioak istorioa nola amaitzen den jakiteko. Dena den, detaile batek nauka larri... Garbitu al zenituen eskuak txixa eta gero? Diot, badaezpadan, Estitxuri eskua eman behar bazenion-edo... ^_^

    ResponderEliminar
  2. Ai, Patxi, Patxi...
    Cyrano Bergerac-ekoaren antz gero eta handiagoa duzu. Espirituan, diot.
    Ni E.F. andereñoa banintz, zure besoetara jausiko nintzateke, behin bada ere, proba egitearren.
    Ez naiz ordea.

    xme

    ResponderEliminar
  3. Aspaldian irakurri barik, baina betiko moduan trinko ikusten zaitu. Aitetsunak oraindino samurrago irauli ? Arretik zorinak zabaldu duzuen ate barri horregaitik, seguru bertatik bizitzak beste irudi bat opatuko dautsuela; duda barik mila bider ederragoa. Besarkada bat amari.

    ResponderEliminar
  4. Jozulin, tunante, nola ausartzen zera higienea poesiarekin uztartzen?

    Ni ostrukarena bezelako metafora zoragarriak erditzen, eta zu...

    Garbitzen al dituzu zuk? ;-)

    Xabier, eskerrikasko Cyranoren antza pixkat hartzeagatik. Entziklopedia zahar batean bilatu det laburpen txiki bat Cyranori buruz: azkarra, bihotz haundikoa eta ausarta izan zala zioen.

    Gaur poz-pozik noa ohera!

    Meritxu, nere gipuzkerak nahastu zaitu pixkat beharbada. Ez naiz aita izan, hori beste Patxi bat da, Patxi Lurra! Ahuntzaren eguerdiko doministikua blogaren egilea, Pelloren aita hain zuzen.

    Hala ere, aupa Meritxu! hemen segitzen det bai, burua ideiez eta gogoz gainezka.

    _

    ResponderEliminar
  5. Ez da zure gipuzkera izan nahastu nabena, gauzak behar dan moduan ez irakurtzea baino, Patxi bat aita izan dala eta, esandakoari kasu handirik egin barik zorionak bota. Dena den Patxi bat izan zein beste bat izan zorionak aita-amari. Banengoen ni, ba, ez zala oso amitidue aita barri bat neska eder bategaz, Estitxu lako bategaz ahin zuzen, holako kaleanterietan ibiltzea.

    ResponderEliminar
  6. Meritxu, presak ez dira bidaide onak eta, lasaiago bizi! ;-)

    Kalentarietan... Zer ote da hori? Galanteria, kalentura...?

    Edonola ere, Meritxu, norbaiti diozun lilura aitortzea ez da urtaroaren edo egoera zibilaren araberako gauza, ez nere kasuan behintzat. Nik sentitzen ditudan gauza politak esateko joera daukat betidanik - batere zabaldua ez dagoen joera -.

    Ezagutzen nautenek badakite eta, ez dira asko bildurtzen.

    ResponderEliminar