2006-07-18

Udako postalak (III)

Oporrak irakurketarako garai aproposa dira. Ohizkoa izaten da horregatik, oporraldi bakoitza liburu jakin batekin gogoratzea. Nik Tarragonako egonaldi hau, liburu batekin lotuko det beti :

Markos Zapiain. Errua eta maitasuna.







_____


Igerilekuan:


Hoteleko piszina txiki borobilaren inguruan, ez ginen udatiar eguzkizale asko sartzen. Hogeitamar-berrogeiren bat asko jota.

Piszina saioak luzeak izaten dira. Goizean lortutako hamaka altxor preziatua da, ezin da hola eta hola abandonatu. Horregatik, eguzkiaz asper-asper egindakoan – orduerdira gutxigorabehera – ezinbestekoa da zerbaitekin entretenitzea, begirada nora edo hara eramatea.

Zure piszinakideen altzora, nora bestela.

Gauza jakina da piszinazalea ezin dala edonola aurkeztu igerilekuan. Badaki bere piszinakideak begira izango dituela goiz guztian. Oso garrantzitsua da bikini-bainujantzi egokia aukeratzea, toalla ikusgarria, modako konplementoak… Eta norberaren esentzia ondo islatuko duen liburua aukeratzea, garrantzitsuena.


Zergaitik azal hau, eta ez beste bat?


Neska ileluze eder batek, biluzik, liburu haundi bat eusten du.

Markosi bururatu zitzaion ? Beharbada Markosek beste zerbait nahi zuen, baina Xabierrek gauza salgarriagoa, erakargarriagoa behar zala ta, honek erabaki zuen azal hau izatea?

Modu batera zein bestera: bikaina aukera.

Igerilekuko gizasemerik erakargarriena, neu nintzan.


Errua eta maitasuna


Gai asko jorratzen ditu Markosek liburu honetan: bizitza, erlijioa, politika, maitasuna… Nahi adina izenburu aukera zitzakeen. Horixe aukeratu zuen baina:

Errua eta maitasuna.

Nik ez beste norbaitek liburu hau izan balu, jakinminak erotu egingo ninduen. Zein da liburu horren jabea?


Igerilekurako liburu egoki-egokia


Ni traperoa naiz. Kontuak atera: ez det Bernardo Atxagaren liburu bakar bat ere irakurri oraindik. Horregatik, ezjakina ni, liburu hau, tarteka, gogorra egin zitzaidan. Baso itxia. Zenbait pasarte hiru edo lau aldiz irakurri beharra…

Baina…

Markosen hitzetan: “irakurleak garbi izan behar du bere tokia ohea dela, bere jarrera etzana eta bere arimaren egoera estasi haluzinatua”

Nere tokia hamaka zan. Nere jarrera etzana, eta nere egoera…

Zenbait pasarte ulertezinen erdian, begirada liburutik altxatu, eta begiak eta arima lasaitu, honen edo haren bikinian, ezbikinian, riñoneran, hazkazal pintatuetan…

Buelta liburura. Estasis haluzinatutik, estasis haluzinatura.


Liburu magikoa


Bai neretzako. Baso itxitik atera eta argiunera irtendakoan, bereziki aztoratu nauten pasarte asko aurkitu ditut: hainbat alditan egindako gogoetak, ezin egokiago idatziak. Nik susmatu bai baina gauzatzeko gauza ez nintzen ideia edo kontzeptuak, bertan argi-argi adieraziak.

Nik behar nuen liburua. Benetan neretzako propio idatzita dirudien liburua.


Negar ere bai


Jeniala da Markos umorea egiten duenean. Zenbait pasarte irakurtzen, malkoa irten zitzaidan.

Pisznakide batek baino gehiagok pentsatuko zuen ni ez nengoela nere onean, “errua eta maitasuna” izenburu duen liburu bat irakurtzen nola egon daiteke parrez lehertzen pertsona…

Eguerdiko eguzkiaren eragina edo...

Bai zera. Euskal-Herriko umorerik bikainena bertan.


Dragon Khan


Gogoeta soil batek, bizitza erabat alda diezazuke. Lehen modu batekoa zinan, eta orain beste batekoa, egun batetik bestera.

Bizitzan zenbait alditan gertatu zait. Gogoeta berri batek bizitza aldatu dit. Hobera beti, zehaz dezadan badaezpadaere.

Liburu honetan nik nere barruan nuen sentipen bat, gogoeta bat, bat batez ere, aurkitu nuen idatzita:

ZORIONAREN BILA
Seneka, bizitzaren laburtasunaz


Ez noa kapitulu honetakoak hemen idaztera. Senekak esan zituen, Markosek gehiago zabaldu, nik nereak eginak nituen aspalditik.... Idatzita ikusteak ordea, nere barruan gogoeta hauei zerien zalantza hondarra ezabatu zuen, kolpe batez.

Pusketatxo hau bai, hauxe bakarrik:

"Naturarekin ados bizi beharra dago Senekaren ustetan: dagoena onartu, patuak dakarkizunaren aurrean arima nare atxiki. Izan ere, patua onartzera, lasai eta goxo eroango zaitu; ez baduzu onartzen, aldiz, dandarrez."

Nere bizitzan lehenengo aldiz, holako barraka bildurgarri batean bildurrik ez. Lasaitasun itzela. Behin eta berriz ibiltzeko gogoa.

Ez dakit hemen aipatzen dedanagatik izango zan baina, badaezpadaere...

Eskerrikasko Markos.

Aspaldi inori abestirik eskeini gabe, hauxe zuretzat.

Autopistako Restop batean, Fragakoan, entzun nuen lehenengo aldiz, asko gozatu nuen. Udako beste postal bat, ez ahazteko hemen jartzen dedana, eta danontzako erakusteaz batera, zuri, eskerronez, eskeintzen dizudana.

Andres Calamaro
Nostalgias














Ttak: , , , , , ,

1 comentário: