2006-08-29

Laranja erdiak

Atzo pelikula erromantiko bati begira egon nintzan. Gaia zera zan: ezkontza egunean senargaia desberdinei planto egiten dien neska baten
istorioa…

Bikotekide perfektua
azaltzen dan arte.

Ai, pelikula erromantikoak, ze politak diren. Ze borobilak, ze akasgabeak, nola hunkiarazten zaituzten…

Eta ze kaltegarriak izan daitezkeen! Halako istorio-perfektu-akasgabeak gertatu gertatzen direla itsu-itsuan sinistu ezkero.

A, baina… Ez al dira ba gertatzen?

____


Bazuen bere mamia pelikulak. Pasarte bat hartu nuen gogoan. Zera zioen Richardek: jendeak nahastu egiten dituela erakargarritasuna, eta egokitasuna. Hau da, bikote bat, pasioaren gatibu – zorioneko gatibu – bihur daitekeela, fletxazoaren loteria tokatu dakiokeela, baina horrek ez duela esan nahi bikote horrek etorkizunik izan behar duenik alkarrekin segi ezkero. Ez daukatela zertan bata bestearentzako eginak izan.

Bikotekide perfektua. Danari izena ipini beharra: Maitasuna: muga honetatik, muga honetara. Nere bikotekidea: izenondo hauek izan behar ditu, inola ere ez beste hoiek…


____


Nola jakin asmatu degun gure bikotekidea aukeratzen? Hoberik aurki nezakeen, ala bera da, neri dagokidana? Egia esan, probabilitateek gure bikotekidearen kontra, geronen kontra jokatzen dute. Milaka eta milaka aukeren artean, bataren, bakar baten aldeko apustua egitea bezela litzateke.

Egokitasuna. Ez da erantzun zaila duen galdera, nere ustez. Begiraiozu momentu batez zure lagunari: gustora sentiarazten zaitu? Betetzen zaitu? Ze ajola dio, besteren batekin hobeto egon zintezkeenik? Zure laranja erdia esistitu, esistitzen dala onartuta ere… Ze mesede egiten dizu zuri zure laranja erdiak Torrelavegan, edo Zimbawen, edo gertu egonda ere, Aizpurutxon dagoela pentsatzeak?

Noizpait norbaitekin bizitzeko ilusioa dezun horri:

Zure laranja-erdi horren zain zaude? Zein da zure aukera, amets horren zain egotea? Eta bitartean? Zain? Geldi, mutu? Bakarrik…?

Zitrikoak alde batera utzita, ondoko horri, ondo sentiarazten dizun horri heldu, ezinezkoen zain egon gabe.

Zenbat iraungo duen, usteak erdia ustel izango diren… Nola jakin, probatu gabe?

Pelikulak, etxeko sofan, igande arratsaldeetan. Bizitzak ez dizu rewind egiteko aukerarik eskeintzen.

____

4 comentários:

  1. Hortxe dago koxka bai, Patxi:

    Erakargarritasuna, egokitasuna,... ta zaila da oreka.

    Betetzen zaituen norbaitekin zaudenean, beste inorrekin ez fijatze hori, ez dakit ba nik. Disfrutatu behar da duzunaz, baina aterik ez itxi, badaezpada.

    ResponderEliminar
  2. Hain zuzen, pelikuletako amets erromantiko horrekin tematuta bizi danak, ez du zuk diozuna onartzen. Ate guztiak itxita behar dute, behar dezun guzti-guztia, berak ematen baitizu.

    Halakorik bada? Nik benetan uste det ezetz. Ez dago erabat betetzen zaituen pertsonarik. Bolara batean beharbada. Bizitza osoan zehar...

    Oreka. Hitz polita benetan.

    ResponderEliminar
  3. uste nuen pelikula hori ikusten egon zen bakarretakoa izango nintzela. Hainbestetan jarri dute pelikula hori telebistan... eta nere etxeko hiru emakumezkoak horri begira. Zer erremedio. Horrelako gauzak pelikuletan bakarrik gertatzen dira, eta ikusteko aprobetxatu behar. jajaja

    Nik ordera Richard-ek esan zuen beste zati bat daukat gogoan. Batzuri tontakeria irudituko zaie agian, baina niri, egia borobila iruditzen zait. Benetan maite duzun pertsona bati esateko gauza bat, dudarik gabe. "...momenturen batean biok dena uztekotan egongo gara...baina halere nere ondoan egoteko eskatu behar dizut...." edo horrelako zerbait zen. Ez al da polita? polita edo ez, norbaitek benetan esateak dauka balioa. bestela ez du balio.

    Horrelako pelikulak ikusteak ez dakit onik egingo ote digun... jajaj

    ResponderEliminar
  4. Itziar, bi aldiz errepikatu zuten eta, neuk ere jaso nuen. Halako zerbait zioen: "egunen batean dana uztekotan egongo zera, edo ni egongo naiz, edo biok, baina oraintxe bertan eskatzen ez badizut nerekin ezkontzea, ez diot nere buruari barkatuko sekula" antzeko zerbait.

    Onik ez dute egiten, orokorrean. Nik areago esango nuke, kalte izugarria egiten diotela askori. Baina denborapasa gisa, ni banaiz zalea, bai horixe. Gustora egokituko nintzateke zuon hiruon artean sofan, eta pasako nizkizueke klinexak.

    ;-)

    ResponderEliminar