2006-08-23

Udako postalak (VIII)

Zergaitik egoera batzuk, momentu jakin batzuk bihurtzen diren bereziak, ahaztezinak, zergaitik hoiek hain xuxen eta ez beste batzuk, misterio bat da, baina Tarragonako bidaiatik, bi erreskatatu ditut; seguruaski ahaztuko ez baditut ere, idatzita gorde nahi ditudanak.

Beste asko izan zitezkeen, baina hauexek ekarri ditut.

Neska erromatarra

Bazegoen bazkaltzen genuen tokian, zerbitzari bat, asko gustatzen zitzaidana. Fisikoki alegia. Ez nuen harekin hitzerdirik esan. Ez zan guapa hoietakoa, baina ikusgarria zan. Morena-morena, begi beltz-beltzak… Lerdena, oparoa, alaia, indarrez betea… hemezortzi bat urte izango zituen, baina hogeitazortziren plantakoa zan.

Bi gauza zitzaizkidan bereziki erakargarri neska honengan, lehen aipatutakoez gain: bere betaurrekoak, moda-modakoak, desafio-aire bat ematen ziotenak, eta goma baten laguntzaz apain-apain eta tente tente erakusten zuen mototsa, kiribil ttentte-ttentteak zintzilik zeramatzala.

Erromatarren garaiko izaren moduko soinekoz imajinatzen nuen jantzita, bazkaltzen ari nintzala, piper berde eta izokin artean…

Ederra.

Ba… behin tokatu zan, platerak eta biltzen ari zala, justu nere atzean tokatzea, nik jakin gabe. Beste zerbitzari batek deitu zionean. Nik burua jiratu atzera… Eta han ikusi nuen nere gainean, algara batean: bere hortza zuri-zuriak…

Eta orka batena iruditu zitzaidan aho ikaragarria.

Persektiba kontua zan. Ez zeukan berez aparteko aho haundirik.

Atzera erromatarrez jantzita imajinatzen segi nuen, gozatzen eguerdiro bera ikuste hutsarekin… Baina…

Amonatxoa eta musikaria

Banoa hondartzatik hotelerantz. Hondarra oinazpiak kixkaltzen. Beroa motxila pisutsu baten tankeran nere soinean…

Bapatean, saxofoi hotsa. Mutil bat ari da balkoi batean saxofoia jotzen. Bere aldamenean, honen ondo-ondoan, ondoko balkoian, haize-errotatxoz bete-betetako balkoi batean, amonatxo bat, mutilari entzuten…

Hunkituta, besoa laztantzen dio. Mutilak jotzeari utzi gabe.




Ttak: , ,

____

Sem comentários:

Enviar um comentário