2006-09-08

Ausartak

Telebistari begira nago. Julen Madina ari da hizketan. Zergaitik dan ezaguna gauza jakina da: jendeak miretsi egiten du. Ze adorea duen! Zezenaren aurrean jartzea ez da broma gero.

Duela bi edo hiru urte, zezenak harrapatu zuen, heriotzari aurpegia ikusi zion: gloriaz bete zan, inoiz baino gehiago.

Zer da baina San Fermineko entzierroa hain erakargarri egiten duena?

Mamia, jendeak bilatzen duena, ez da zezenak korrikalariren bat harrapatzea: zezenak norbait hiltzen duenean ikusleak gaizki pasatzen du, desosegu haundia sentitzen da. Beste zerbait da bilatzen deguna:

Heriotzari egiten zaion desafioak sorgintzen gaitu. Korrikalariak heriotzari botatako enbidoak.

Gehiago edo gutxiago, era batera edo bestera, heriotza bizkarrean atzetik segika degula bizi gera: gozatu egiten degu, lasaitu egiten gera gure arteko norbait, korrika aldegin ordez, haren bila dijoanean, desafio egiten dionean.


____


Alpinista euskaldunak. Ia urtero hiltzen da goi-mendietan alpinista euskaldunen bat. Han goian geratzeko arriskua haundia da.

Zer miresten degu? Ez hainbeste kirola, hara gora igotzeko ahalmena, baizik eta “ausardia”. Heriotzari egiten zaion desafioa.

Juanito Oiarzabal nagusi. Bera da, hala diote behintzat, burugabeena, lotsagabeena heriotzaren aurrean. Hari gehiagotan ihes egin diona.

____


Beste “ausart” batzuk:

Zain geratzen zera, lehenengoa noiz azalduko. Sarri egiten dezu topo eurekin, kalean zoazela. Errobotak dira, etengabe herriari bueltak ematen dabiltzan lagunak. Herri guztietan daude.

Beste batzuk etxean gorde ziren, urte batzuk badira. Edo kalean dabiltza, baina gordeta baleude bezela. Medikamentuek eragindako kamera geldian bizi dira.

Kontatzen hasten zera gero heriotzak eraman zituenak, saio bat egiten dezu: izutu egiten zera zerrenda noraino luzatzen dan ikusita.

Gaindosiak eramanak, gaixorik hildakoak, beren buruaz beste egindakoak…

Eta eraildakoak.

Askotan egiten dan galdera da, nola leiken drogak hartzen hastea, hainbeste jendek bere bizitza – eta ondokoena – hondatzen duela kontutan hartuta, gertatzen diren tragediak ezagututa.

Arazoei ihes egitea, beste izaera alaiago batez mozorrotzea... Ez da hori bilatzen dan sari nagusia. Benetan betetzen duena, besteen onespena da. “Ausarta”ren etiketaz jantzita jutea:

“Ni banaiz nor, ezbeharrari, heriotzari aurre egiteko. Badakit mendean har nazakeela, baina ez da nere kasua:

“Nik kontrolatzen det” “Nik badakit” “deputamadre nago”

Deputamadre nago…


____

2 comentários:

  1. Goizeko ordubatak eta 3 minutu eta Potxolo bezala nago, ileari atzera, sudurrari gora, matrailezurra kanpora ta begiak orbitan. Ta hori te berde bat bakarrik hartu dudala (yinsenarekin hori bai).

    pd: Ez nekien drogatzen zinenik! Animo! Ez zaude bakarrik eta!

    ResponderEliminar
  2. Balaklaba, oraingoan ez dakit nundik heldu zure erantzunari. Esango nuke, mezua oso ondo ulertu dezula, eta zure ohizko txindataz ari zerala, bihurria zu, baina zure te berdean disolbatzen da nere ulermen-ahalmena, oraingoan.

    Drogatzen naizen? Ez. Drogatu izan naiz, aspaldi-aspaldiko kontuak dira. Orain berriz bizitzak zaplasteko bat eman dit, begiak zabalduarazi dizkit. Gizarte hau ze itsu dagoen, ze gaixo dagoen, hausnarrean nabil etengabe, zaplasteko horren kontura, egun batzuk badira.

    "Deputamadre nago" esaten entzun nuen azken lagun "ausarta", oraintxe inork nahi ez lukeen tokian coca-tuta dago, eta hark zeramatzan kateak, maite zutenek daramatzate orain, seguraski betirako.

    ResponderEliminar