2006-09-18

Borraska

Gogoratzen dituzue, noski, komikietan hasarre dauden pertsonaiei ipintzen zaizkien hodei beltzak. Ba holakoxe batekin abiatu nintzen ni Alicantera, orain astebete.



Borraska bat daukazunean buru gainean, alperrik jungo zera urrutira, bilatuko dituzu basamorturik lehorrenak, klimarik idorrenak. Hodeia hortxe izango dezu etengabe lagun, buru gainean.

Zure arazoen dimentsio eta ezaugarrien arabera, egun gutxi batzuk egingo ditu zurekin hodeiak; edo egun gehiago; edo egun guztiak.

____


Horregatik beharbada, tximini baten barrukaldea baino beltzagoa neramalako gogoa, gehiago fijatu naiz oporraldi motx hauetan bide bazterrean zeuden landare eta zuhaitz ihartuetan, lehorteak, bero jarraituegiak, edo auskalo zerk ximelduak; gehiago bildurtu nau, kostaldeko errepideen trafiko etengabeak. Ehun kilometrotan, bi norabideetan, kotxeak eta kotxeak, milaka, ehun milaka, lau ilaretan, ziztu bizian, tarterik gabe alkarren artean…

(Txingurri ilarak dirudite, kotxe ilarek: Tia Mariajesusek txingurri arazoak ditu. Aurrekoan sofa-gaina konkistatu zioten. Begiak beren zuloetatik aterata zituela, Raid-a atera eta bertan akabatu zituen. Fxxxxxzzzzzzzzzzzz!!!

Kotxe ilarekin gogoratu nintzen)

Begietako sekulako mina eragin dit berriz, Alicante inguruko kaos urbanistikoak. Mendialdean urte gutxitan egin dituzten urbanizazio erraldoiak. Lehenagotik egindako delitu barkaezinak: barrakoiak itsaso ondoan. Raskazielos karratu ezin itsusiagoak… Etxe ertzdunak itsaslabarretan…

Bale! - Esan nuen - Patxi, bale! Hondartzan etzanda nengoela.

Ea, izan gaitezen eraikitzaile: fiskala giltzapean sartu, deitu abokatuari:

Hondartzan zaude Patxi. Haize fina dabil. Eguzkiak gozo-gozo laztantzen dizu gorputza. Zertan ari zera pentsatzen? Lehortea dagoela? Irailean zaude ta, zer espero dezu ba. Kotxe gehiegi? Batere ez izatea ona ez da ba! Kaos urbanistikoa? Etxe gehiegi? Ez al zaizu bururatu, zeu izan zaitezkeela egunen batean, etxe hoietako baten jabe, Euskal-herriko hezetasunaz ihesi, erreuma arintzera bertara jundakoa?

Fiskala ate-joka hasi zan, purrustadaka, erantzuteko txanda eske, baina ez nuen atera. Abokatuak esandakoekin geratu nintzen, pakean, etzanda, eguzkia laztan egiten nuela… Nere jubilazio paketsu eta eguzkitsua imajinatzen…

Ez nintzen konturatu guztiz inguratuta nengoela: 4 x 400 laisterketa bat bailitzan, baten atzetik bestea, toki desberdinetatik, itsasoaren orroak inola ere estaltzen ez zituen ahotsak:

- Pues sí chica, me han dado la quimio, y llevo ya seis meses, que estoy hecha un trapo.
- Ah sí? Pues para la quimio no recomiendan el sol.
- No me digas.
- Yo llevo la misma faja que cuando me vaciaron.
- Yo no me levanto a orinar en toda la noche, sólo bebo agua a la mañana, bueno, y un poco para las pastillas.
- Pues mi tensiómetro es una maravilla.
- Mi hermano, mi mujer y mi cuñada, todas con sintrón. Es una lata, chica, pero Ya hay cosas peores. Una prima-hermana de mi marido…

Burua besoez estali nuen, bonbardeoaz babestu nahiean.

Gizarajoa.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário