2006-09-05

Udako postalak IX

Azken opor hauetako momenturik politena beharbada, - edo beharbada gabe - , Txu-Txu tren baten barruan gertatu zan.

Umeei bertan ibiltzeko kapritxoa jarri zitzaien, ez edozein garaitan, baizik eta azkeneko bidaian. Gaueko hamaikak inguruan. Ordubeteko bidaia.

Trenaren barruan, lau katu: atze atzean, familia bat, tristura eta asperduraren ordezkariak planeta honetan.

Trenaren Aurre-aurrean berriz, gu, euskal ordezkaritza: gipuzkoarrak, eta opor hauetan lagun egin genituen lagun bizkaitar batzuk, ezin jatorragoak.

Apenas jenderik kalean. Trafikorik ere ez. Txu-txu trenaren hotsa, kalean bakarra. Hura eta… Gurekin zihoazen bost umeena, emozionatuta, aho batetik oihuka:

- Adeuuuuuuuuuuuuu!!!!!!!

Oinezko bat nun ikusi, danak batera zutitu, harengana edo haiengana zuzendu, eta hantxe danak batera, besoak astinduz, ezin irripartsuago:


- Adeuuuuuuuuuuuuuuuu!!!
- Bona niiiiiiiiiiiiiiiiiiiiit!!!


Jendearen erantzuna? Hamarretik bederatzik, parre. Haiek ere besoa luzatuz: “Adeuuuuuuuuuuuuu!!!”

Muxuka ari zan bikote bat, adeu esaten besoa luzatuz parrezka, muxu emateari utzi gabe; kale iskinean eserita zeuden afrikarrak, beltzaren gainean hortza zuri-zuriak, parre eta parre; senar-emazteak, beren zilar-ezteietan, iluntzeko pasio erromantikoa erromantikoago bihurtzen, adeuuuuuuu!!; diskotekako gorila, beltza bezain gihartsua, berak ere badu bere bihotz haundia, adeu!; zaborra botatzera jetsitako etxekoandre erruloduna, adeuuuuuuuu!! Zaharrak eta gazteak, errenak eta zuzenak, iharrak eta gizenak…

Kale hoiek ez dute halako alaitasunik somatu, egin zituztenetik sekula.

Gizakiarengan esperantza pizteko moduko estanpa xelebre zoragarria.

Jhon Lenon bizi da!



____

Sem comentários:

Enviar um comentário