2006-09-21

Ziber-aretoan

Elektrizitate estatikoa daukazu? Merkatalguneetan karrotxoarekin zoazenean kalanbre ematen dizu askotan? Lasai. Horrek badu soluzioa. Zientzia kutxagunean esan zidan hango mutil batek, nahikoa dala horretarako noizean behin mendian hankautsik saltoka ibiltzea.

Zer egin ordea, zure barruan egoera xelebreak erakartzeko indar ezkuturen bat badaukazu? Nola libratzen da bat holako energia bat izatetik?

Gauza benetan xelebrea gertatu zitzaidan, beste bat, Alicanteko Ziber-areto batean.

_____


Ziber-aretoek badute beren xarma. Lokutorioa ere baldinbada, NBE(ONU)ren kafe-makinaren ondoan zaudela irudituko zaizu. Kolore guztietako gizasemeak, bakoitza bere kabinatxoan sartuta, orduak eta orduak 8000 kilometrora dauden beren senideekin hitzegiten. Dramak gustokoak badituzu, erne egon, noiz irtetzen diren. Bata pozez txoratzen, bestea hasarre, hurrengoa negar antsika… Askotariko emozioak, ordenagailu-orduaren prezioan.

Errukarria zu, hori bai, eskola-umeek batera jutea erabaki duten ordua aukeratzen badezu. Ziber-aretoko zaindariak ezin ditu kontrolatu, eta komeni ere ez gogor egitea, orduko 2 euro uzten baitituzte, eta dozenaka juten baitira! Joko biolentoetan ia beti, Robo-Cop bera dardarez ipiniko lukeen giro odoltsua harnasten da bertan:

- Mataloooooo! Matalooooo!!!
- Va chaval! En cuanto pueda le saco las tripas y me hago un collar con ellas!
- Saca el misil, y así te cargas a 20 de un golpe! Lo malo es la sangre. No ves nada hasta que pasas de pantalla!

Nik entzun nituen batzuk, Alicanteko lehenengo hartan.

Eskerrak beste bat aurkitu nuen ezustean, etxe ondoan: taberna baten barrukaldean, hamar ordenagailu, bertako aretotxo batean, bosnako bi ilaratan.

____


Gauez abiatu naiz, ia animarik ez dago tabernan. Barruan gizaseme bat bakarrik, berrogei bat urtekoa, eskubiko ilaran, hirugarren ordenagailuan.

Ni bosgarrenean eseri naiz. Ordenagailu baten hutsunea bion artean.

Banua nere unibertso txikira: posta, aurki, bloglines, Sustatu, Patxitrapero… Nabigazio anitz eta interesgarria…

Han nun hasten dan gizona bapatean:
















Ez da nerekin ari noski. Bideokonferentziaz hasi da hizketan norbaitekin. Gustora dabil, nitaz zeharo ahaztuta, kotxe barruan mukiak jaten ari danaren lasaitasunarekin, inor begira ez duelakoan.

Neri grazia egin dit, baina nere lehentasunak beste batzuk dira. Markos Zapiain, Anjel Lertxundi, Desplazatua… Etnomet, Ahuntzaren gauerdiko doministukua… Eta…

Kanpoan utzi dedan nere bizikleta tolesgarria, Tarragonan erosi nuen bitxikeria bat, Segway-aren faltan, estima haundian dedana (berri-berria da ta!).

Bi minuturo edo, burua jiratzen det bertan segitzen duen ikusteko. Txorimalo lapurren batek eramanda ere, korrika abiatzeko bila segituan…

Klaro, nere bizikleta eta nere artean, bideokonferentziaz ari dan gizasemea dago… Gusssstora aritu ondoren bere maiteñoarekin, halako batean isildu egin dana.

Zergaitik ote (?¿?)

Norbait bi minuturo "begira begira duelako" beharbada??

Ez nintzen ni holako hipotesirik aztertzen ari, inola ere. Ni nere nabigazioaren laugarren geruza zeharkatzen ari nintzen. Jozulinenak irakurtzen beharbada…

Queda 1 minuto!

Ari da bukatzen orduerditxoa. Tira, abiatu egin beharko degu ba. Altxatu naiz, atera ditut nagiak… UUUAAAaaa… Eta…

Ez naiz ni izan. Ez zait burutik pasa ere egin. Nere barruko kuxkuxeroa izan da, maiteminduaren ordenagailu paretik pasatzean, burua jirarazi eta pantailari begira geratu dana: karratutxo batean, neska morena ilekixkur serioa…

Eta inundik inora espero ez nuena:

Ez da nere lepoa jiratu dan bakarra. Hiru eguneko bizarra duen maitemindua, 180 gradu jiratu da bere aulki jirakorrean. Burua altxatu. Eta begirada neri iltzatu, zundaketa makina batek baino oraindik ere sakonago, askoz sakonago:

Ze nolako begirada zuen galdetuko dezue…















____


Ziber-aretotik kanpora, gizaseme irripartsu bat doa, bere bizikleta tolesgarriaren gainean, eseak eginez, parreari buelta hartu ezinda.

Eta lasaitasun hondar batekin ere bai. Eskerrak garesti zegoen eta ez nintzen ordubete geratu. guztiz amorratuta, hura altxatu eta ordenagailuaren pantaila sonbrero gisa jarriko zidan bestela!

____

Sem comentários:

Enviar um comentário