2006-10-20

Gaztainak eta mohikanoak

Bada gizon bat nere herrian, asko estimatzen dedana.

Aitona deitu behar nioke. - Laurogei urte inguruan ibiliko da - Baina, ez baitet inola ere aitona gisa ikusten. Zigarroa eta irriparrea, biak eramaten ditu beti piztuta.

Ikusten nauen aldioro, parrezka hasten da, urrutitik. Beti egiten diot kaso, nere ondotik ia oharkabean pasata ere; hor ibiltzen gera, beti kontu berberak esaten: perretxikurik badan ala ez, ze eguraldi egin behar duen… Lau kontu esan, parretxo batzuk alkarri eskeini, eta aurrera, hurrengorarte.

Kontua da, aurrekoan zeharo harritu ninduela. Badator beti bezela kalean behera, baina, ohizko irriparrerik gabe. Serio baino serioago. Aibadios! Ze gero? Ez al zidaten kanbiatuko!

Kezkatuta gizona. Gaztain batzuk hartu zituela mendian neretzako, eta ea nun utzi behar zizkidan.

Ufffa! Eskerrak. Hori zan. Lotsa besterik ez.

Tabakoa hartzen duen estankoan, bi pakete utzi ditut ordainduta beretzako.

Orain kezkatuta ni nago, izan ere, berak ez baitzituen gaztainak hartu nik tabakorik erosi niezaion, bere borondaterik onenez baizik. Gaizki hartuko ote du tabakoa oparitzea? Nik ordea, estimatu gaztainak hartzen hartutako lana, eta nolabait eskertu nahi.

Maitasunak, ze lanak ematen dituen…

____


Euskaldun peto petoa da gizona. Kalean bizi bada ere, baserritar petoa. Azken mohikano gisa ikusten det, itxura hori hartzen diot.

Nere buruari galdetzen diot, hemendik berrogei urtera ni ere azken mohikano gisa hartuko ote nauen gazteren batek…


____

Sem comentários:

Enviar um comentário