2006-10-03

Lan ezbeharrak

Atzo umorez jardun nuen lan ezbeharrei buruz. Arazoak badu gordinetik gehiegi ordea. "Istripu" azalarekin erakusten zaiguna, askotan, ez da esplotazioaren ispilu hutsa baino:

Enplegua kolokan: nola uko egin nagusiak agindutakoari? Aldamio baten gainean, lurretik hogei metrora: lotu gabe, atzeratuta gabiltza eta. Lau hilabete dira lanean hasi zinela. Egunean hamabi orduz. Atzo ia harrapatu zizun eskua makinak, leher eginda zeunden, harrapatuko ez zizun ba! Burua harrapatu ez zizunean…

Iaz, aurreko lantxo hartan, makina azpian geratu zan lagun hura gogoan…

____


Albistegietan, zenbakiak baino ez. Odolik ez. Urrutiko irudiak.

Biolentziarik hedatuena, ez da telebistan, odol eta zarata artean erakusten zaiguna; ikusezin, isilean gertatzen dana baino.


____


Horregatik, duela gutxiko albiste batek, pozez utzi ninduen. Kartzela zigorra, ez azken beharginarentzat; buruzagiarentzat, goi-goian dagoenarentzat baino. Makilkada behingoagatik etekin bihozgabeari, makilkada harropuzkeriari, ajolagabekeriari…

Abisua, mahai-gain lustratuen inguruan biltzen dan askorentzat.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário