2006-10-07

Zorrak, aginduak, loturak

Kartera zabaldu nuen… Sosik ez.

- Txartelarekin ordainduko dizut.

- Ez, sentitzen det - dendariak - ez daukagu Visa makinarik. Lasai, ekarriko dezu beste batean.

Brrrfffff…

Ez det batere gogoko inorekin zorrik izatea. Ez ordaindu beharrarengatik. Ez naiz inola ere dendariaren konfidantzaz aprobetxatzen dan lotsagabe hoietako bat, denda guztietan zorrak dituen gizarajo xuhurra; baina badakit, ahaztu naitekeela, pasa izan zait inoiz, eta kezka horrek, zor hori etengabe buruan izatera, sarri gogoratzera behartzen nau: ez det batere gogoko soka klase hori.

Honetaz pentsatzen ari nintzen atzo, nik hemen agindutakoez gogoratu nintzenean: ezer agintzen duena, zordun bihurtzen da zain dagoenarekiko.

Zergaitik kostatzen zait hainbeste, nere zor hauek pagatzea? Pagatu ezin ditudalako? Ez, ez da hori. Ez det agintzen bete ezin dedan gauzarik. Pagatu beharrak, obligazioak berak itotzen nau. Horregatik uzten ditut atzera eta atzera. Errebelio moduko bat da. Askatasuna hainbeste bilatzen eta goresten duen honen errebelioa.

____


Lagunok, nere irakurle finok…

Zorren barkamenaren eskean nator…

??¿??

Bai zera! Ez horixe. Esijitzera nator. Ni hemen ari bainaiz, hirugarren mundu hau, lan eta lan, zuek lehenengo mundua ase eta gozarazi beharrean. Zorren barkamena esijitzen dizuet.

Ondorioz, beste batzuren artean, agindu nuen bainera-dutxatik egin beharreko bideomezua (hasierako mezua behar zuen hura) aparkatzera noa, eta lasai, loturarik gabe orain, Sexu-jario betetzera noa.

Nik agindutako beste bateren baten zain inor badago, gogora diezadala mesedez, ahaztu balitzait ere; hura ere lasai, loturarik gabe, egunen batean bete dezadan.

Eta kafea utzi dedan bezela, inori ezer agintzeko ohitura txar eta kaltegarria ere uztera noa, danon hobebeharrez.

Gera dadila idatzita, Bloggerrek nere bloga abisatu gabe ezabatzen duen egunerarte.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário