2006-11-18

Dana eman, erdia eman

Badira bikote batzuk, arraultz beretik sortuak diruditenak. Beti alkarrekin ikusten dituzu; nekeza egiten zaizu bakoitza bere aldetik imajinatzea.

Kalean pasiatzen, kotxez hara eta hona, erosketak egiten… Beti alkarrekin, zilbor-heste ikusezin batez lotuta baleude bezela.

Gehienak ez dira zoriontsuak, edo zoriontsuak badira, oso ondo gordetzen dute, inork ez antzemateko moduan. Auskalo ze indarrak batzen dituen, baina indar horrek ezin du ona izan.

Gutxi batzuk aldiz, ez det esango etengabe irripartsu daudenik; danok bezelaxe, beren aldarteak dituzte. Simultaneoak, hori bai, baina edozein modutara, zoriona darie, zoriontsuak dira.

Sarri etortzen zaizu, bikote hauei begira zaudela, ideia bera:

Eta derrigorrez banantzera behartzen dituenean destinuak?

Egoera mingarriegia zaizu.

Askotan geratzen naiz pentsatzen, noraino baldintzatzen duen egoera horren bildurrak, jendeak bere bikoteari dion maitasuna.

Dana eman… Eta bera falta danean, bizitzen segi, arima erratu gisa... Haren hutsunearekin biziraun, nola edo hala...

Ala… Erdia bakarrik eman: beste erdia gorde, bera falta danerako; beharbada beste norbaiti eskeini orduan ere zure erdi horren erdia, bizitzen segi. Aurrenekoarekin bezela…

Erdizka…

____

Sem comentários:

Enviar um comentário