2006-11-23

A, eta B, treneko denborapasa

Gaur Donostiara jun behar izan det, enkargu bat egitera.

Zumarragatik Donostiara doan aldiriko trena…

Beste batzuetan ere aipatu izan det, trenez ibiltzea ze abentura polita dan.

Jakina, bidaiatzeko moduak eta moduak daude. Beti har zenezake zure oskolean sartuta bidaiatzeko aukera: mp3a piztu; begiak itxi; megafoniako neskari kaso eginez oskoletik atera zure geltokira iritsi baino pixkabat lehenxeago…

Edo saia zintezke, bidaia ahalik eta "literatura" politenez apaintzen. Nik gaur egin dedan bezela.

Geltokian, gehienetan, zurekin batera trenera doazen herriko ezagunak aurkituko dituzu. Baina zure asmoa ez da ohizko gaiez hitzegitea zure herriko ezagunekin; ezezagunen baratzean kuxkuxeatzen ibiltzea baizik. Zure ezagunekin alkartzean beraz, egunkaria zabaldu, eta sartu burua honen barruan, gai izugarri interesgarri batek xurgatu bazintu bezela.

"Dont disturb".

Trena geltokira iristen danean, atzeko aldera jo eta aurkitu libre dagoen lau eserlekuko gune bat. Hantxe eseri.

Beasain edo Ordiziraino, hankak lasai luzatu ahal izango dituzu. Irakurri egunkaria lasai, eman errepasotxoa. Ordizira iristean, orduantxe hasiko da abentura: jende mordo bat izango dezu zure ondoko hiru eserlekuen peskizan, estu, larri, korrika, esertzeko toki preziatuaren bila, beherapen garaia bailitzan.

Zein eseriko zaizu ondoan? Hortxe grazia. Hortxe loteria bizi eta polita. Onena - errezena gertatzea egun gehienetan -, nik gaur izan dedan zortea eukitzea.


____


Neska gazte morena bat nere parean. Modak politagotzen duen hoietakoa. Pirzina okotz gainean; orotariko txintxilikarioak; ispilukoorduerdiko orrazkera milimetrikoki zaindua; eskote zabala, sorbalda beltzaran polit leuna erakusten…

Segi nezake, baina ez ba, nere arreta, neska honek baino, aldameneko bi etxekoandrek bereganatu baitute erabat.

Ez ziren lagun minak, ezagun hutsak baizik. Nik gaurkoan egin dedan ariketa egiteko hain aproposak.

A eta B istorioak alderatzeko ariketa:

A atalean egongo dira, haiek esandakoak (bertsio ofiziala). B atalean, haiek esandakoetatik zuk ateratako ondorioetan oinarritutako fikziozko istorioak (interpretazioa).


Adibidez:


A:

Aurrean eskubian daukadanak - Angeles deituko diogu - oso poltsa xelebrea darama: oso deigarria, xehetasun bategatik: ia poltsa bera baino haundiagoa dan giltzarrapoa, poltsatik txintxilika.

Besteari, - Edurne deituko diogu - , jakin-mina piztu zaio, nola ez ba, treneko edozeini bezela, eta galdetu egin dio zer dan poltsatik txintxilika daraman "zera" hori.

Angelesek esan dio, apaingarri bat baino ez dala. Mira, se cierra así. Igual se le podría quitar, ya lo he pensado…

Edurnek zera erantzun dio:

- Aaaaaaaahh… Es muy gracioso sí, es muy gracioso…


B:

Angelesek orduerdi pasa zuen poltsa hura erosi/ez erosi erabakitzen. Poltsa gustatzen zitzaion, baina txintxilika zeraman giltzarrapoa prezisamente ez. Azkenean, erosi egin zuen, baina jendeari atentzioa ematen ote dion kezkarekin bizi da. Gaur Edurnek galdetu dionean, izugarrizko amorrua sentitu du; poltsa hori erosi izanaz damutu da hezur-muinetaraino; giltzarrapoa nola bururatu zaion kalera ateratzea galdetu dio bere buruari.

Edurnek berriz, poltsa horrekin kalera nola atera daitekeen pertsona, horixe pentsatu du, nola leiken giltzarrapo horrekin kaletik han frexko ibiltzea, defentsa pertsonalerako behar ez badu behintzat. "Es un delito de bolso" "Un horror" "qué disparate" esaldiak pasa zaizkio burutik, baina azkenean holakoetan diplomazia ezinbestekoa dala erabaki du::

- "es muy gracioso"

____


Beste adibide bat (pixkat geroago):


A:

- Y qué tal, en el crucero? - Edurnek -

Angelesek zoragarri pasa duela kontatu dio, mediterraneoa zeharkatzen, senarra eta seme-alabak etxean utzita. Gogorra egin zaiola umeak batez ere hemen uztea, baina ondo zainduta zeudela eta tira. Gaizki, oso gaizki pasa zuela hala ere, kruzeroa hasi eta hurrengo egunean bere alabatxoak deitu zionean mugikorrera, esanez, katekesian esan ziola monitoreak, amatxori esateko, "que la quería un montón". Negar egin zuela, baina txartelan saldorik gabe geratu zala, eta zoritxarrez, "ezin izan zuela hurrengo hiru egunetan etxera deitu… "


B:

Emakumeari kruzeroa tokatu zitzaion. Gizonak ezin zuen jun lana dala ta. Bakarrik jutea erabaki zuen. Itsasontzia zapaldu orduko, izugarrizko askatasuna sentitu zuen: senarrik gabe, seme-alabarik gabe… Zoragarri sentitu zan, eta bere alabatxoak deitu zionean kruzeroan sartu eta orduerdira, zertarako eta bidaia hondatzeko, sasi-aingerutxo horrek, telefonoaren txartelaren saldoa erabat xahutzea deliberatu zuen, familiarekin inolako kontakturik ez izateko.

Hurrengo hiru egunetan, taldeko dozenaerdi lagunek telefonoa eskeini zioten etxera deitzeko, baina denei "kortesiaz" ezezkoa eman zien.

Bere bizitzako hiru egunik zoragarrienak pasa zituen.

____


Tolosan jetsi dira. Neska morena geratu da nere parean. Disimuloaren gainean surfeatzen ibili naiz Donostiraino, baina osatu ditut, tonto-tonto, hiru bat istorio, zein baino zein kilikarriagoak…

Lastima, kontatu ezin diren hoietakoak izatea…

____


Literatura ez dago bakarrik liburuetan.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário