2006-11-30

Etxeko lanez

Asko kezkatu eta tristetu izan nau beti, ume batzuk ibiltzen duten martxa: eskolatik ingelesera, ingelesetik partikularrera, partikularretik solfeora, solfeotik etxera eskolako lanak egitera… Jolasteko, haizea hartzeko, lagunekin egoteko tarterik ez.

Oso tristea.

Eta batzuen kasuan gainera; erabilitako denbora hori probetxurako balitz!

____


Iaz, hamar urteko laguntxo batekin topo egin nuen kalean:


- Euuuuu, elemento! Nora zoaz ba?

- Partikularrera. Bostetatik seietara daukat.

- Aiba, ez nekien. Eta? Zer moduz?

- Ondo…

- Bertan egingo dituzu etxeko lanak ala?

- Bai

- Zati bat noski. Ordubetean, danak ezin egingo dituzu…

- Ez ez, danak egiten ditut bai, gehienetan bai behintzat…


Ume hau nahiko atzeratuta zebilen eskolan; harritu egin ninduen, partikularreko irakaslearen laguntzarekin ere, etxeko lanak hain bizkor egiteak.

Handik gutxira, aspaldiko lagun batekin topo egin nuen, irakasle praktiketan dabilen batekin: partikularrak ematen ditu. Kasu hau komentatu nion, nere errezeloa adierazi nion, eta hauxe erantzun zidan:


- Halaxe da bai. Umeari, lagundu baino, kalte egiten diogula garbi dago. Denbora gutxi izaten degu, eta askotan, beti ez esateagatik, umeari denbora utzi baino, berak erantzunak aurki ditzan, guk ematen dizkiogu. Gurasoak dirua ordaintzen ari dira eta… Pentsa, partikularretik lanen erdia eginda bakarrik irtetzen badira. Esan esaten diegu gurasoei baina…


Sekula holakorik entzun gabe, zer pentsatu ugari eman zidan.

Eta atzokoan, Jolaus Ikteroaren artikulu honekin topo egin nuen. Arazo bera, kasu honetan irakasle baten ikuspegitik kontatua.

Edonola ere: pozgarria oso, txalogarria benetan, irakasle iktero hauen ahalegina eta ilusioa.

Beste hau ere ikus/entzun dezazuen gomendatzen dizuet: etxeko lanak zer izan daitezkeen etorkizunean. Nabarmena benetan.

Ai, Iktero hauekin ikasi izan balu trapero honek… Injeniero de caminos, gutxienez!

____

6 comentários:

  1. Inbidia sanoa ematen didazu Patxi.

    Zeinen ederki azaltzen dituzu ideia nagusiak hitz bitan. Alde ederra nire "txapa kilometrikoen" aurrean!

    Niri klase partikularrak emateko prest!

    ResponderEliminar
  2. Ai, Patxi

    eta injeñerua izan ezkero holako graziarik eukiko zeunke? Izan leike. Baiña zaran modukua izanda, ondo zagoz.

    ResponderEliminar
  3. Patxi, oraindik garaiz zaude!!!! Gure ikastolan ongietorria izango zea zalantzarik gabe; beraz, animatzen bazea...

    ResponderEliminar
  4. ai traper, ez, ez

    ingeniero de caminos ez behintzat,
    niri izugarrizko pena ematen didate hauek, beti inguru guziak txikitzen egon beharra, mendiak berdintzen, zulatzen, bailarak txikitzen... ez hintzateke zoriontsu izango

    ResponderEliminar
  5. partikularrei buruz hau ere kontuan hartzekoa da, harrigarria:

    bukatu berri dugu lehen ebaluazioa eta tutore egokitu zaidanez guraso zenbaitekin hitz egin behar izan dut

    ingelesean 1 (bat) atera duen mutil bat ingeleseko partikularrean dabil 5 (bortz) urte zituenez geroztik

    ingelesan 3 atera duen neska bat ingeleseko partin dabil 7 urte zituenez geroztik eta gainera uda bi Inglaterran pasa ditu

    gaur egun 16 eta 17 urte dituzte

    (bide batez, aspaldi ez ditut ikasleak gaur bezain ondo pasatzen ikusi: Fredi Paia eta Xabier Silbeira bertsolariak etorri zaizkigu eta berrehun bat ikasle ziren arren ikus-entzule, ostiraleko azkeneko orduan, eta nahiz bertsolariak berandu iritsi, hala ere zelako barre algarak!

    eta hitza eta kantua eta gorputza baino ez, gazteak liluratzeko

    baina gorputz horiekin errazagoa da noski)

    ResponderEliminar
  6. Telefonoz inkestak egiten dizkidatenean, azkenetako galdera beti izaten da:

    - Ze ikasketak dituzu?

    Alde haundia dago "bide ubide eta portuetako injeniari" esatetik "eskola-graduatu" esatera...

    Ai,IKTeroekin ikasi izan banu! Satortzulo, Leire, zuek arrazoi, seguruasko injenari gisa ez nintzateke zoriontsu izango, baina inkestalariaren aurrean ze itxuroso geratuko nintzatekeen!

    Maite, batere konzentratuko ote nintzateke ni zure klasean? ;-)

    Markos, holakoak ere entzunda dauzkat bai. Ingelesak oso zaila behar du izan, euskera edo txinera baino askozaz ere zailago.

    Paia eta Silveira ingeles irakasle, hori litzateke irtenbide polit bat!

    ResponderEliminar