2006-11-27

Irakasle heroiak

Aurrekoan trenean, beste pasadizo gogoangarri bat bizitzea tokatu zitzaidan. Orain kontatu behar dedan hauxe:

____


Trena batzuetan bizitasunez bete-beteta abiatzen da. Beste batzuetan aldiz, badirudi labadora baten barruan bueltaka eta bueltaka zabiltzala: trenaren zurrumurru sendo etenik gabea, bidaiariek alkarri zuzendutako begirada galdu-zurrunak…

...

Andoainen abordatu gintuzten, labadoraren barruan sentitzen hasita nengoen momentu berean; berrogei bat ume, hamaika-hamabi urtekoak, beren irakasleez lagunduta.

Badakizu umeak direla, ez dutela haiztorik aterako praka barrenetik, zu ez zerala beraien biktima egun hartan, zintzo eta errugabeak direla… Baina nahi gabe bildur pixkat sentitzen dezu.

Ondoan eseritzen zaizkizu, inguratu egiten zaituzte, saltoka, builaka, alkar joka, zirika, algaraka… Beren territorioaren mugak ezarri nahiean bezela.

Artzaia erne dago. Hura toki publikoa da. - Ea, eseri! Danak eserita! Dio irakasleak, eta gezurra badirudi ere, irakaslea gai da artaldea gobernatzeko bi oihu soilekin. Danak eseritzen dira…

Eta hasten da orduantxe, irakaslearen debekuen eta umeen desafioen arteko soka-tira.

Nere aurrean, mutiko bat, irakasleak ez ikusteko makurtuta, besoak zabalduz arrano batek bezela, eskuak ahoaren bi alboetan ipiniz, ezpainak dantzan ipini ditu eta puzkarka hasi da. Makinista ere bildurtu da, mutikoak ateratako hotsarekin. Bidaiari batzuk erdiparrez; beste batzuk, gehienak, puzkar hots ezagunaren aurrean, toki publiko batean, intimitate konpartituriko gune itxi batean, lotsatu egin dira. Irakasleak beste oihu pare bat bota du: - Isilduko zarete, mesedez? Isilik! Mutikoaren puzkarrek indar pixkat galtzen dute, hasieran bakarrik; geroxeago, lehen bezain ozen, edo ozenago, beste ume batzuen antzeko agerraldi batzuekin nahasten dira: zapladak, atximurkak, ostikoak, parre algarak belarri ondoan…

Bidaiari batzuen aukera, men egitea da, zeharo bildurtuta: ulergarri zaizu, baina zu ez zaude zorionez zure haurtzarotik hain urruti ere; zure aukera garbia da: parre egiten dezu haiekin batera; haiekin bat egiten dezu (apalki), hizketan hasten zera beraiekin, haien taldeko gisa onar zaitzaten.

Eta lortzen dezunean - kontatu egiten dizute Tolosakoak direla, beren ikastetxeko moja fundatzailearen etxea ikustera jun direla Andoainera, izugarri aspertu direla, postal sorta bana oparitu dietela - guztiz lasaitzen zeranean azkenean… Fijatzen zera orduan, irakaslearen begiradan.

Begirada etsia da, begirada nekatua, aldi berean urduria… Bere eztarriko korapiloa ikus dezakezu ia ia, intxaur lodi baten tamainako korapiloa…

...

Hiru hilabeteko oporrak? Zinez merezitakoak.

Besarkada haundi bat, munduko irakasleak.

____

2 comentários:

  1. Aupa, Patxi!

    Holako artikulua gaur, maixu-maistren egunian! ESkertzen da, baten bat konsziente izatia (ni ezin naiz larregi kejatu, euskaltegixan nagusixakz dakaguz-eta). Jentia oporretan baiño ez da fijatzen, baiña egunero-egunero jendiakin bihar egittiak desgastau egitten dau: adibidez, gaur kriston buruko miña dakat, eta ointxe klasian sartu bihar, maja-maja, irribarretsu eta %100 emotera!

    Nik holako egunetan (eta beste batzuetab be bai) oso karakter txarra dakat, baiña ikasliari ezin erantzun txarrik emon, ezta? Ba, banoia.Eskerrak neriak oso-oso majuak diran!

    Milla esker, Patxi gurekin akordatziagaittik

    ResponderEliminar
  2. Leire, oraintxe enteratu naiz gaur maixu-maistren eguna zala! Hau kasualitatea.

    Ni ere izan nintzen irakasle hiru urtez, nola ez ditut ba ulertuko irakasleak... Nahiz treneko irakasle haren begirada hura, oso ondo ezagutzen dedan: ikasle nintzen garaian hainbestetan ikusitakoa...

    ResponderEliminar