2006-11-22

Me gusta er fúrbol!

Futbol partiduak osorik, erreglamenduzko futbol-zelai batean, hiru baino ez ditut ikusi nere bizi guztian zehar.

Lehenbizikoa, Zumarragako Urola taldea ikustera jun nintzan batean, hamar bat urte nituela. Traumatikoa izan zan. Nere buruari galdezka bukatu nuen, ea zergaitik ez ote dan txikitan ipintzen, tetanos, barizela eta errubeolarekin batera, amorruaren kontrako txertoa:

Harmailetan, berrogeitamar bat lagun, lepoko zainak puztuta, kalanbreak jota bezela keinu bildurgarriak egiten, besoak ero moduan astintzen; arbitroa, linierra, jokalariak, botileroak eta zeharka pasatzen ziren txantxangorriak asesinatzeko egarriz…

Zeharo abaildu ninduten. Hamar urtetan futbol-zelai bat berriz zapaltzeko gogoa kendu zidaten.

Bigarrenez, hogei bat urte nituela, Atotxan egon nintzan: Real Madridek lau txitxarro sartu zizkion errealari. Emaitza ozta-ozta gogoratzen det. Primeran gogoratzen ditut aldiz, nere hanketako behatz gaxuak, izozte-puntutik hain gertu. Ahaztezina, gogoitzalgarria hura ere.

Hirugarrena, azken hau. Hamar urteko nere laguntxo batek txantaia emozionala egin zidalako, jun dan igandean. Anoetara jutera behartu ninduen.

Zorionez aizue. Ze ondo pasa nuen!


_______



Estadioa, oso polita. Nobedadeagatik beharbada, edo besterik ezagutzen ez dedalako akaso, baina polita oso. Futbol-zelaia, hori bai, harmailetatik urrutiegi… Jokalarien mesederako.

Kalterako izango da ba… Esango du batenbatek. Ez ba, mesederako. Beherago argituko det.


Norvegiaren bihotzean


Bildurrez jun nintzan partidura. Ez nuen gogogabetu nahi aurrekoetan bezela: amorru dosis konzentratuegiak, karraxiak nere belarri ondoan… Bai zera! Oso bestelako paisaia aurkitu nuen. Haizeak Norbegiako gizartearen patxada ekarri ote zuen edo, antzeko birusen batek hartu ote zituen ikusleak, halako sentsazio lodia sentitu nuen.

Inor ez zan bere eserlekuetatik altxatzen, ezta arriskua zuten jokaldietan ere. Danak serio, oihurik ez apenas, kanturik ez. Animoak… Euskaldunak Bilbon adina, proportzio horretan gutxigorabehera. Bizi zantzu bakarrak, Mujika taldearen inguruan, hantxe, estadioaren beste aldean. Gainerantzean, Norbegiarren aldartea nagusi, estadioko txoko guztiak betetzen.

Goian neukan txarangak ez du kontatzen. Musika jotzen zuten, animatu ere egingo zuten beharbada, baina neri nere herriko parrokiko kanpain-hotsak gogorarazten zidaten. Soldatapeko dozena bat musikari, ahozabalka, erlojuari begira, ea noiz tokatzen zan berriz jotzea: hamar minutuero edo, pieza bat jo, eta hankak luzatzera pixkat, nagiak ateratzera, hurrengo piezara arte.


Jubilatu mozorrotua


Atzera sarri begiratzen nuen, neretzako benetako espektakulua, nere atzean baitzegoen. Zortzi-bederatzi bat urteko neskatxa, bere turuta lagun. Neska itxura zuen, baina bazkalondoan lo geratzen ari dan jubilatua zan egiazki, ume txikiz mozorrotuta. Tarteka gaxuak, turuta jotzen zuen loak ez hartzeko.

















Atzera begiratzen nuenean, kupidaz bezela begiratzen zidan: "faborez, zaldun prestua, erreskata nazazu sorginkeria honetatik. Izugarri aspertzen naizzzzz!

















Andregai autista


Zortzi urteko neskatxa hori, beharbada, aurrean eserita nuen emakumearen modukoa bihurtuko da egunen batean: aspertzearen aspertzeaz, bere mundu propioa osatuko du. Bere barne munduan bidaiatzen pasako du partidu osoa.

Bizkarra ematen zizun eta, nola dakizu aspertzen ari zala? Galdetuko didazue:

Begien alturan, hesiaren helduleku lodia zuen. Bere ilarakide guztiek, salbuespenik gabe, gorputza hesiraino aurreratuta zeukaten, burua heldulekuak eta hesiaren gainkaldeak osatzen zuten hutsunean jarrita, zerbait ikusiko bazuten.

Emakume honek ez ba. Tente bera. Begien pare-parean, helduleku lodia. Ezin partidurik ikusi, zegoen bezela eserita. Ez zan inola ere futbola ikusten ari. Ondoan zuen senargaiak zeozer esan zion aldi bakanetan, ez zuen lepoa bost graduz sikiera jiratu…

Nun zegoen? Zein ziren bere koordenadak bere irudimenezko planetan? Gustora al zegoen bere toki sekretu hartan?

Bere senargaia baino entretenituago zalantzarik gabe.

















Pedagogia liburuxka.


Gipuzkoa omen da europako lurralderik eskasenetakoa, ume jaioberrien kopuruari begiratuta. Tristea da, baina zer nahi dezue esatea: errealaren ikuslegoa etorkizuneko guraso gipuzkoarrek izango duten hezitzaile mailaren erakusgarri bada… kasi kasi, umerik apenas jaiotzen bada, hobe!

Nola motibatu ikasle "txar" bat? Nola lortu berez azkarra ez dan ume batek nota onak ateratzea? Nola lortu, besterik ez bada ere, emaitza txukun xamarrak ateratzea?

Honela ez behintzat:

- Ya ha cogido el balón… ya verás cómo la va a cagar!
- Qué malo es, pero qué malo es!!!!
- Zoquete, más que zoquete…
- Cómo cojones le pueden poner a ese matao de titular???
- A que no da dos pases seguidos sin que se la quiten! Ni a canicas! No juega ni a canicas!
- Eso es… eso sí que es jugar… A rugby! Dios qué malos son!
- Alaaaaaaaaaa, alaaaaaaaa, eso es, dásela, dásela al contrario! Qué desastre! Pero qué negaos que son!
- Ni la huelen!

Ni baino bi ilara gorago zegoen gizaseme deprimitu pare baten laztanak, goiko danak. Anoetan egun hartan antzeman ahal izan nuen espirituaren lagin zehatza.

Errealeko jokalari batek baloia galtzen zuen bakoitzean, Sanchez Pizjuanetik bai entzungo zan, Anoetako hogei mila lagunen orroa: etsipena, frustrazioa, hasarrea, maldizioa…

Nola asmatuko dute ba baloia ondo pasatzen, jokaldi itxuroso bat harilkatzen! Bai baitakite baloia galduz gero, deskuido bat izanez gero, estadioa gainera eroriko zaiela!!

Eskerrak zelaiaren inguruan dagoen atletismo pistari, ikusleengandik nolabait bereizteko. Ez balego, jokalari gaixuak urtu igual egingo ziren, fondue gazta bezelaxe, mesprezu, irain eta errieten su galdatan!

Erreala gaizki dabilela? Ibiliko ez da ba! Horrelako laguntzarekin!

Neska batzuk aritu ziren errealari buruzko aldizkaritxo batzuk banatzen, partidua hasi aurretik.

Nere proposamena Miguel Fuentesi: aldizkaritxoa baino, orritxo bat. Askoz merkeago eta mesedegarriagoa.

"Nola motibatu gure jokalariak: oinarrizko pedagogia dekalogoa."

____


Partiduko gauzarik onena:


Errealak lehenengo zatian hobeto jokatu zuen. Bigarrenean okerrago. Aldiz, zaleak bigarrenean aminatuago zeuden.

Honegatik ote??





Fuentes: pintxo eta baxoerdiak partiduaren hasieran. Aldizkariek, itxura danez, ez dute zaleen gogoa beharbezela bixkortzen.


____


Egun polita izan zan neretzako. Batez ere, futbolarekin adiskidetu nintzelako. Errelaren egoera tristea eta bere zaleen egoera askoz tristeagoa aparte utzita, azkenean ulertu nuen zergaitik gustatzen zaion jendeari hainbeste futbola.

Nere irudimenak egoera idiliko bat osatu zuen: afizioa eta taldea, bat eginda: konfidantza, golak, alaitasuna...

Eta Van Gaal, Lotinaren bigarren, psikologo lanetan:

"Ziempre positivo, nunca negativo"

____

2 comentários:

  1. iep!
    autentikoa! futbolaz aparte izan zenun inguruan zerekin ongi pasa!
    kontu bat: van gaalek alrebes erran zuen:"zienpre negatifo, nunka positifo!" etzelako jokalariei animoak ematen ari, kazetariak kritikatzen baizik.
    ongi segi!

    ResponderEliminar
  2. Bai ba Julen, horrexegatik ba. Van Gaal tipo baikorra zan gero. Errealak asko estimatuko lukeen fitxajea.

    Zenbat eta egoera larriagoa, orduan eta beharrezkoagoa esperantza!

    ResponderEliminar