2006-11-13

Zenbat behar degun benetan

Aurrekoan, Kalaka ikusten, nahikoa tristetu nintzen.

Euskitze, eta Pello Zabala. Beren argitasunagatik bereziki estimatzen ditudan bi lagun, inola ere espero ez nuen konformidadez aritu ziren, neri oso larria iruditzen zaidan gai baten inguruan

Euskitzek Pellori galdetu zion, ea zer irudipen zuen sorgailu eolikoetaz (ez diezaiegun faborez deitu haize-errota. Ez dezagun hitz ederrez mozorrotu, berez erraldoi eta txikitzaile dana).

Pello esaten hasi zan, Arantzazu parean halako egunean ikusi zuela ipintzen lehenengo ziri luzea, eta honek eman zion mina. Ze ondo ulertu nion Pellori: hark sentitutakoa ez zan izango seguruasko, nik sentitu nuena baino leunagoa.

Bukatu zuen esanez:

- Baina egoera zein dan ikusita, esango nuke, hauek onartu beharrean gaudela.

Euskitzek, tonu xuabez, burua makurtuz pixkat, baietz, halaxe zala, parke eolikoak onartu beharrean gaudela, ez dagoela beste erremediorik.

____


Aldaketa klimatikoaz aritu ziren. Zantzu bildurgarrietaz. Honek daraman progresioaz eta munduaren akaberaz… Batzuk garrantzia kenduz; esanez, hau, gizakiaren eragina baino, gauza ziklikoa dala, naturala. Beste batzuk berriz, etsipenez beteta, gu gerala erantzule nagusi eta bakarrak.

Lehenengoek arrazoi? Bigarrenek? Ez dakit. Badakidana da, aldagai bat ahaztu zitzaiela aztertzea:

Teknologiaren progresioa.

Zenbat urte pasako dira, erabat garbia eta ez suntsitzailea dan energia sortu eta erabilgarri izan arte? Esango nuke, hogei ere ez direla pasako beharbada, teknologiaren hobekuntza eta hazkunde esponentziala kontutan hartuta. (Eneko, hor al zaude? Egiguzu argi pixkat)

Bitartean zer egin, hor dago koxka.

Eta neri, begiek esaten didate, zentzunak esaten dit, gure arazoa ez dala gaur egun, energia lortu beharra, baizik eta benetan behar degun energi kopurua zehaztu beharra.

Zenbat derrotxatzen degu? Zenbat behar degu benetan? Zenbat hondatzeko prest gaude, energia garbi eta ez suntzitzailea lortu bitartean?

Isurtzen degun CO2 guzti horretatik, zenbat da derrotxatzen deguna, berau ordaintzeko gauza geralako besterik gabe?

Argia ordaintzeko sobera daukanak, lanik hartzen du etxean alperrik piztuta dituen argiak itzaltzen? Nahi adina gasolina erosteko daukanak, erreparatzen dio gutxiago edo gehiago gastatzen duen?

Gutxi barru, ur asko gastatzen badegu, gehiago ordaindu beharko degu. Dirua sobera daukanak, kasu egingo dio horri? Ala berdin berdin gastatuko du?

Ez naiz inundik ere erradikala. Garraio pribatua benetan gauza ederra da. Nahiago nuke kotxe bat izateko aukera balute pertsona edo familia guztiek…

Baldin eta… Zentzuna erabiliko balitz. Baldin kotxea tramankulu kutsakor eta kaltegarri gisa ikusiko bagenu, eta ondorioz, neurriz erabiliko bagenu. Baldin kotxearen menpeko triste ez bagina. Baldin, gure estatus soziala erakusteko erabiliko ez bagenu. Baldin, Kalakan bertan batek esan zuen bezela, aldi berean garraio publiko guztiz "defizitarioa" balego, kalitatezkoa, toki guztietara egoki zabaldutakoa.

Industriarekin berdin. Kasu honetan, gure politikariena da erantzunkizuna: datozen 20-30 urte hauetan, zorrotz gainbegira dezaten, gehiegikeririk egon ez dadin, teknologia garbian behar beste inbertiaraz dezaten, energi erabat garbia lortu bitartean.

Ni ere kezkatzen nau klima aldaketak. Batzuk egiten dituzten aurreikuspenek. Alarmista izan gabe, harrokeria iruditzen zait, badaezpadaere besterik ez bada ere, erabaki zorrotzak ez hartzea…

Baina gure mendi kuttunak fabrika bihurtzen ikustea, pista eta poste erraldoi hiltzailez beteta, benetan behar degulako baino, derrotxatzaile izaten segitzeko…

Hori, Euskitze, Pello, inundik inora ez.

Zuzen ez banabil, mesedez zentza nazala norbaitek, mesede galanta egingo dit eta.

____


Han! Ekologista kamamilabiltzaile integrista bat! Esango du bakarren batek. Tiiiira ba, harentzako ere, bere egongelako mahaiaren gainean ipintzeko, marko polit batean, opari txiki bat.

Lerro honen gainean xagua goxo goxo ipinita.


____

2 comentários:

  1. Ez dakit, ez dakit, Trapero. Egia da -egia borobila- askoz ere gutxiagorekin molda gintezkeela, dena soberan bagenu bezala bizi garela, energia erruz eta alferrik xahutzen dugula ... eta beste hainbat matraka. Baina niri behintzat, gazte denboran energia iturri garbiak (eolikoa, eguzkitikoa...) eskatzen ibili eta gero lotsa piska bat ere ematen dit haizagailu erraldoi horiek, zergatik eta itsusiak direlako, arbuiatzea... Ez dakit, burges-txikion eskrupulosidadeak begitantzen zaizkit batzuetan.

    ResponderEliminar
  2. Itsusiak dira?

    Behin, baserritar batekin nengoela, pinuen kontra hasi nintzen, hau eta beste esanez, tartean, itsusiak direla, eta galdetu zidan, ea zertan oinarritzen nintzen pinuak itsusiak zirela esateko.

    Klaro, arrazoi zuen. Itsusiak, politak… Oso gauza subjetiboa da.

    Baserritar hark berriz, dexente ulertzen zuen monokultiboaren kalteez, bertako basoaren gero eta egoera tamalgarriagoaz, e.a.

    Haizegailuak politak izan daitezke. Begiaren arabera, erromantikoak ala amorragarriak, biak izan daitezke, baina uste det ez dagoela eztabaidarik hauek esaterakoan: mendia hondatzen dutela, erabat eraldatu eta itxuraldatzen dutela, mendiko zenbait biziduni (hegaztiei batez ere) heriotza dakarkiela, mendia gozaezin bihurtzen dutela…

    Energia iturri garbia? Ez horixe. Ze gezur haundia. Beste batzuk baino garbiagoa izatekotan. Garbia, inola ere ez.

    Burges txikion eskrupulosidadeak... Ba bai. Hala ere, nik daukadan burges txikiaren perfil nagusia, zuk aipatzen dezun horren beste muturrean dago. Bere bizi maila mantentzearren, natura izurratzea berdin zaiona; bere ingurua hobetzearren bere pittin bat galtzeko prest ez dagoena.

    ResponderEliminar