2006-12-08

Donostiara, zinemara (II)

Pasealeku berrira pasioan ibiltzera, ez da edozein juten. Jendea orokorrean gustorago egoten da tabernazuloan, edo sofan.

Pasealarien artean, kirolari masokistak aurkituko dituzu, dexente ikusten dira; zeu ere kirolari masokista izan zinelako garai batean, ondo ulertzen dituzu, bestela oso gauza zaila da.

Hauez gain, kolesterola zaintzen dutenak daude: oinez, baina bizi-bizi ibiltzen direnak, itsasoari baino, kilometrajeari, urrats-kaloria kontagailuari erreparatzen diotenak…

Eta jendilaje erromantikoa, nola ez ba; hauek ugarienak.

Bi taldetan banatuta: bakarkakoak, eta bikotedunak.

Lehenengoek, bakarkakoek, bi gauza bilatzen dituzte nagusiki: bikotedun bihurtzea, hain toki erromantikoan, edo…Beren eguneko malenkonia dosisa: bikotedun izan ziren garaiak gogoan.

Bakarkakoak baino, bikotedunak zaizkit erakargarriago neri, euren aldaera diferenteetan. Esaterako:

1.- bata petrilean eserita, bestea zutik, honi besarkatuta, irriparre txoro zoragarri hori lagun…Musuka, igurtzika, zeharo gori; kresalaren eragina.

2.- Pasiatzen dabiltzanak; eta hauen artean zenbait azpitalde: besarkatuta dijoazenak; besotik helduta dijoazenak; zentimetro batzuetako tarteaz dijoazenak; metro erdiko tarteaz dijoazenak; bata aurretik, bestea atzetik dijoazenak…

Errazkeria haundia litzateke, hauen arteko tartea alkarri dioten maitasunaren adierazle gisa erabiliko bagenu,

Itxurak, batzuetan baino ez baitigu salatzen egia.


Bata aurretik bestea atzetik:

a) ezin dute alkar ikusi, besteak dibortzio hitza noiz aipatu esperantzaz bizi dira
b) hogeitamar urte daramate alkarrekin. Oreka aspaldian lortu zuten. Izaera desberdinak dituztela onartzen dute, guztiz naturalki. Batak ezin du azkar ibili. Ezin ibili mantso besteak.

Alkarri besarkatuta

a) ze goxotasuna gurea
b) esan egin nahi nioke ez dedala beti besarkatuta ibili nahi, itota sentitzen naizela, baina ez naiz ausartzen… Oraingoz.

Besotik helduta:

a) ze gustora biok, alkarri helduta
b) nerea zera, nerea bakarrik! / Ezin ihes egin, gatibu nauka.

….

Beste talde bat ere badago: bakartiena. Tira, bakartiena baino, bakardadea arrastaka daramaten hoiena. Oso ondo ezagutzen dituzu, zeu ere talde horretakoa izana zeralako. Batzuk beren baitan oso oso sartuta, ez dira zure presentziaz jabetzen; beste batzuk zuzen begiratzen dizute begietara, zuzenegi… Salbabidasa botatzen dizute… Alperrik ordea.

Ez dago mundu hontan gauzatzen errezagoa dan gauzarik: bakardadea desegitea; aldiz, gauza gutxi egongo dira hain gauzaezin diruditenak, bakartiarentzat.

Nola utzi atzera bakardadea? Ez da heroia izan behar. Urrats txikiak behar dira. Urrats txiki bat orain, beste bat bihar, beste bat etzi… Handik denbora batera, zure buruaz harritzen zera, emandako azkeneko urratsaz ohartzean, lehenbiziko hura baino izugarri haundiagoa dala konturatuta.

____


Zeinen ederki, Donostiako pasealeku berrian. Toki gutxi egongo dira politagoak, mundu osoan.

Beteta sentitzen zera Akuarimera iristean, oso beteta, indarberrituta…

Zinemara juteko gogoz, atzera.

____


Bretxara abiatu zera lehendabizi. Lehengo giro berbera: Dominikarrak, Kubatarrak, Mexikarrak, Arabiarrak… Alkarri begira, zerbaiten peskizan seguruaski, edo dantzaren-musikaren laguntzaz euren herrialdeetatik gertuago pixkabatez.

Berriz ere itxoin beharra, gustoko filmea ikusteko. Ea bada, goazen Principera.

Hamarrak eta hogeitazortzi. Filme mordoa aukeran… Azkena iritsi zaizu begi ninietara: "Euuu! Hemen nago! Zure zain! Eroa dirudizu, seguru gustatuko zaizula nere filmea, zatoz, hastear dago ta!"

Borat, neri deika.

Sartu eta lehertu. Harritu. Higuina sentitu. Hasarratu. Txunditu. Baina batez ere parre egin, parre, aspaldi-aspaldian ez bezela. Sekulako gozamena.


____


Zinematik irtetzean, bi pertsonaia famaturekin topo egin nuen. Bata, ezaguna, ieeeeeeeeepa! Euuuuuuu! Bestea ezezaguna. Inoiz aipatuko ditut biak, botako dizkiet merezitako lorak, aurki, halako batean.

Donostiak hori dauka, jende famatuz bete-beteta egoten dala. Gustoa ematen du. Baina honetaz ere hitzegingo det beste batean. Gaur egunak nola bukatu zuen kontatzera noa:

____


Bar Juantxo. Tradiziozko taberna, alde zaharrean. Bokadilo apartak. Kamarero jatorrak. Donostiako tokirik preziatuenetakoa neretzako, arrazoi historiko-sentimentalengatik:

Sartu naiz, baina atearen ondoan geratu naiz, ez naiz taberna atzeraino jun, eseritzeko toki bila. Nere ondoan neska koadrila bat egoteak ez du zerikusirik, jakina.

Hor daudenez gero ordea, ez daukat beste erremediorik, haiengan erreparatzea baino: dozena erdi dira, hogeitabost urte ingurukoak; betilun daude. Musika baju dago, baina ahotsa beren umorearen araberakoa baita, ezinezkoa zait beren alkarrizketa aditzea. Ondorioz, irudimena martxan jartzen zait, beren kopeta beltzaren arrazoi bila: dozenaerdi neska, mutilik ez euren ondoan… Beste astebukaera antzu bat. "mutilak ze ostiari begira daude, gu hain ederrak izanda"
Beste aukera: izugarri ondo pasa dute, asteburu ahaztezina, baina astelehen goizaren itzal bildurgarria gertuegi sentitzen dute; hurbilegi iratzargailuaren burrunbara…

Nik txoixo tortila bat eskatu det, eta beti bezela, ti-ta batean atera didate. Saldatsua, neri gustatzen zaidan bezela. Zutik nago ordea, mostradorean txokorik ez neretzako: Wazemaneko dayola. Bai horixe dayola! Tantanka tortilaren salda, bokadiloaren ipurditik behera… Ezin gobernatu bokadiloa, nagoen bezela, zutik. Ezin koska txukunik egin bokadilo aluari. Espektakulu hutsa naiz. (Borat bera dirudit, filmean grabatu gabe geratu zan pasarte batean ). Zeharka, nere neska koadrilari erreparatzen diot: seguro nitaz parrezka ari direla, algarari ezin eutsirik… Ez ba. Zeharo ikusezina naiz. Ez naiz esistitzen beraientzat.

Bigarren aukerak indar haundiagoa hartzen du. Ez daude desesperatuta, eta ez dute ni bezelako hain apetitu oneko euskaldun morroskoarekin ligatu nahi. Hau ilundura, hau histura, goibeldura…neska koadrila bat ondoan izanda oharkabean pasatzearena …

Baina, ia beti bezela, nekez garaituko nau etsipenak. Espektakulu berri batek pixkortzen nau:

Bi lagun daude, neska koadrilari begira. Antsiaz, benetako antsiaz, desioz, begiak ilargi beteak baino zuriago eta zabalago, begi niniak Albaceteko labanak baino puntazorrotzago…

Klaro ba, nola fijatuko ziren neregan: zeharo ikaratuta daude ta!

Hamar minutuko etenik gabeko zaintza zorrotzaren ondoren, han hurbildu zaie, bietako bat:

- Me podéis dar las sobras, si no os importa?

Neskak:

- Sí claro, cómo no! (egiaz, beren barnean: mientras no nos toques con esas manos cuaternarias ni nos acerques esa sucísima barba, te damos hasta la talla del tanga! )

Eskale bat, la boluntá eskatzen. Uzta ederra jaso zuen arraiuak.


____


Eta holaxe abiatu nintzen, etxerantz, nere hegazkin berrian, Txuma Murugarrenen musikaz (ez naiz bakarra), hain arratsalde zoragarriari errematea emanez…

Bizi izandakoen zaporea gogosapaian…

____

Sem comentários:

Enviar um comentário