2006-12-05

Donostiara, zinemara

Pasiotxo bat ematera jun nintzen atzo arratsaldean, Donostiara, kotxez.

____


Zinemara jutea zan nere jomuga. Bretxarantz abiatu nintzen.

Berritu zutenetik, bigarren aldia bertaratzen nintzena. Bidaia astralen bat egin ote nuen jarri zitzaidan zalantza, bertara sartu orduko. Nun nengoen? New Yorken? Etorkinez josita taberna batzuk, berriketan, dantzan… Oso atmosfera berezia. Bertan murgiltzeko gogoa jarri zitzaidan… Zer sentitzen ote da hor barruan? Ez dago dinerala ordaindu beharrik atzerrira juteko.

Euskal-Herria nazio independientea izango da hemendik hogei urtera, eta EEBBetan legez, etorkinak, gutxiengo baino, gizarte talde erabakiorra izango dira …

_____


"Deja vu", horixe ikusiko det. Baina, orduerdi falta da. Zer egin? Itsasoa bertan eukita, nola geratu bisita egin gabe?

Pasealeku berria. Itsasoa oldartuta. Jarri nintzen olatuei begira… Esan nuen: hau baino espektakulu haundiagorik? Ez noa zinemara. Pasiotxo bat emango det. Alde zaharreraino jungo naiz, giro ederra dago gainera.


____


Saihestezina da itsaso oldartuaren aurrean, halako babesgabetasun sentsazioa sentitzea. Olatu erraldoiek apar zuriz betetzen dute dana. Gauza asko etortzen zaizkizu burura:

Lehenbizikoa, gutxi irauten duena, zure txikitasunaren konzientzia. Gutxi irauten du, badakizulako, txikitasuna-haunditasuna, oso gauza erlatiboa dala.

Hain zuzen, zu ere erraldoi bihur zaitezke: bizkarrean dituzun farolek zure itzal erraldoia proiektatzen dute itsasora, zu olatuak baino haundiago bihurtuz. Ilusio bat da, jakina, baina polita da. Gehiegi itsutu gabe berarekin ordea. Zure aldamenekoa olatu batek busti du. Zu ez zera urruti ibili.

Surflariak imajinatzen dituzu: Mundakako olatua hor aurreko pareta izugarri hoiek bezelakoa izango al da? Gertu dago ba Patxi, nolatan ez zera inoiz hurbildu, Mundakara edo, Mundakara gabe, olatu erraldoien gainean ibiltzen diren surflariak ikustera, Zumaiara bertara?

Han atzean berriz, iluntasuna. Badaukat lagun bat, hondartzan gauez bainatzea ikara ematen diona. Kontuak atera han urrutian, itsaso hasarratuaren erdian, iluntasunik haundienean…

Etorkinak, beren pateretan. Nola ausartzen dira? Bi arrazoi egon daitezke: etsipena, eta ezjakintasuna. Etsipena bultzagarri bat izan daiteke, egoerarik txarrena eramateko lehengaia, baina patera batean sartzen dana itsasoa zer dan jakin gabe, sekula itsasorik ikusi ez duelako, bertan zer aurkituko duen ezjakin, horri, bereziki izugarria egingo zaio gauez itsasoaren erdian noraezean ibiltzea…

Nahikoa Patxi. Holako pentsamentu tristeak baztertzen dituzu, zertarako debalde sufritu, eta gozatzen hasten zera: itsas brisaz, aurrean dezun ikuspegi ezin ederragoaz, itsasoaren orro lasaigarriaz…

Eta nola ez, zurekin topo egiten duten pasealarietaz…

(Jarraituko du…)

____

Sem comentários:

Enviar um comentário