2006-12-21

Getarian gozatzen

Eguzkia gorde zan, eta Getarira jun ginan, arratsalde hondarra pasatzera.

Lau gauza nabarmentzeko:

Lehenengoa: gaztainsaltzaileak herriko plazan. Hori detailea. Hori bai turismoa zaintzea. Gaztainak kirris karras, eskuak berotzen, ahoa goxatzen, Getariako kaleetan barrena… (Daukaten prezioak ere laguntzen du hauek gehiago gozatzen. Bi euro dozenak). Nik hartu nuen gozatua!

Bigarrena: zorionik beroenak Getariako udalari. Sekula ikusi ditudan komun publikorik garbienak. (Egotea bera ere ez da gutxi. Eslovenian seguru edonon daudela).

Hirugarrena: Getariarren abegikortasuna. Gozodenda bat nun zegoen galdetu, eta ia bertaraino lagundu ziguten. Esplikazioak ere estereoan entzun genituen, senar-emazteak biak batera azalpenak ematen. Jende jatorra, bai horixe.

Laugarrena: Euskal-Herriaren esentzia Getarian dago! Han bota zuen nere txiki batek: - Hemen mundu guztiak euskeraz hitzegiten du ala?? - Harrituta neskatxa.

Bosgarrena, Getariaren edertasuna aipa nezake, baina nahikoa lora bota diet Getariarrei, isiltzera noa hauek haixetzen hasi baino lehen.

____


Gogoangarria egun hartan, pasadizo hauxe: bagindoazen kalean behera, Getariako xarmaz mela mela bustitzen… Atari honekin topo egin genuenean.




Kanpoan, letrero bat: ERAKUSTOKIA.

A, ba jun egin beharko degu! Nere txikiei esan nien igo egingo ginala, eta esan zidaten hirurek aho batez ezetz, Ali Baba ezagutuko luketela gustora, baina berrogei lapurren kobatik pasa beharrak ez ziela batere grazirik egiten.

Nik nere ohizko perla filosofikoren bat bota nien (hainbeste botatzen dizkiet), ez naiz gogoratzen oraintxe zein zan. Ezezagunaren xarmaz, abenturaren ederraz, halako zerbait bota nien. Ez nituen konbentzitu, baina kalean bakarrik geratzeko asmorik ez zeukatenez ba… Ala, eskilaretan gora hirurak, nerekin batera.

Goian, artelanez betetako museo zoragarria. Egurrean landutako koadroak, oliozkolanak, benetan txundigarriak, ezagutzen ez nuen artista batenak. Imanol Elorza (Ima alabaren eskultura ederrak ere han ziren. Inork bisitatu nahi balu, adi kalearen izenari: Katrapona! 2an.)




Eta artista han zegoen! Nola galdu berarekin hitzegiteko aukera.

Zoriondu egin nuen. Esan nion izugarri gustatu zitzaizkidala bere artelanak.
Nere zoriontzeak momentuan alaitu zuelako baino, antzematen zitzaion gizonari bizipoza barruan zeramala. Oso begi alaiak, hizketa ere bizia, hor jardun genuen hizketan bere lanari buruz, eta beste kontu batzuei buruz. Ea ez nuen batere erosi nahi ere galdetu zidan, eta nik baietz, nahi, nahi nuela, dozena bat lan eramango nituzkeela etxera, baina Hipotekak ez didala uzten. Hemendik hogei urtera aber.

Zera galdetu nion orduan. Nik askotan nere buruari egindako galdera:

- Aizu eta… Ez al dizu penarik ematen, zure artelan bat saltzeak? Holako kariñoz egindako koadro bat, harrotasunez betetzen zaituena, seguru oso zurea dana… Ez al dizu minik ematen betirako beste bati emateak?

- Bai, bai - erantzun zidan - … Baina… Ilusioa ere egiten dizu, zure artelan bat norbaiten egongelan txintxilikatuta imajinatzeak

Argazki bat ateratzen utziko al zidan, eta ezetz, berari bakarrik ezetz. Umeekin bazan, tira ba, baietz.

Eta halaxe atera nien, lau artistei, egun zoragarri hura gogoratzen lagunduko digun argazkia.




____


(Mezua bukatze aldera… Hemen nagoen ezkero…

40 euro ere galdu zitzaizkidan egun hortan, olatuei begira, praketako zulotik erorita. Eskertuko nioke hartu zituenari - zaila, baina izan liteke mezu hau irakurtzea zorioneko zortedunak - ba… Bueltatzea asko eskatzea litzateke, baina behintzat erantzun bat uztea, dirua zertan gastatu zuen kontatuz. Ez dakit ba… Afari erromantiko bat andregaiarekin… Opari polit bat amari… faborez, utz dezala zerbait, egun hartako ozpin txiki bakarra arintzearren.

Eskerrak aldez aurretik emanez…)

____


Eta hemen segitzen dedan ezkero...

Bi argazki polit hauek ere atera nituen, arratsalde hartan. Gusto duenak, klika dezala gainean:







____

Sem comentários:

Enviar um comentário