2006-12-31

Ondoeza

Ahaztuta neukan zer zan atentatu baten ondorengo ondoeza.

Esan beharrik ez dago, ondoez hori elikatzeko hedabideak ditugula, tragediaren xehetasun txikienak emanez, errepikatze amaiezinekin; ondo aukeratutako musika, tonu eta hiztegiarekin. Oso erreza izaten da kaltetuen azalean jartzea. Oso erreza, bi lagun hauek eskonbroen azpian imajinatzea.

Esan beharrik ez dago, azken urteotan beste muturreko biktimek, ez dutela kamararik izan, ez direla hedabide guztietan azaldu, eta ez direla hauen sufrimentuaren xehetasunak erakutsi, ia inungo tokitan…

Baina gatozen gaurkora:

Atentatua gertatu eta handik gutxira, esan dute, bi lagun hoiek ekuatoriarrak zirela.

Nere buruari galdetzen diot, zergaitik zehaztu behar ote duten bi lagun hauen jatorria. Ze garrantzi ote daukan datu horrek. Pasadizo bat datorkit gogora:

Peraltan, nafarroako erriberan: zezen batek lagun bat harrapatu du eta larri, anbulantzian eraman dute ospitalera. Bi amonen arteko alkarrizketa:

- Que lo ha dejao muerto? Quién era? A quién le ha pillao la vaca?
- Nada, tranquila que era forastero.

Gaurko tragediak oihartzuna izango du, baina askoz haundiagoa izango zuen bi gazte hauek espainiarrak balira. (Askok "gaitzerdi" ere esango zuten.)


____


Eta hementxe nago ni, ondoez honekin.

Estrategiaren dantzari begira ibili gera su-etenaren hilabeteotan. Mugimendu guztien azpiesanahia ulertu nahiean. Atentatu hau ere estrategiaren urrats bat ote zan? Indarra erakutsi, negoziaketan gehiago irabazte aldera? Politikarien hitzak inoiz baino arretatsuago aztertzeko garaia da?

Nik ez dakit zuen aukera zein izango dan, baina ni dagoeneko, zeharo etsita nago. Etsita, politikariekin baino - politikari gehienekin zalantzarik gabe - politika berarekin. Etsita, partiduen jarrera beti interesatu eta kalkulatzailearekin. Nazkatuta, batzuen eta besteen estrategietaz; sufrimentua erregela desberdinez neurtzen ikusteaz; ia denen isiltasun, edo epeltasun lotsagarriaz, segun zeinen bidegabekerien aurrean.

Hemendik aurrera, zer? Atzera hilketa gehiago, eta ondorioz, ezinezkoa badirudi ere, errepresio gehiago? Mendekuaren bi koloreko tronpoari begira begira, jira eta jira nola dabilen?

____


Albistegia ikusten jarraitu det. Sadam urkatu dute. Luze aritu dira horretaz. Bukaeran, bost segundutan, gaur Iraken laurogei hildako izan direla aipatu dute, bonba-autoen eraginez.

Eta Langraitzen, beste preso bat agertu da hilik. Hamargarrena aurten.

___

Sem comentários:

Enviar um comentário