2006-12-11

Sustatu lehiaketarako, nere proposamenak

Ezingo naiz Sustaturen urteurren jaira jun, asteazkenean.

Ilusioa baneukan Ipod bat izateko, lehiaketan parte hartzeko, baina bertara azaldu ezean, premiorik gabe geratzen zera ta... Hurrengo urteurrenerarte itxoin behar!

Egin ditut nere aukerak ordea, kontutan hartuta, baten proposamenak, bakarrak izanik ere, suposatzen dutela nolabaiteko saria, izendatuentzat.

(Tira, Amatiñok ez dakit sari gisa hartuko duen berea baina…)

Horra, nere aukera:

Alde batera utzi ditut jenioak: Markos, Xabier, Anjel, Katixa… Hoiek badute nahikoa satisfazio beren buruarekin, sarien beharrik gabe.

Inklinazio sentimentalak ere alde batera utzi ditut. Nere maiteñoak, berdin maite zaituztet, ez zaitezte zapuztu. Zeharo objetiboa izaten saiatu naiz.

Hauek dira nere izendatuak:


1.)

Amatiño: Hugo Chavez mezuarekin.

PNVren orbitan, hor goian, Ibarretxe, Imaz, Txabarri eta abarrekin igande eguerditan pintxoak jaten susmatzen dedan pertsona batengandik etorrita, oso esanguratsua iruditu zitzaidan mezu horretan datorren pusketa bat. Hauxe hain zuzen:

"Daturik gehienen arabera, Chavezek ez du azken urteotan aurrez agindutakorik bete. Petrolioaren prezio-igoeraz kristoren dirutza bildu arren, behartsuen kopurua ez da gutxitu Venezuelan eta aberatsena, ostera, gehitu egin da. Hala ere, jendeak agindutakoa bete ote den ustea badu... gaitzerdi. Politikan gauzak ez dira diren moduan, diruditen moduan baino."

Eliza katolikoak egindako pekatuengatik barkamena eskatu zuen hura baino garrantzitsuagoa iruditzen zait Amatiñok esandako hau. Aitortza hori, AHT eta antzeko beste batzuen garaiotan, oso garrantzitsu eta argigarria iruditzen zait.

Pendiente daukagu beraz, gauzak benetan nola diren jakitea. Politikariek eurek onartzen baitute gauzak itxuraz modu batera direla, eta benetan beste batera.

(Gaitzerdi dio Amatiñok. Nik triste, kezkagarri, onartezin… Beste izenondo batzuk aukeratuko nituzke, baina Amatiñok "gaitzerdi". Esan bezela, argigarria.)


2.)


Magic ikateroa: internet ez debekatu. Formazioa eta informazioa dira bidea.

Zenbat ikas daitekeen ikateroekin, eta ze eskertzekoa eta eredugarria dan, erakusten duten zintzotasuna.

Horra, mezu nabarmen honetako pasarte bat:

"Baina ardura guztia ez nuke nik gurasoengan deskargatu nahiko, izan ere, hezitzaileok oraindik ere badugu erantzukizun handia. Onartezina da, gaur egun, nire lagun baten semeari (institutu batera zihoan bigarren batxilergoan) iaz entzun niona Jolausen Jakinstein blogari buruz eta bertan topa daitezkeen simulazioak, ariketak eta abarri buruz hitz egin nionean:

Guretzat, hori amets bat besterik ez da. Gure irakasleek ez digute uzten interneten sartzen eta ordenagailuak apaingarri gisa daude. Ia inork ez ditu erabiltzen eta matrikulazio kanpaina iristean, informatikako gela irekitzen dute argazki batzuk ateratzeko. Horretarako dauzkagu ordenagailuak.

Gisa honetako adierazpenak entzuten dituzunean, ohartzen zara zeregin handia daukagula, handiegia esango nuke, irakaskuntza bere putzu beltz horretatik ateratzeko. Nola eskatuko diegu gurasoei jokabide zentzudun bat, aldameneko irakasle batek munduko gauzarik gaiztoenarekin parekatzen duen bitartean?
Nik, guztion eginkizuna, esaldi motz honekin laburbilduko nuke:

Ikustea ez debekatu, begiratzen erakutsi."

Eskerrikasko Magic, eta ikateroak, zuen eskuzabaltasunarengatik.

Eta bukatzeko, nire hirugarren proposamena:

3.)

Sorpresa bat, txispaz betetako idazle ezezagun bat bapatean nere pantailan, euskera zoragarriz idazten duena gainera.

Nik mezuak sobre lakratuetan bidali eta, inkonpresiñoa zabaldu biharreko tesoroa dala pentsatzen duen artista honen mezuak, egunero irakurri nahi nituzke!

Matzorriano: txakurren kontue.

____


Tira ba, ondo ondo pasa Sustatu jaiean, eta jun ezin degunokin akordatu! (Nola hala kontsolatuko gera, flickerren klikatuz bost minuturo jaialdiko argazkien bila; ezagunak dira kuxkuxeatzeak osasunarentzat dituen onurak ;-)

____

5 comentários:

  1. Trapero, hasi naiz pentsatzen ez zarela inoiz Blogs & Beers batera etorriko, kauenlatxota! Tira, espero dut garagardoa edo kriantza goxoren bat emango digutela... pintxoak irensten laguntzeko.

    ResponderEliminar
  2. Patxi! neu banoia barren! Pentsatzen neban bertan ikusiko zindudala! Lastimia!
    Hurrenguan, akaso!

    ResponderEliminar
  3. Aupa, Patxi! Lehenik eta behin, mila esker aipamenagatik. Eguna joan eguna etorri zuk erakusten duzun konpromisoa eta hezkuntzagatik ardura beste guraso askok erakutsiko balute, heziketak bestelako bideak urratuko lituzkeela ziur nago...

    Bigarrenik, nik ere, Leireren antzera, han ezagutzeko esperantza banuen. Lastima! Beste batean beharko du izan! :-)

    ResponderEliminar
  4. Benetako zorte txarra, orain artekoa. Erremedioren bat ipini beharko da! Ea hemendik aurrera.

    Ondo pasa Durangon!

    ResponderEliminar
  5. Durangon??? Zertan ari ote nintzen pentsatzen...

    Ondo pasa Arrasaten!

    ResponderEliminar