2006-12-30

Xabier, Patxi, eta Moru

Aurrekoan Xabierrek



paseatzera atera ninduen.

- Patxi, kontzertu bat omen zegok Urretxuko gaztelekun, etzekiat ondo zeinena. Igual ziok. Animatzen al haiz?

Nere exekutibo bizimoduan toki gutxi izaten dute holakoek. Gonbidatzailearen kategoriarekin uztartuz gero… Nola uko egin holako gonbidapen bati?

Ondo pasa genuen. Kantautorea, Deustuko - uste det Deustuko - Jon U. - uste det Jon U. - Ez zan Pablo Milanes prezisamente. Bere abestien hitzak ez ziren Silvio Rodriguezen mailakoak seguramente, baina ez gintuen utzi indiferente, eta zer eska dakioke artista bati, ikuslearengan zerbait piztea baino, zerbait hori edozer dala ere?

(eguneraketa: artista Jonu da, Deustukoa, eta badu bere weborria.)

Zerbeza batzuk, aurretik, bitartean, eta ondoren, eta etxera biok, pozarren.

Trapero honi hala ere, idazle haundi honen aldamenean, begi artistikoa zolitzen zaio, nahi gabe, eta halaxe geratu zan iltzatuta garunean indar poetiko haundiko argazki bat, orain marraztera noana:

Negu gorria. Hotza. Arimarik ez kalean. Bi lagun tabernara bidean… Iskina atzean uztean… Hantxe, hirugarren mundua.

Senegaldarrak. Ikatza baino beltzagoak. Top manta ibiltariak, dozena erdi bat. Gutxitan ikusten ditugun moduan, taldeka. Hantxe kanpoan, hotzez akatzen zalantzarik gabe, Gaztelekurako sarrera debekatuta balute bezela.


____


Xabier eta biok, lehenengo mundua, barrura sartu ginen, Jon U.renak entzutera. Artista hau kezkatzen duten gaiak kantuen bidez aditzera. Hurrenez hurren: askatasuna, ekologia, presoak, tortura, irlanda, gose greba… Eta… maitasuna. Maitasun balada bat ere bai.














Nere artean, kontzertuaren momentu batean:

- Zein ote lirateke, kanpoko Senegaldarrek aipatuko lituzketen gaiak, beren abestietan?


____


Gaur jaso det erantzuna:


- Patxiiiiiii

- Hombre, Moru





aspaldiko! Zer zabiltza?

- Hementxe! Je je je je… qué, no me viste el otro día, en el Gazteleku, en la entrada?

- Aiba, keba! Ez nintzen konturatu han zeundenik! Han zeunden? Joe, pentsatu nuen e? Ez al da egongo Moru hemen? Eta zertan ari zineten ba han danak alkarrekin?

- Kotxea etorri, eta eraman etxera, Bilbora, je je je je…

Bere bizimodua kontatu dit, bere hortza txuriak etengabe erakutsiz, - ez baitaki parre egin gabe hitzegiten - beti bezela. Betikoa, gutxi gora behera. Ea ez al dedan ezagutzen jendea behar duen lantegiren bat. Oso bizimodu nekagarria dala berea. Batzuetan asko saltzen duela, beste batzuetan batere ez. Etxera dirua bidali nahi duela hilero, eta zerbait seguruagoa behar duela.

Nere artean: tira ba. Hauek izango lirateke Senegaldarren abestien gaiak orduan: lana, atzerria, herrimina, - esplotazioa beharbada-, biziraupena…

- Ei, eta zure Bilboko neskalagun hura?

Parre egiteari utzi gabe, aitortu dit, begi tristez, neskak utzi egin zuela, egun guztia lanean ematen zuelako eta neskari behar adina denbora eskeintzen ez ziolako.

Tira ba. Lana, atzerria, herrimina, - esplotazioa beharbada - , biziraupena… Eta…

Maitasuna. Maitasun balada bat ere bai.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário