2006-02-28

Aurrera doan herria

Ekonomiaz inork ulertzen al du zerbait?

Ekonomialariek ba al dakite benetan gure ekonomia noruntz dijoan?

Inungo espezialistak esan beharrik gabe, gauza nabarmena da gauza oso azkar dijoala, teknologia ziztu bizian aldatzen ari dala mundua…

Politikariek ba al dakite norutz dijoan gure ekonomia? Zertan oinarritzen dira? Ez baitira ekonomialariak…

Haiek esango diete. Adibide errexak ipiniko dizkiete. Edozeinek ulertzeko moduko adibide eta zenbakiak.

Eta nik horixe nahi nuke ba. Adibide errex errexak. Hainbeste daukagu, hainbeste gastatzen degu; horregatik gastatzen degu hemen edo han, hauek dira aurreikuspenak.

Hori batez ere, hauek dira aurreikuspenak. Honetan oinarritzen gera AHT, Pasaiako portua e.a. defenditzeko...

Bitartean, ezer ulertu gabe segiko degu, eta halakoak ikusiz, zer pentsatu ez dakigula geratuko gera, behin baino gehiagotan...


Aurrera doan herria




Bideoa ikusten ez?, klik hemen

_

2006-02-27

Lainoa desegiten danerako

Tristura sartzen zait, tartean tartean halako berriak entzuten ditudanean, hedabideetan: Museo bat erre da, Talibanek milaka urte zituzten eskulturak suntsitu dituzte, lurrikara batek ez dakit nungo aztarna arkeologikoak hauts bihurtu ditu…

Aztarnarik ezean, esistitu ez balira bezela da.

Baina nere samina haundia bada ere holakoetan, atzo sentitu nuena baino txikiagoa da.

Orain kazetari dabilen lagun batek esan zidan atzo, berak gaizki idazten duela, betidanik bota egin izan dituela berak idatzitakoak. Batzuk, erre ere egin izan dituela.

Benetan gaizki idatziko balu ere. Alajaina. Berak idatzitakoak, gehiago edo gutxiago, bere ispilu dira!

Ez dakizue ondo lagunok, ze neska alaia dan, ze bizitasuna duen… Urretxuko frontoian kabitzen ez dana.

Mezu honek lagunduko al dio, hemendik aurrera idatzitakoak gordetzen. Gutxi batzuk besterik ez bada ere. Edozein dala ere gauzak diren bezela ikustea galerazten dion lainoa, hau desegiten danerako. Garai bateko aztarnak ikusiz, egunen batean, hemendik urte batzuetara – hilabete batzuetara - , harro senti dadin, bere burua idatzi hoietan ezagutuz, merezitako poza har dezan.

_

2006-02-26

Gustoko ezustekoak

Aurrekoan nahikoa parre egin nuen.

Oso ondo pasatzen det Stickam zerbitzuan zuzenean egoten dan jendeari begira.

Konturatzen naiz, mundua zabala bai, mugagabea (ia) bai, baina ez dagoela alde haundirik mutur batetik bestera. Danok erreakzionatzen degula berdin, keinu berdinak, begiratu berdinak, erreakzio berdinak, beltzak izan, Korearrak, edo Santa Marina auzokoak (Zerain).

Hori bai, itxuraz, izugarri diferenteak, gizakiok. Bata, Estatu Batuetako armen aldeko erakunde batekoa, militarrez jantzita. Bestea, umez kargatuta dagoen Italiar gizonezko “etxekoandrea”. Bizarra duela bost egun egin gabe, narrax narraxa. Hirugarrena, mozkor koadrila bat, zeinek erokeri haundiena egingo. Laugarrena, igandetako arratsaldetako filme bateko institutotik ihes egindako nerabea, Winskonsinetik, graduazio egunean…

Zabaldu abanikoa zabal zabal, edozein adibide ipini, hortxe izango dezu, burutik pasa dakizukeen pertsonarik estrainoena.

Eta nola ez ba: “sexulariak”. Nolabait definitzeagatik. Beren burua erakutsiz, ordaindu beharreko beren orriaren publizitatea egiten duten neska panpoxak. Edo “sexygirl” "sexybabier", antzeko ezizenekin iragartzen diren batzuk, beren zati erogenoenak ia ia erakutsiz, bai baina ez, orain pixkat, gero batere ez, ikusleak majo berotuz (ni ez, ni ez, zin dagit, inoiz ez).

Eta exibizionistak. Eskaparate pornoa. Tarteka agertzen dira. Uste det bertan daudela akordatu orduko, bota egiten dituztela, Stickameko zaindariek.

Ba aurrekoan, kanpaia jotzen ari zan batekin topo egin nuen. Gerrialdea bakarrik agerian, lan eta lan, gizon saiatua. 20cmcock, izena.

Akordatzen naizen bakoitzean parrez lehertzen naiz. Hor aritu nintzen gizonari adarra jotzen. Ez zirela 20 zentimetro, gutxiago zirela. Uuuuuiii.. Hura txikitzen ari zala. Berak kanpaia jotzeari utzi, eta teklatura, neri erantzutera. Ni isildu, eta atzera lanera. Berriz beste zerbait esan, eta atzera teklatura…

Almodovar sentitu nintzen. Ez nintzen bukatu zuen arte geratu. Osasuna opa nion, eta beste norabait aldegin nuen (berak esango nuke primeran pasa zuela, ni Julia Roberts nintzela sinistuta).

Ba… Pasadizo honek, euskaltegiko beste pasadizo bat gogorarazi zidan, hau baino hogei aldiz parregarriagoa.

Hemen kontatzen dedan hauxe:

__________


Euskaltegian klase ematen nuen lehenengo urtea zan. Bazkalondoko talde bat. Hamabi emakume: erdiak etxekoandreak, beste erdiak neskameak, eta hamairugarrena: Joserra.

Primeran pasatzen genuen. Oso talde jatorra zan, eta ni, orduan ere, edo orduan batez ere, ero xamarra. Antzerki asko, jolas asko, eta katxondeoa beti puri- purian.

Ba, esan zidan Joserrak, halako batean, bazuela laburmetraia bat – oso zinezalea bera – eta ea ekarri al zezakeen erakusteko.

Nola ez ba! – nik - Ekarri ekarri laburmetraia, eta gero beroni buruz hitzegingo degu.

Prestatu zuen gizonak super 8 kamara, itzali zituen argiak…

Sekulako ikusmina danak… Joserrak zer erakutsiko…

Hasi da filmea. Ez daukat gogoan zer zan. Danak begira, adi-adi, a bai bai, ba ondo dago, ondo dago…

Bapatean, han nun azaltzen dan 15 bat (sentsazio termiko-tenporala, 2 minutu 45 segundu) iraun zuen eszena pornoa!

Bikote bat larrutan, atzeko plano bat. Sekula ikusi ditudan gizon-arraultzarik haundienak, dantzan.

Isiltasuna, ikaragarria. Fluoreszenteen txinparta-soinua entzun zitekeen.

Jarraitu zuen kortoak, minutu pare batean edo…

Argia piztu zuenean, zer zan hura!

Energiaren Euskal Erakundeak hura ikusi balu! Ekarriko zuen entxufe bat azkar asko. 20 mila etxeren energia hilabeterako bermatuta! Danak aurpegia su garretan, sekulako berotasuna!

(kontutan hartu, zine pornoa garai hartan ez zegoela orain bezela zabalduta. erdi-izkutuko fenomenoa zan)

Ni, parrez leheeeeeeeeeeeeeeeeeertzen! Lurrean ia ia.

Joserra, Beato izendatzeko moduko aurpegi txintxoarekin. Ez dakit ze azalpen ematen. Nere parre algarek ez zidaten utzi entzuten.

_________


Ai Joserra Joserra… Nik uste det ez dagoela Zumarraga osoan bera baino tipo adarjoleagorik. Izugarria da.

Esan dizuedan bezela, sekulako txintxo aurpegia. Ez aurpegia bakarrik, hizketa egiteko modua, ahotsa… Dana txintxo txintxoa.

Ikasturtearen bukaeran konturatu nintzen. Gaizki aterata, nabarmenegi geratu baitzitzaion. Zenbat aldiz egingo zidan? Berrehun alditik gora seguro.

Ikasturte guztian ibili zan gauza bera egiten. Nere ondoan eseritzen zan. Eskutan zuen orria botatzen zuen lurrera, nahitara, ni azalpenak ematen jotake ikusten ninduenean, erori egin zitzaion itxurak eginez, ni berehala makurtu nendin, eta bueltan eman niezaion…

Konturatu nintzen momentu hartan, gizona akatzeko moduko gauza zala pentsatu nuen, baina nola akatuko nuen ba, kristoren grazia egin zidan eta!

Euskaltegietan lagunok, oso oso ondo pasatzen dala.

___

2006-02-25

Hiru seme-alaba

Zenbat aldiz lotaratu ote zituen, bere hiru seme-alabak, argia itzali aurretik muxu goxo bat emanez?

Orain gaixuak, burua nahastuta dauka. Belauna minez. Ozta ozta goberna dezake bere burua.

Bakardadeak mendean hartuta dauka.

Hiru seme-alaba, baina batere ez.

_

Isilpean

Atzo bilera bat izan genuen lanean. Laneko arriskuen prebentzioaren inguruan.

Galdera-erantzunen txanda iritsi zanean, galdetu nuen, estresa sartzen al zuten, lan arriskuen zerrendan.

Esan zuten baietz. Dana dala, ez zaiola gai honi behar besteko garrantzia ematen.

Galdetu nuen gero, beste estres mota batetaz. Ez ardura haundiko postu bat duen langileak sufri dezakeenaz, baizik eta mobbing dalakoaz.

Lan-katean gorago duten arduradun edo kargu horrengandik, langile askok sufritzen duten baztertzea, gaizki tratatzea, amenazuak, irainak, mezprezuak…

Esan zuten, hori ere bai, kontutan hartzen zutela. Bazutela horri buruzko dokumentazioa, nahi izanez gero.

Honi ere arreta gutxi eskeintzen zaio. Seguruaski, isilpean ematen dalako, antzematen ia ezinezkoa dalako.

Baina ni ziur nago, neurtzea posible balitz, baja gehien sortarazten dituen arrazoia dala aterako litzatekeela.

Ez nere herrian bakarrik.

_

2006-02-24

Iñauteriak: hiru proposamen

Bota dute etxafueroa Tolosan!

Eta hemen dator traperoa, mozorrotzeko hiru proposamenekin. Egiten errez errezak, ondo pasatzeko apropos aproposak.

1. Arabiarrez


Ondo ondo, Patxi! Arabiarrez! Orijinala!

Kontua litzateke, noski, Arabiarra erakargarri bihurtzea.

Arabiar tripaundia, arabiar irripartsua, arabiar begirada-lizuna…

2006ko katalogoa besazpian duela.

Karpeta klasifikatzaile hoietako batean, hiruzpalau orri, taulaz osatuak, eta lauki bakoitzean, emakume bat, eta azken laukian, galdera ikur haundi bat.

Zure lana izango da, Jeke Arabiar aberats eraztun-urreduna zeran aldetik, zure harenerako azken emakume horren bila ibiltzea. Lorez lore, txeke liburua eskuan dezula.

(esan beharrik ez dago, zuen karpetaren edukiak sekulako jakinmina piztuko du inguruan. Zer darama horrek? Zer egiten du egun guztia emakumez inguratuta?)

Aitzakia hobeagorik ligatzeko!

Emakumeok, sentitzen det, Jeke arabiar emakumezkoak ez daude (momentuz) indarrean.


2. Anaia haundia


Dena ikusten duen begia, xehetasun guztiak jasotzen dituena, gezurraren etsai amorratua…

Zeu, trajez jantzita (haziendako inspektore baten gisan edo), serio serio, portatil bat besazpian dezula. Eskubiko eskuan, metroerdiko makil bat. Makilaren puntan, webcam bat, portatileraino txintxilikan dijoana, USB portu bateraino.

Serio serio, dendaz denda, tabernaz taberna, makila dantzan hara eta hona ibiliz, begiarekin dana “grabatuz”.

Teknofiloz betetako gure gizartean!!! Imajinatu jendearen aurpegiak, beraiek grabatzen ari zerala sinistuta!

Danak izkutatzen, danak korrika!

- Aizu! Itzaldu zazu hori faborez! Zu serio grabatzen ari zera igual!


3. Ezkondu gera!


Dotore dotore jantzita, betaurreko faxionak, lore-sorta eder bat eskuan…

Txartel bat bularrean, beste bat bizkarrean:

“EZKON BERRIA”

Gerrikotik txintxilik, soka luze bat, lata mordoska bat beroni josita.

- KLAN KLANKLA KAN KALAKLAN KLAN KLAN KLAN!!!…..

Denbora pixkat hartuz gero, paskin batzuk, jendeari banatzeko:

“Berdintasunaren legeari esker, gure maitasuna ofiziala da.”

- Aproposito, ikusi al dezue Kepa? Epaitegira ez da azaldu ta!


Binaka bestela:


- KLAN KLANKLA KAN KALAKLAN KLAN KLAN KLAN!!!…..
- KLAN KLANKLA KAN KALAKLAN KLAN KLAN KLAN!!!…..

__

2006-02-23

Mezu lasaigarri bat

"Klikatu goizero" hori da nere gurutzea. Beste azpi-izenburu bat aurkitu nahiean nabil aspaldi aspalditik, baina ez det asmatzen. Zergaitik ez det asmatzen?

Ordubete pasa det mezu bat idazten, baina azkenean zalantzak hartu nau. Buruaren eta bihotzaren arteko proportzioez hitzegiten nuen.

Zer egin? Zerekin bete gaurko espazio zuria?

Ba jende asko poztuko duen albiste batekin:

Ez dakizu zertaz mozorrotu iñauterietan? Nazka nazka eginda zaude, garai honetan urtero bezelaxe?

Lassssai! Lasai. Utzi azken momenturako. Patxitraperok hiru proposamen mundial egingo dizkizu aurki. Apenas preparatiborik-lanik eskatzen ez dutenak.

Bata, ligatzeko apropos aproposa (gizonezkoentzako baino ez, ze pena)

Bigarrena, parrez lehertzeko modukoa, izugarria.

Hirugarrena, aurrekoak biak batean biltzen dituena.

Berandu da ta, jakinminarekin uzten zaituztet.

Ea tartetxo bat noiz hartzen dedan.

_

2006-02-22

Gerritik heldu nion eta...

Alkarrekin egon ginen.

Gaua, musika, alkohola, dantza, eta…

Gogo biziko muxu bat…

________


Estitxu eta biok alkarri begira geratu ginen momentu horren ondoren, zer gertatu zan, ze istorio datorren atzetik…

Esan niezazueke, hementxe, oraintxe, datozen lerrootan…

Baina, erraz lortzen diren gauzek, ba al daukate xarmarik? Asebetetzen al dute inor?

Gizakiak erronkak maite ditu. Erronkak dira gizakiaren bultzagarri. Erronkarik gabe, zozoa da bizitza, graziarik gabea.

Zenbat eta zailagoa erronka, orduan eta haundiagoa saria, haundiagoa plazerra…

Hor daukazue, eskura. Jasoko dezue, baina ez nekerik gabe. Zuen hobebeharrez, ulertzen didazue.

Sarean dago, helbide honetan:

http://www.patxitrapero.com/xxx.htm

Goiko helbidea nabigatzailearen helbide laukitxoan ipini. XXX hori aldatu behar dezue. Zenbaki egokia zein dan asmatu. 999 aukera dituzue.

Badakit, zaila da, konbinazioak ugariak dira, pazientzia galtzeko beste.

Merezi ote du saiatzeak?

Abantailatxo bat azkarrontzako. Pista bat.

Aurreko eguneko mezu hau.

Zenbakia, hortxe aurkituko dezue.


__________



Faborez, asmatzen dezuenok, ez erantzunik utzi zenbakia salatuz.

Bigarren sari moduko bat dago. Beste zenbaki batek egun horretan taberna batean ikusi nuen estriptis bat gordetzen du.

Bixigarri txiki bat, saiatuentzako.

Prest?

____



Erantzuna

(24 ordu geroago)

Bart proposatutako asmakizuna ez da nik uste bezain asmaerreza izan. Eta ez da kontua. Izan ere, saiatu arren erantzuna aurkitzen ez dutenek, edota nagiek, irudimena berdin berdin dute, eta okerreko toki batera eraman litzake.

Jolasak toki politenera garamatza. Errealitateak berriz… Hona:

http://www.patxitrapero.com/1.htm

Euskaldunon legea, bakoitzari berea. Ni, mundurako, eta Estitxu…

Estitxuk traperoporrak merezi ditu.

Bi hankako arruntok bizimodu lasaiagoa daramagu. Mutil-neska erogarriek berriz… Badute nahikoa lan beraiekiko mirespenak sortzen dituen eragozpenak nolahala leuntzen.

Eutsi horri Estitxu. Ez aldatu. Euskal Herriak asko, asko eskertuko dizu.

Eta edertasunarekin hain sentibera geranok, gehiago.

Muuuuuuuxu haundi bat.

_

2006-02-21

Nere behatz punttekin

Gaur zerua ikutu det nere behatz punttekin.

Zoriona oso gauza txikietan aurki daiteke. Ez dago munduari buelta eman beharrik, zure kontu korrentea zeroz bete beharrik, George Clooneyri/Julia Roberts-i bikotea kendu beharrik…

Ni, ikutu ezin diren, apenas pisurik duten gauzekin konformatzen naiz.

Esaterako, lerro xume batzuekin. Markosek, blogosferako lumarik jenialenak gaur eskeini dizkidanak. Merezi gabe baina. Mozkorrek eta umeek esaten dute egia, beti, eta halaxe, kotoiak ez du hutsik egin: ume bat ipini det lerro hoiek irakurtzen:

Muturra zimurtuaz batera, behatz erakuslea buruan jiraka ibili du.

Baina, ilusioa, aizue, poza. Ez nolanahikoa.

Bigarrena… Oraindik oiloipurdia ipintzen zait.

Magalik fado bat kantatu dit zuzenean, gaur arratsaldean. Nola deskribatu…

Hau ez da esajerazioa. Ez da gezurra. Malko bat aterarazi dit. Ondo gogoan hartu neska honen izena. Arteak beregan hartu du babesa, aldi luze baterako.

Eta azkenik…

Estitxuk… – barkatu Estitxu berriz ere zure izena erabiltzen badet orri zuri hau gloriaz betetzeko, hain da zaila zu gehiago ez aipatzeko agindua betetzea – zer esango, gaurko programa bukatzeko…

Muxu bat bidaltzen ziola, Urko Aristiri, sareko BIGARREN MUTILIK XARMANGARRIENARI!

Libra nazatela Marik, Tartalok, Basajaunek eta San Saturninok lehenengo postu hori neri dagokidala pentsatzetik. Ez nadin erori hainbeste deitoratzen dedan harropuzkerian…

Baina nitaz ari zala pentsatze hutsak…

Malko bat ote da hau ere, hemen begi ertzean irten nahiean dabilen hau?

______


Estitxu. Aukera kosmiko horri kaso eginez :

Azkarra zu, bizia zu, lehen postu hori beste batena bada ere, hori esanez, zalantzarekin zigortzen nauzu… Zigor goxoa, maitasunezkoa, baina zigorra, azken finean…

Ez dezu ondo ezagutzen traperoa…

Ez zera gogoratzen? Alkarrekin egon ginen. Eta badaukat, inolako photoxopik ikusi ez duen dokumentu grafikoa, froga ukaezina.

_

2006-02-19

Euskaldunberrien pagotxa

Euskera ikasi edo hobetu nahiean zabiltza?

Mintzapraktika beharrean zaude, baina zure lan ordutegia dala eta ezin zera euskaltegi batera jun?

Jun zintezke, baina nahiago zenuke ordutegi malguagoa? Nahiko zenuke irakaslea, mintzalaguna, edozein garaitan zuretzako prest egotea?

Nahiago zenuke mintzapraktika zure etxean bertan egitea?

Ba orain badaukazu aukera!






Mintzalaguna


Danok ezagutzen degu Mintzalaguna ekimena.

Doako zerbitzu berri honi esker, posible da orain mintzalaguna ekimenari sekulako bultzada ematea.

Ordenagailu bat, mikrofono bat, eta sare-konexio bat, ez da besterik behar.

Sareko web-orri batean zerrenda bat. Irakasle-mintzalagun bolondresak, Bakoitza bere etxean, nahi duenean konektatzen. Edo aurrez hitzartutako ordutegian bestela.

Hariaren beste aldean, euskera ikasten edo hobetu nahiean dabiltzanak. Konektatzen diren momentuan ze irakasle prest dauden ikusi, eta momentuan, hauekin hizketan hasten direnak.

Kamarak ikara ematen duela? Arazorik ez. Ikasleak ahotsa bakarrik erabil dezake.

Binakako alkarrizketa pribatuak ere posible dira, taldekakoak bezelaxe.

Etxeko babes eta intimitateak asko lagun diezaioke euskerarekin ondo moldatzen ez den bati. Eta hasierako errezeloak gaindituta, oso gauza erakargarri eta atsegina da komunikazio bide hau.

Ikasten ari den jende askok konfidantza falta izaten du hizketan egiteko. Aukera honek, konfidantza hartzen sekulako bultzada emango lieke.

Gerora, poliki poliki, ohiturak lagunduta, segurtasuna irabazi, eta denborarekin, euskera izugarri ikasteaz gain, harreman politak ere sortu daitezke, saretik kanpora.

Idatzizkoan zalantzak? Hortxe dago txat-a. Edo IKTroek erakutsiriko beste erreminta batzuk.

Mintzalaguna sortu zenutenok, hortan zabiltzatenok, gogoan hartu, aukera berri hau.



Euskera ikastearen abantailak.


Bigarren zati hau, hartu umorez mesedez, baina ezta hain umorez ere. Badu bere mami fundamentosoa.

Badago fenomeno bat, soziologoek benetan ikertu beharko luketena.

Egia esan, nik Zumarragako adibidea baino ez det ezagutzen, baina bertan, Bisasti AEK euskaltegian eman ziren estatistika ikaragarriak kontutan hartua, fenomenoa askoz zabalagoa dala, Euskal Herrian edonon errepikatu dala pentsatzera naramate.

Zenbat irakasle-ikasle bikote sortu ziren! Zenbat!

Garai hartan, oso publizitate kaxkarra egiten genuen – irakasle ibili nintzen bertan, hiru urtez-. Erabat kaxkarra. Fenomeno honetaz jabetu bagina, erabili bagenu, sekulako arrakasta izango genuen.

- Aurkitu zure laranja erdia, Bisasti AEK euskaltegian!

Benetan gainera.

_______


Erotika, toki jakin batzuetan, oso indartsu sumatzen da.

Uniformearen erotikaz hitzegiten da, adibidez, eta egia esan, oso zabaldua dago. Erizainak, suhiltzaileak, butaneroak…

Erotika usaitzen da igerilekuetan, hondartzetan.

Erotika herriko festetan, ura protagonista den tokietan batez ere.

Erotika hainbat eta hainbat tokietan…

Eta nola bada ez aipatu, irakasle-ikasleen arteko erotika. Erotika eskoletan, fakultateetan… Erotika euskaltegi eta barnetegietan!

Euskal-Herria omen da, jaiotze tasarik bajuena duen herrialdea, europan (nafarroa uste det dala txapeldun).

Hemen daukagu ba aukera. Euskera ikasiz… zure bikotea aurkitu! Euskaltegiak, sare-mintzaguneak, ligatzearen tenpluak!

“Sareko-Mintzalaguna ekimena martxan hasi zanetik, euskera hobetu nahiean dabiltzan herritarren kopurua izugarri hazi da. Eta benetan aipagarria, ekimen honen bitartez, edo aitzakiaz, sortu diren bikote berriak. Fenomeno aipagarri eta txundigarria”

Txantxak alde batera utzita, xehetasun maitagarri bat hemen. Askotan ikusi dituzuen aktore hauek, blog honetan zein beste hauetan...

Euskaltegi batean sortutako bikote baten umeak dira.




Bideoa ikusten ez?, klik hemen

_

Imana

Komikotasuna, batzuetan, gertuago dago ilunetik, txinparta hutsetik baino.

Nere lagun hau ez da, inola ere, kalean zoazela atentzioa deitzen dizun hoietakoa, zer dakit nik, jantzi deigarriak eramateagatik, edo pirzing ikusgarriak erakusteagatik, edo takoi esajeratuekin ibiltzeagatik. Ez ez. Bera guztiz arrunta da, gehienok bezelaxe, ia ikusezin gertatzen dan hoietakoa.

Horregatik, erantzunik ez duen galdera da berarentzat, zer ote daukan berak, bere inguruko buru-nahastu guztiak erakartzeko.

- Zer daukat, imana edo?? – dio nere lagunak etsiturik.

Tira, berari ere, sakon sakonean, grazia egiten dio.

Batean, tranbia batean zihoala, bere ondokoak hirugarren bati labana atera zion, bere onetik guztiz aterata. Hor ikusten dezue nere laguna, Koffi Annanek baino tentu gehiagoz, odolberoa lasaitzen, han odol-ttanttorik izan ez zedin.

Labanaduna, ez dakizue ze gustora nere lagunarekin, hitz eta pitz, ertzantzak eraman zuen arte zazpi apeadero geroago.

Beste batean, heldu dio batek estu-estu besotik, eta esan dio:

- Agorafobikoa naiz. Mesedez, lagunduidazu etxeraino iristen!

Ala, Amaratik Groseko azken puntaraino! Nola utziko zuen ba lagundu gabe?

Baina onen-onena, beste hau:

Hantxe nere laguna, beste batekin, biak txintxo eserita, isil isilik, helatu bana jaten, Donostiako kafetegi batean…

Hurbildu zaio begiak beren kabitik ihes egin beharrean dituen bat, eta esan die, begi niniak nere lagunaren begi-ninietan iltzaturik:

- ¿y vosotras, de qué crimen sois?

_

2006-02-18

Txikiak gera baina...

Aurrekoan, harrotasuna sentitu nuen, izugarrizkoa.

Historian zehar ez degu zorte haundirik izan, euskaldunok. Izan gintezkeen Luxenburgo bezelako estatu bat adibidez, asentatua, inolako burukominik gabea. Euskaldun hutsa. Edo elebiduna, elehiruduna, berdin dio, baina asentatua, gure auzoek errespetatuko lituzketen mugekin, subirotasunarekin…

Oso karta txarrak tokatu zaizkigu.

Txikiak gera. Nola edo hala eusten diogu gure harrotasunari, gure sustraiei, gure ohiturei, gure diferentziari. Gure hizkuntzari.

Gure txikitasunak, gure ahuldadeak, asko baldintzatzen ditu euskaldunok erabili eta erabiltzen ditugun bideak pakea eta egonkortasuna lortzeko. Batzuetan bete betean asmatuz, beste batzuetan, bete betean hutseginez…

Baina edozein modutara…

Ze jatorrak, eta ze maitagarriak geran!

Aurrekoan, gutxi-gutxigatik ez nuen lortu Berriak zuzenean eman zuten ekitaldia eskeintzea, nere telebista txikian. Real Player dalakoa instalatzea eskatzen zuen Berriak. Lortu nuen, baina kostata, formulario mordo bat zeharkatu beharra. Endredoa gainditutakoan, bazegoen misterioren bat nere ordenagailuaren bizkarrean. Zuloren bat, konfigurazioren bat gaizki edo, halako zerbait.

Hor ibili nintzen makurtu-altxatu-makurtu-altxatu, probak egiten, ero moduan…

Bukatu bezain pronto lortu nuen, lastima. Bestela, ilusioa egingo zidan, traperoenean ekitaldi hura eskeintzea, txiripaz nere orria klikatuko zuen pertsona bakar batentzako bazan ere, hemen ikus eta entzun lezan, ezer instalatu beharrik gabe.

Ba, makurtuta nengoela, kable artean… Hitzaldiaren bukaeran, galdera-erantzunen tartean, zoragarria izan zan bertan bildutakoen jarduna aditzea. Ez nuen oso ondo entzuten, ez nengoen guztiz adi, kateatuta kable artean, baina aizue…

Audientzia nazionalaren mendean, mende mendean, eskuak guztiz lotuta, hain babesgabe – Jose Maria Elosua abokatuak ipintzen zituen adibideak ez sinisteko modukoak -, kartzelaren itzala hain present, han zeuden asko… Eta hala ere, hango parreak, hango konplizitatea, hango alaitasuna!

Ez ditut imajinatzen, asko saiatuta ere, gu baino haundiagoak diren hoiek, horrela jarduten, egoera berean.

Horixe ba lagunok. Hain trapu politak erakutsi gabe, nola geratuko nintzan ba.

_

2006-02-17

denboraren makina

Aurrekoan hitzegin nuen denboran zehar pasioan ibiltzeaz.

Gaur nere aitaitarekin gogoratu naiz. Zer izango litzatekeen denboraren makina baneuka, gaur gauean erabili banu.

Hementxe eseriko nuke aitaita Paco, nere ondoan, Franco hil zaneko garaitik ekarrita. Lehenengo sustoa pasa ondoren, galdetu egingo lidake, lehenengo gauza, ea ze demontretarako dauzkadan bi telebista bata bestearen ondoan. Zertarako bi. Batekin ez al daukadan nahikoa.

Esango nioke bietako batekin (ordenagailuarekin), Finlandian dagoen neska Ondarrutar batekin, Ordiziako beste batekin, eta Elgoibarko hirugarren batekin aritu naitekeela berriketan, gure ondo-ondoan baleude bezela…

Adi adi, isil isilik entzungo luke alkarrizketa (gaur izan degun alkarrizketa). Ondarrutarra ikusi ere egingo luke, begiak zabal zabalik dituela…

Eta bukatutakoan, esango lidake:

- Patxi, ateraidazu bono bat.

_

2006-02-16

Momentu mistikoa

Jon Martin, bere blogean:

“Idazle bati (Liebig-i, oker ez banago) irakurri nion behin honako esaldia: "Denok daramagu barruan suizida bat, baina gehienona suizidatu egiten da".

Emaizkiozue arrazoiak suizidatzeko gure baitako suizidari. Zergatik merezi du bizitzen jarraitzeak? "

Eta nik hauxe erantzun det :

“Estitxu Fernandez”

__________


Gauza haundi bat esatera noa.

__________


Estitxu Fernandezek nik blog honetan – eta beste batzuetan – bota dizkiodan lorak irakurri ote ditu?

Ze aukera daude?

Ez gaitezen itsutu. Bloga oraindik oso fernomeno bazterrekoa da. Baina, Estitxuk aktualitateari etengabe erreparatu behar dio. Bere lana da.

Berriako lagunek, hainbat aldiz ondratu naute, blogtekan nereak erakutsiz. (Gaizki pentsatzen hasita nago. Nere iritziak batere balio ote du? Bernardo Atxaga potentzial bat ote dago nere baitan?)

Ez nadin asko urrundu gaurko haritik. Zera esan nahi nuen. Estitxu Fernandezek Berria irakurtzen duela, eta litekeena dala inoiz Patxitrapero izena bere begi-ninien aurrean suertatu izana.

Sarean ibiltzen ote da? Zalantzarik gabe. Beraz, Euskal Herriko albistegi digital nagusia ezagutzen du, Sustatu ezagutzen du. Hor ere azaldu naiz tarteka.

Beste aukera bat.

Ea gehiago: Estitxu Fernandezek jende mordoa ezagutzen du. Eta nik berari botatako lorak blog honetan, esan dezagun,

partikular

xamarrak

dira.

Onak ez dakit, baina gogoratzeko modukoak bai behintzat.

Norbaitek esango al zion? “sartu sartu blog horretan! Ikusiko dezu…”

Lagunok: dilema haundi bat zabaltzen da nere aurrean, Estitxu Fernandezek nere lorak irakurriko zituela kontutan hartuta.

________


Goenkaleko Maria Luisa

- Sinberguentza!! Gaiztoa! Kartzelan egon beharko zenuke!

Hortik gorakoak esan izan dizkiote Kontxu Odriozola gaixoari, ezezagun batzuk, berarekin kalean topo egitean. Duela gutxi irakurri nuen.

Arrazoia jakina da: gezurra dirudien arren, jende askok ez ditu pertsona eta pertsonaia bereizten.

Hummm… Ez al degu danok hori egiten?

Zabal ditzagun begiak. Telebistan azaltzen zaigun Estitxu, ez da erreala. Estitxu beti irripartsu egotera behartuta dago. Egun horretan kanarioa hil bazaio ere, senargaia bere urtebetetze egunaz ahaztu bada ere, eguerdiko lentejek kalte egin badiote ere. Beti maitagarri. Beti irripartsu. Beti entusiasmoa kutsatu beharrean…

Ez degu ezagutzen benetako Estitxu.

Deskuidoan, - zeinek daki - bai izan du blog honen berri. Eta tarteka sartu da – zeinek daki - . Eta nik hura hemen hainbestetan aipatzeak, amorrarazi egin du. Bera pertsona arrunta dalako, bere gorabehera arruntekin. Bere aldarte normal normalekin. Badaki soldatan holakoak sartzen direla, baina ez du gogoko berak erabakitako tokiez aparte, inon nabarmentzea… Ez du gogoko nere tema hau berarekin…

Zer egin?

______


Agur.. Estitxu maite…

Ederra zera. Maitagarria. Txoratuta geratzen naiz askotan zuri begira, baina kontzientziak kosk egiten dit, zu pakean uztea erregutzen dit.

Nola aio esan Estitxuri ordea, besterik gabe? Ezer utzi gabe? Zein eta Patxitrapero? Ez nintzateke ni izango isil isilik jungo banintza…

Ez. Aiorik ez… Neretzako momentu mistiko bat zer izango litzatekeen kontatu gabe.

____


Usurbil.

Urbil merkatal zentrua.

Goizeko hamar t’erdiak.

Banua enkargu bat egitera. Ez dabil apenas jenderik. Toki haundietan jenderik ez dagoenean hain nabarmena egiten dan isiltasuna baino ez, bisitari urrien arteko tartea betetzen...

Eskilara mekanikoak…

Pausu bat egin det aurrera. Banaramate gorantza.

Neska bat goiko aldean, beherantza.

Nere bihotzak eman die nere begiei abisua ei! Arreta jartzeko. Bera da. Estitxu da.

Dutxatu berria. Bere ile kixkur zoragarriarekin. Zuriz jantzita. Dir-dir egiten duen irriparretxoarekin…

Mundua gelditu egin da. Ez. Geldoago doa. Guretzako bakarrik. Destinua da. Gure bideak alkartzera doaz. Ezinbestez. Badator... Banoa... Badator... Banoa... Badator... Banoa…

Alkarren ondoan suertatu gera... Destinu goxoa…

Begiratu egin dit… Xamurki, goxoki… Ezagutu egin nau, badakit…

Atzera urrundu danean… Orain alderantziz, ni goiko aldean, bera behekoan…Burua jiratu du…

Irriparre bat eskeini dit…


Momentu mistikoa. B bertsioa.


Usurbil.

Urbil merkatal zentrua.

Goizeko hamar t’erdiak.

Banua enkargu bat egitera. Ez dabil apenas jenderik. Toki haundietan jenderik ez dagoenean hain nabarmena egiten dan isiltasuna baino ez, bisitari urrien arteko tartea betetzen...

Eskilara mekanikoak…

Pausu bat egin det aurrera. Banaramate gorantza.

Neska bat goiko aldean, beherantza.

Nere bihotzak eman die nere begiei abisua ei! Arreta jartzeko. Bera da. Estitxu da.

Dutxatu berria. Bere ile kixkur zoragarriarekin. Zuriz jantzita. Dir-dir egiten duen irriparretxoarekin…

Mundua gelditu egin da. Ez. Geldoago doa. Guretzako bakarrik. Destinua da. Gure bideak alkartzera doaz. Ezinbestez. Badator... Banoa... Badator... Banoa... Badator... Banoa…

Alkarren ondoan suertatu gera... Destinu goxoa…

Begiratu egin dit… Xamurki, goxoki… Ezagutu egin nau, badakit…

Makurtu egin da.

Ikusten ez nuen erratz kirten bat altxatu du. Vileda izenekoa …

ZANBA!

Lepazurrean, zartateko galanta eman dit.

- Aguuuur.. Patxitraperooooooo… Kontent bizi….

Irriparrea une batez itzali gabe, umetxoei bezela, aio, aio, esan dit.

_

2006-02-15

Benetan azkarra

Ez dakit amets egin dedan, ala benetan irakurri dedan:

Denboran zehar bidaiak egiteko aukera aztertzen ari dira zientzilariak?

Enekorenean irakurriko nuen? Ez dakit ba.

Zirristurik badago, inork esperantza txikiren bat badu, akaso ikusiko degu. Zeinek daki. “Ezinezko” hitzaren indarra pobretzen ari gera gutxinaka gutxinaka, gizakiok.

Bitartean baina, bizitzea tokatu zaigun hau besterik ez degu ezagutuko. Zerura bagoaz ere – gureaitazeruetanzerana - beste festa bat izango da hurrengoa, ez hau.

Horregatik da oso garrantzitsua, jakituriaz jaztea, ikasteko grina izatea, etengabe, tokatu zaigun honetan, ahalik eta erosoen eta kontetuen bizitzeko.

Jakintsuek abantaila dute beraz?

Ez dauka zertan. Oso adimentsu diren batzuk, zailtasun izugarriak dituzte begi bistan dutenaz jabetzeko. Hainbeste xehetzen dituzte gauzak, hain konplikatu bihurtzen, ez direla gauza oinarri-oinarrizkoaz jabetzeko. Descartesek zioen: gauza bat ulertezina denean, ahalik eta zati txikienetan zatitu, ulertu ahal izateko.

Kontua da, badirela gauza batzuk zatiezinak direnak. Bakunak. Bista bistakoak.

Hain zuzen, Descartes berak esan zuen, denbora gehiago eman beharko genukeela begiratzen, estudiatzen baino.


_______


Badago aitona bat Zumarragan, sekulako altxorra dana, entziklopedia bat, baldin eta norbaitek hark esanak bilduko balitu.

Nik bi aldiz baino ez det hitzegin berarekin, azken sei hilabeteotan, eta bietan geratu naiz sekulako gogoz berarekin atzera alkartzeko.

Parrez lehertzen naiz berarekin. Azkenekoan bere sexu-abentura batzuk kontatu zizkidan. Ordiziko putetxe batean, ilunpetan, ilunpea bera baino beltzagoa zan emakume batekin…

Ez noa gehiago kontatzera. Beste baterako.

Zera da kontua: ni, txundituta zeharo gizonaren umorearekin, hauxe bota niola:

- Zu gizon benetan azkarra zera.
- Zeba? – berak –
- Ba umoretsu bizi zeralako, oso alai.
- Ez daukat ba nik karrerarik.
- Karreradun jende burutsu asko dabil hortik zehar, funerariako txoferrak baino betilunago. Tituluak izango dituzte baina, argitasun askorik, ez dakit ba.
- Azkar ustekoak ordun?
- Halako zerbait.
- Badakizu zer esaten zaien azkar ustekoei ezta?
- Ez. Zer esaten zaie ba?
- Hauxe:

Ez izan, eta bai uste... Mierda pa usté!
_

2006-02-14

Trap-ero (III)

San Balentin



Bideoa ikusten ez?, klik hemen

_

2006-02-12

Bildurra?

Atzoko berri nagusia izan zan. Hegazti gripea hementxe daukagu, ate joka.

Errezena geurera ere iristea izango da. Asia aldetik honuntz dator behintzat.

Zer gertatuko da? Zabalduko al da? Itxuraldatuko al da?

Ez dakit ba. Badakidana da, badagoela gaitz bat, beste edozein gripe edo gaitz baino kutsakorragoa, kaltegarriagoa. Gurean aspalditik sustraitua, jende askori izugarri eragiten diona.

Bildurra.

Berez, ez da txarra, bildurra. Beharrezkoa da. Balizko arriskuen aurrean erne jartzen gaitu.

Baina gure gaurko gizartean, bildurra ez da bakarrik gizakiok behar beharrezkoa degun berezko erreminta. Dominatu ezin degun gaitza baizik. Gutako askoren bizia iluntzen- zurruntzen duena.


Hedabideak


Letra larriak. Harridura-ikurrak. Hipotesi ahulena puztu, albiste nagusi bihurtzeraino.

Zuhurtziak ez du saltzen. Karraxi egin behar da, ondokoa baino ozenago.

Orduro orduro albisteak irratian, telebistan. Gerrako frentearen bihotzean sortua dirudien sintonia, albistegi guztien atarian. Entzun orduko dardarez ipintzen zaituen musika.

Gogoan daukat 1985ean, Globe2000 izeneko txostena irakurri nuela, aldizkari euskaldun batean.

2000. urterako, izugarrizko tragediak iragartzen ziren. Itsasoa gorago, migrazio izugarriak klima aldaketarengatik.… Munduaren akabera ia ia. Bildurgarria.

Gero etorri zan, Estatu Batuarrek Libia erasotu zutenekoa. 3. munduko gerraren txinparta izan zitekeena; beste hainbatetan bezela. Chernobil etorri zan ondoren. Ozono geruza mehetzea…

Gogoan ez ditudan beste batzuk. Momentuan izua sentiarazi zidatenak, baina orain gogoratzeko gauza ez naizenak.

Berriki, Irakeko gerra. Musulmanak raskazielosak-trenak lehertarazten…

Hemen gaude 2006 urtean. “Modako” azken gaitzaren aurrean. Hegazti gripea. Zein gogoratzen da gaur behi eroen gaitzaz?

Aipatutako guztiak gurdi batean, eta gurdiari tiraka, mamu berbera: Bildurra.

Nik, irakurtzen nituen guztiak sinistuta, informatibo guztiak entzun-ikusi beharrean, entzuten ez banituen munduak lehertu behar balu bezela, urteak pasa nituen aingura moduko batekin. Gutxitan lortzen nuen askatzea.

Halako batean, jabetu nintzen zorionez, alperrik sufritutako denboraz, alper-alperrik bizi izandako bildurraren pisuaz.

Bota nuen halako batean aingura.

_________


Telediarioa ikusi dezue?


Sekulako idi-zaletasuna dago nere herrian. Hogei bat idi-pare edo uste det daudela, lehiarako prest, plazarik plaza dabiltzanak.

Ba aurrekoan, hegazti gripea kalean bolo bolo zebilen egun batean (bezperan emandako dokumentalen bat edo, zerbait izango zan), han nun ikusten ditudan Joxe Belarreta, eta Ipiñerrietako Inixioren semea, hurrengo idi-probaren xehetasunak zehazten edo, hizketan behintzat, bata bestearen ondoan.

Hurbildu naiz eurengana, serio serio, eta esan diet biei, zeremonia haundiz:

- Entzun al dezue azkena?

Biak harrituta, neri begira. Nere aurpegi serioa ikusita, erne.

- Zein azkena?

- Ez dezue ikusi telediarioa?

- Ez ez, keba. Zer? Zer? – biak.

- Zera omen dator…

Ondo neurtutako bi segunduko pausa…

- La gripe del buey!

Parrezka hirurak.

_

Kastitatea

Markosek aterarazi dit atzera irriparra, kastitatearen defentsa eginez, aurreko eguneko mezuan utzitako erantzunean.

Ez du arrazoi faltarik. Kastitatea ez dago gaizki. Areago, kastitatea sekulako inspirazio iturri dala esango nuke.

Hona, nere teoria:


Hitzaurrea:

Iratzargailua aukeratzen


Lagun batek esaten zidan aurrekoan, berak ez dakiela zer dan nagikeria. Gauzak egin egin behar dira? Ba egin, eta punto!

Urtu egin nintzen inbidiaren inbidiz. Nik asko sufritzen baitet nagikeria dala ta. Batez ere goizetan, iratzargailua hoska –koska?- hasten zaidanean.

Oso garrantzitsua da nagiontzat, iratzargailu egokia aukeratzea. Ez du edozeinek balio.

Adibidez:


- Pi-pi-pi-pí Pi-pi-pi-pí…. Pi-pi-pi-pí….

Eskolako garaia gogorarazten dit soinu honek. Matematika goizeko bederatzietan. Traumatikoa.


- PUUUU-PUUUU-PUUUU-PUUUU!!

Kolesterola nola daukadan jakin gabe, arriskutsu xamarra. Bihotzeko batek emateko ere.


- TRRTRRRRTRRRRTRRRRR…

Aitak oparitu zidan errelikia. Eraginkorra bai, baina arazoa itzaltzerakoan izaten da. Burnitxoari jira egin behar. Nun dago burnitxoa? Nahikoa lan esnatzearekin. Ezin hartuko ditugu bi lan.


- IRRATIA.

Onen onena, irratia. Baina klaro. Ze emisora?


- Estitxu Fernandezek irratsaiorik balu adibidez, goxo goxo, baju baju hitzegiten, “kontent esnatu” eta holakoak esanez, jai izango nuen. Irratia maindire azpira sartu igual…


- Los 40 principaaaaales!

Kajoia mesanotxetik atera eta irratia txikitu? Ez ez. Polita litzateke, baina garesti xamarra.


- Albisteak?

Jun eta esaiozu medikuari, antidepresiboak behar dituzula, goizean Cola-Caoarekin hartzeko.


- Munilla.

Es-ke-rrak Munilla dagoen.

Jose Ignacio Munilla Zumarragako El Salvador parrokiako parrokoa da. Opusekoa, edo hor nunbaitekoa. Azeri hutsa negozioetarako. Zumarragako udalak 40 miloiko subentzioa ematea lortu zuen eliza berri bat eraikitzeko. Bertan bizi da, eta bertan dabil, bere eliztarren artzai.

___


Kastitatea

Soberan dago esatea, apaiz honek kastitatea duela bete beharreko apaiz-botoa. Ba aizue, entzun egin behar zaio. Miragarria, benetan miragarria bere etorria.

Kastitateagatik izan behar du zalantzarik gabe. Bere sexu beharrak asetzen dituena, neuro-opiazeoi esker, makalago dabil. Futbolariei zerbaitegatik debekatzen zaie sexua praktikatzea partiduen aurretik.

Aizue, ba… Bere sexu beharra euste horrek, - hori izango da, zer bestela? - ze nolako gauza miragarriak lortzen dituen!

Adibidez: Ispiritu santua zer dan azaltzea, zazpi ataletan!

Orduerdiko atalak!

Egin proba. Saiatu ispiritu santuaz hitzegiten. Ezetz asmatu esaten bi esaldi baino gehiago.

Mirespena, parregurea, harridura… Koktel izugarria!

Goizetan esnatzeko, apropos-aproposa, erreminta miragarria.

Zer aurki dezakezuen goizeko zortziretan, Radio Maria emisoran, hemen. Sartu, eta gozatu luze, artista paregabe honen ikasgaiekin.


______


Charli para Txema, cambio!


Kristorena izan zan Radio Maria martxan hasi zanean. Kamioizaleen irrati-frekuentzia jaten zuen, ez dakite kamioizaleek oraindik ispiritu santuaren eraginez, ala Radio Mariaren arduradunen eraginez.

Kontua da, kamioizaleak alkarrekin komunikatu nahi, eta Munilla sartzen zala tartean.

Imajinatu:

- Txemaaaa, errotondatik gaizki! Brumbrumbrumbrum… Sekulako karabana ziok! Hartu zak Axkoititik hobe! Cambio! Brumbrumbrum…

- La fase embrionaria de la Encarnación. ¡Dios se hizo embrión! El Hijo de Dios, por amor a nosotros ¡se hizo embrión humano! Como le decimos en el Te Deum:…

- Txemaaaa! Ze esaten dek? Brumbrumbrum… Ez diat ezerre aditzen! Cambio! Brumbrumbrum…

- El máximo signo de la debilidad del embrión humano y, correlativamente, el supremo grado del abajamiento de Dios, es estar supeditado al deseo humano.

- Ze esaten dek? Deseo humano? Adarra jotzen? Zer baina? Ontzan bazkaldu behar degula gaur ere? Brumbrumbrumbrum… Txemaaaaaaa!!!


___


Ondo bukatzeko gaurko mezua:

Internet explorer-ekin bakarrik. Klikatu edozein ataletan. Aukeratu bi edo hiru lerro. Eta xaguaren eskubiko botoian klikatu.

_


2006-02-11

Gure itzala

Hemen gaude, baina gure itzala, ez da gure ondo-ondoan bukatzen. Guk uste baino urrutirago zabaltzen da.

Anjel Lertxundik, hemen kontatzen zuen, nola geratu zan Touché, Lagardère ezagutu zuenean, errealitatearen esgrima tokian.

Jun dan udan, neu ere berdin sentitu nintzela gogoratu nuen. Lagun batek, Ezkio-Itsason Urretxuar batek duen tailerrean, bonba, misil edo dana dalakoentzako buruak egiten dituztela kontatu zidanean.

Banekien Euskal Herrian arma fabrikak zeudela, baina ez dakit zergaitik, urruti imajinatzen nituen. Burgoseko mugan edo – inuxentea ni - Inola ere ez hemen, nere etxe ondoan.

Nora doaz bonba-buru hoiek? Zeinek erosten ditu? Ze herritako ejerzitok? Mixeriarik, goserik, zapalkuntzarik ba ote dago herri horretan? Umeek beren buruaz beste egiten al dute, umezurtz geratzen al dira, besorik gabe, hankarik gabe, nere etxean egiten diren bonba hoiek lehertzean?

Jakin egin nahi nuke nora doazen bonba hoiek. Gure itzala noraino zabaltzen dan ezagutu.

_____


Bururatu zait, ideia polita litzatekeela Tagzaniaz baliatzea. Gure arma fabrikak nun kokatzen diren, arma hoiek nora doazen… Ikurrez bete Euskal Herriko mapa - munduko mapa.

Ikusi, eta jabetu, noraino zabaltzen dan gure itzala.

__

2006-02-10

Ogasuna, bai esan?

- Gipuzkoako Ogasuna, bai esan?
- Bai e… Itzultzailea mesedez?
- Nola?
- Ez dago?
- …
- Bueno, ez badago berdin dio. Esaiozu Egiptologoari ipintzeko.
- Aizu, zer ari zara, adarra jotzen?
- Ez ez. Serio ari naiz. Begira, agiri batzuk bidali dizkidazue. Bertan datozen hitz guztiak kontatu ditut. 1836. Bi baino ez ditut ulertzen. "ordainketa gutuna" Esango zenidake mesedez gainerantzeko 1834ak ze kode sekretutan idatzita dauden?

____


Alajaina. Ogasuneko Zuzendaritza Nagusia. Lau gutun.

Informazioz bete beteak. Behin eta berriz irakurri nituen. Beheko laukitxoa baino ez nuen ulertzen :

« ordaintzeko guztira …… EUR».

Ene! Hainbeste diru zor det? Zer dala ta? Nundik nora? Zer ez nuen bere garaian ordaindu? Zergaitik “recargo y/o demora” hau?

Sekulako perezaz, baina halako batean lortu nuen telefonoz deitzeko indarrak biltzea – handik egun batzuetara - .

Nere pereza arrazoitua zegoen: hamar minutuz egon nintzen neska batekin hizketan. Hasieran bezelaxe geratu nintzen. Alperrik nere ahalegin titanikoa esaten zizkidanak ulertzen. Alperrik telefonoa eustea indar guztiz, berau esprimituz nere arazoen konponbidea irabaziko nuelakoan.

Badago “informatica tontoentzako”. “Sukaldaritza tontoentzako”...

Noiz kristo asmatu behar dute “hizkuntza administratiboa, tontoentzako”??

Durangoko azokan liburu salduena izango litzateke. Zalantzarik gabe.


_______


Poesia hiritarra.


Lau gutun hauek jaso nituen momentua betirako gogoratzeko modukoa izan zan.

Postariak kalean harrapatu ninduen.

– Patxi! Etorri hona. Ziurtagiri batzuk ditut zuretzako.

Ui ui uiiiii – nere artean – Malo. Ziurtagiriak, malo.

“Ogasuneko zuzendaritza nagusia.”

Reketemalo!!!!

Hantxe bertan iriki nituen. Zertarako itxoin. Banan bana. Bat, kris-kras, Bi, kris-kras, Hiru, kris-kras. Lau, kris-kras…

Zorrak. Bi.

Errekargoak. Beste bi.

Matematiketan pakete hutsa izan arren, batuketak mila eurotik gora ematen zuen.

Orduantxe. Zerutik etorritako sorpresa 4 x 4 hoien zarrrrrrrassstada nola edo hala dominatzen ari nintzen momentuan…

- Plost!

Uso bat.

Momentu magiko ahaztezin hartan, bere ekarpentxoa nere sorbaldan uztera.

Poesia, inundik inora.

Zorioneko umorea. Parrezka jun nintzen, eskilaretan gora.

_

2006-02-08

Viva la revolución!

Jun dan urte bukaeran, nere lagun batek bere Valentziako lagun bat aurkeztu zidan. Poteoan ibili ginen alkarrekin zapatu arratsalde batez, tabernaz taberna, gustora.

Zuritoak aurrera egin ahala, ur sakonetan murgildu ginen. Bizitza gora bizitza behera, gizartea gora gizartea behera.

Zuritoen aparra baino harroago geratu zan agerian bere barne-egonezina. Beharbada egun txarra zeukan. Esaten zituenak ordea, ez ziren egun hartan txiripaz mingainera etorritakoak. Oso barrenean itsatsita zituela iruditu zitzaidan.

Halako batez, Cubaren gaia atera zan:

- Patxi, zer esan dit honek, Cuban egon zerala, bi aldiz?

Egin nion laburpentxoan, esaten nion baietz, bi aldiz izana naizela. Cubak zeharo aldarazi ninduela. Arrazoi askorengatik, baina gehienbat, oinarri-oinarrizkoarekin zoriontsu izatea posible dala ikasi nuelako bertan.

Adi entzun zituen nik esandakoak; baina sarri eteten zuen nere jarduna : Kapitalismoa, sozialismoa, dirua, iraultza, zoriona… errepikatzen zituen behin eta berriz.

Iruditu zitzaidan, berak, bere barne-egonezin hori, gure gizarteari, kapitalismoari egozten ziola. Cuba goresten zuen, Cuban hobeto biziko litzatekeela zioen behin eta berriz.

Bere arrazoiekin oso etsita ikusi bainuen, hauxe esan nion:

- Laguna, ez daukazu Cubaraino jun beharrik iraultza egiteko, zoriontsuago bizitzeko. Hementxe lor zenezake.

Adibide hauxe jarri nion:


_________


Gabonak. Jostailu denda erraldoi bat. Denda iskinean dagoen mostradore batera abiatu gera jostailu erosi berriak erregalu paperez biltzera.

Ni jota nago. Nerekin dijoana ari da jostailuak biltzen. Nik ipurdia iskin iskinean dagoen koxka batean ipini det, eta hantxe nago, meditazio traszendentalean.

Zeloa daukat nere ezkerrean, esku eskura.

Eskubian, mostradore luzean banatuta, hiru emakume daude. Danak isilik. Danak serio serio. Mastikatu daitekeen isiltasun urduri hori.

Erdian dagoen gaixoak, zelo pusketa bat erabiltzen duen aldioro, nere ondoraino, zeloa dagoen tokiraino hurbildu behar du, biltzen ari dan paketera berriz itzuliz. Hor dabil gaixua bueltaka.

Nere artean: “Patxi, emaiok zeloa, ondo ondoan daukak eta. Lagunduiok.”

Ez nion eman. Ez nion lagundu.

Zergaitik?

Neka neka eginda nengoen. Banekien, edo tira, susmatzen nuen, emakume ezezagun hari zelo pusketak emate ekintza horrek, lotsaz beteko zuela. Deseroso sentiaraziko niola.

Ezezagun bat zelo pusketak ematen! Zelo itsaskorra bi behatzetan, kontaktu fisikoa, bi ezezagunen artean! Horreur!

Horraino iritsi gera.

(Cuban ez da halakorik gertatzen. Edozeinek lagunduko dizu. Baita “amorcitico”ren bat oparitu ere)

Beste edozein egunetan, iraultzaile izango nintzen. Eman egingo nion zeloa. Bere lotsa probokatuko nuen, bere hasarrea beharbada.

Mila egoera ditugu, iraultzaile izateko, Cubaraino ezer ikastera jun gabe. Mila aukera gizarte honen hotza epeltzeko, isiltasuna erdibitzeko.

Mila aukera, libreago bizitzen hasteko.

Nork bere iraultza egin, iraultza haundiagoak ahaztu gabe.

_

2006-02-07

Mezu sexuala

Duela gutxi irakurri nuen aldizkari batean, sexuak mugiarazten gaituela. Dana sexuaren inguruan antolatzen degula, sexua dala gure motorea, guk uste deguna baino askozaz ere gehiago.

Horri kasu eginda, hala dala sinistuta, - eta badirudi hala dala - harrigarria da, misterio bat, pentsatzen jartzeko moduko gai bat, zergaitik dan sexuarena intimitatera mugatuta dagoen kontu bat; inola ere ez agerian, edozeinekin, naturaltasunez erabiltzen deguna.

Hop!

Banator euskal blogosferara, berau adibide gisa erabiltzera.

Euskal blogosferara, hain zuzen, intimitateak pisu haundia duelako blogarion jardunean. Gauez idazten degu gehienetan, foko bakar baten argipean askotan, bakarrik bageunde bezela… Bai, badaukagu, gehien gehienok, lotsa askorik gabe, jendaurrean inola ere esango ez genituzkeen gauzak esateko joera.

Sexuaren gaia aparte utzita noski:

Aldizkari horren beste ale batean, irakurtzen nuen atzo bertan, desio sexualak, zeozer konplexuagoa, baina gosearen eta egarriaren mekanika bera duela.

Halaxe, euskal blogariak idatz dezake:

“Azkenaldi honetan, ez dakit zergaitik izango dan, antsietatea edo zer, baina sekulako gosearekin nabil. Ezin naiz gelditu. Frigorifikoa da nere etxeko tokirik bisitatuena”

Ez da ezer gertatzen. Ez da notizia.

Aldiz, hau esaten badu:

“Azkenaldi honetan, ez dakit zergaitik izango dan, antsietatea edo zer, baina sekulako sexu gosearekin nabil. Ezin baretu. Komuna da nere etxeko tokirik bisitatuena”

Hau bai, notizia litzateke, baina esaldi hau idatzita ikustea, e-zi-nez-ko-a da. Ez behintzat blog ez-anonimo batean.

Emakume blogariaren kasuan, zeresanik ez. Gizon batek esango balu, tira. Kontuak atera holako bonba informatibo baten titularitatea, emakume batena balitz.

(berdintasun eremu asko konkistatu behar dituela oraindik ere emakumeak, gure gizartean).

Lagunok, badakit mezu hau mugarri bat ez dala izango, ez dala inungo sua bilakatuko dan txinparta, baina irudimen ariketa bat egitera noa.

Zer izango litzatekeen euskal blogosfera, sexua naturaltasunez edonon edonorekin hitzegingo litzatekeen gaia balitz. Zer nolakoak ikusiko genituzkeen idatzita euskal blogosferan, aldian behin:

Blogari danak ezin sartu noski, hamar bat aukeratu ditut. Inor penatan geratu bada, hemen ez azaltzeagatik, utz dezala erantzun bat, gustora asmatuko dedala zerbait bera aintzat hartuta.

Goazen ba:

Luistxo Fernandez:

“Tagzanian tag berri bat sortu genuen. « firstkiss » Pixkabat urrutirago joatea erabaki nuen aurrekoan, siesta gogoangarri baten ondoren. “firstcompletsexualrelation” Lehenengo harreman sexual osoa alegia. Tagzaniaren erabilera izugarri hedatu da tag hau sortu genuenetik, duela bi aste exkax. Bushek eta Evo Moralesek ere ipini dute beren ikurra.

Tags: Luistxo, sexual, siesta, first, felation, barkatu, relation.


Josu Martinez:

Proiektu bat burutik kendu ezinik nabil azkenaldi honetan. Kitarra eta filarmonika jotzeaz batera, simultaneoki, oinarekin biluzik dagoen emakume bat masaiatzen dut. Esango nuke musikak halako ikutu berezia, berria, irabaziko lukeela. Nago, euskal kulturak asko estimatuko lukeela horrelako berritasun bat.

Bolondresik inguruan bai? Emmm… Euskal kulturaren alde?


Joxe Aranzabal:

Huezin, Humanitate eta hezkuntza zientzien fakultatean, asignatura berri bat jartzea erabaki genuen, psikologia soziala arloaren barruan. Sexualitatea enpresan. Gaur hitzaurre bat eman dut. Oso aberasgarria izan da nere lehenengo esperientzia sexualak ikasleei kontatzea. Hain zuzen, maratoi baten erdian behin, gelditu nintzen txixalarriak behartuta, eta sasi batzuen atzean han nun aurkitzen dudan…


Etiam:

Euskal abeslariak katalogatuta ditut, beren paketearen arabera. Nabarmenena Garik duela esango nuke. Txumak ere ez dauka makala. Mikel Urdangarinek oso praka nasaiak erabiltzen ditu eta ez dago jakiterik, misterio bat da, igual horregatik justatzen jata hainbeste. Ummmm!


Markos Zapiain:

Gizakia, isurketaren momentuan dago heriotzatik gertuen. Gustoko du gizakiak isurketaren momentua, bere baitatik kanpora segundu batzuez sentitzea; gehienbat “heriotza” ezagutu ondoren, bizitzara itzultzen delako. Filosofo haundi guztiak izan dira onanismo praktikante sutsuak, segundu hoietan egiatik gertuago sentitu izan baitira. Neronek, jakinmin filosofiko hutsez, goizero goizero…

IKTroak:

Oso gogorra da irakasleontzat nerabekin lan egitea. Testosterona eta hormonak bor-bor gure inguruan egunero, zaila da, segun zein egunetan, tentsio sexual ikaragarri horretatik bereiztea. Depresioa oso zabalduta dagoela irakaskuntzan, hori aspaldiko kontua da, eta arrazoietako bat hau litzateke. Desio tsunami horren aurrean etengabe babesgabe sentitzea.

Beren behar sexualak asetzea lortzen duten irakasleak osasuntsu daude. Baina besteak arazo larriak ditugu/dituzte; ondo legoke hurrengo lan-konbenioan kontu hau jasoko lukeen apartaturen bat ezartzea, arrisku-jardueren atalean, adibidez.


Kepa Dieguez

Euskaldunok errepresio haundia nozitu behar izan dugu, sexualitatearen arloan, erlijioarengatik, gizaldi eta gizaldietan. Horrexegatik, sexuarekin zerikusia duen eguraldiaren inguruko terminologia asko galdu da. Hutsune bat daukagu hor euskaldunok, eta nik hiztegi berri hori sortzea proposatzen dut. Horrela, oso egokia litzateke sargori egunetan hondartzen inguruan sortzen den atmosfera horri, “titi-brisara” deitzea…

Izotz haundiko egunetarako berriz, eguraldi “nundazakila”, egokia litzateke.

Jozulinek mezu bat idatzi zidan joan den astean, hemezortzi folioz betetako proposamenez beteta. Ricardok proposamen guzti hoien nolabaiteko galbahe bat egiteko proposatu du bere burua.

Biak zein baino zein motibatuago daude.


Katixa Agirre

Aitorpen bat egin behar dizuet, gaur eskuzabal esnatu naiz eta. Ezagutzen dezuen nere literatura, Iceberg baten tontorra baino ez da.

Nerabezarotik, mania bat daukat, egia esan, oso emankorra. Sexuak nere inspirazioa bizkortzen du, zuek ez dakizue ondo noraino. Maitasuna egiten ari naizenean libretatxo bat daukat beti esku batean, boligrafoa bestean. Harremanak irauten duen denboran, libretatxo erdia betetzeko adina ideia sortzen zaizkit. Gero ideia guzti hoiek literatura bihurtzen ditut, eta halaxe ditut idatzita ehun eta hirurogeitazazpi nobela, hogeitazazpi saiakera, laurogeitazortzi ipui bilduma…


Prospektiba

Datozen belaunaldiek ez dute sexua orain bezela ezagutuko, teknologiari esker. Wyomingo unibertsitateak sustaturiko lan-talde batek, giza-burmuinaren zati konkretu bateko informazioa jaso eta pertsona baten benetako gustu sexualak zein diren zehaztea lortu du. Hala, etorkizunean aukera izango dugu gure bikote egokienaren ezaugarriak zein diren ezagutzeko.

Teknologia hau probatzeko zortea izan dut, lan kontuak direla eta, bertara egindako bisita batean, eta egia esan, oraindik zertxobait hobetu beharrean dago, izan ere, zortzi orduko galdeketa baten ondoren, eta nere burmuina eskaneatu ondoren, makina berriak nere gustoak hau eta hau direla adierazi du.


Xabier Mendiguren:

Bai, bueno, uste dut antzematen zela, ezta? Nire liburuetan azaltzen diren pasarte sexual guztiak autobiografikoak dira.


Aritz eta Oier Araolaza

Kaixo. Aritz eta Oier gara. Aurrekoan bilera bat egin genuen, eta oso gauza interesgarrietaz hitzegin genuen. Besteak beste, bioi gustatzen zaigula dantza arrazoi berberarengatik. Emakumeen titi dantzariek hipnotizatzen gaituzte. Haien erritmora egiten dugu dantza.

Hori dela eta, krisian dagoen euskal dantza tradizionalari bultzada bat emateko, proposamen bat egitea erabaki genuen. Hain zuzen, emakume dantzariak jantzi tradizionalak mantzentzea, bai, baina botoiak lotu gabe. Erotismoa ez baita modari lotuta dagoen zerbait, guztiz gauza iraunkorra baizik. Dantzari sekulako mesedea egingo lioke.

Gizonezko dantzariok gure aldetik, kremailera askatuta eta kantzontzilorik gabe dantza egitea litzateke kontua. Txilibitua atera ala ez atera, erotismoa eta erakargarritasuna gurean ere bermatuta legoke.

Patxitrapero

Nere izaera sexuala nere izaera blogariaren berdin berdina da. Emakumeak aspaldi jabetu ziren honetaz, bere seigarren zentzu famatu horri esker.

Arazo haundi bat daukat nere postarekin. Ehunka mezu jasotzen ditut egunero. Denei erantzuten saiatzen naiz baina ez naiz iristen.

Emakumeak, mesedez utzi alde batera nerekin dituzuen ametsak, utzi alde batera lizunkeriak. Traperoa totem sexual bat baino gehiago da.

_

Nola saldu euskara

Aspaldi honetan irakurri dedan mezurik borobil eta nabarmenena.

Luzea da, baina merezi du minutu batzuk hartu eta patxadaz irakurtzea.

Benetan kontutan hartzeko hitzak, mezu honetan datozenak.




_

2006-02-06

Hormonen eraginpean

Gaur arratsaldean danetik pasa zait burutik. Besteak beste:

- Mezu sexual bat idaztea
- Askatasunari buruzko mezu bat idaztea
- Askatasunari buruzko mezu bat idaztea (aurrekoa ez, beste bat)
- Bildurrari buruz idaztea
- Mezurik ez idaztea
- Blogari oporrak ematea…

Ikusten dezuen bezela, gorabehera hormonal haundiak, nere editorialean, gaurkoan.

Txispa haundirik gabe ezer idazteko, goiko hauxe idaztea erabaki det, hau da, ezer ez.

Baina biribilek arrazoi du…

“Irudiek ezer esaten ez badute, edo esaten dutena testuaren iguala bada, nahiago espazio zuria, gauza hobeak irudikatzeko edo bista deskantsatzeko.”

Beraz, gaurko espazio zuria, irudirik gabe, hori bai, baina fundamentuzko zerbaitez betetzea erabaki det azkenean.

“Mezu sexual” dalako horrek, jakinmin eutsiezinik sortarazi ez eta beste baterako lasai utzi dezakedala iritzita…

Ea ba:

____


Elikagaien manipulatzaile karneta.

Legazpin eman zan ikastaro bat. Han azaldu omen ziren Urretxuko jatetxe txinatarreko langileak, eta euren nagusia, jatetxeko nagusia. Itzultzaile gisa.

Imajinatzen dezue egoera?

Ikastaroa ematen irakaslea…, eta Yang (horrela du izena), irakasleak arnasa hartzen duen uneak aprobetxatuz irakasleak esandakoak txineraz errepikatzeko…

“ yui zaka sixou mauo txesang guaxin txa bigui maizo. Zailu hozi mintxa kaizi moza batxi zalo buzai zaitxi sigai…

Txinatarrak serio, adi adi begira…

Lau urtez behin ikastaroa hartzera behartuta dagoen sukaldari Legazpiarra, pentsati, ea zer egin ote duen berak zigor hau merezi izateko…

Orain imajinatu, Yang-i sekulako pereza ematen diola egun hartan barazki, arraultz, zartagin, xaboi, salmonelosi eta abarrez hitzegitea, eta bezperan zineman ikusi zuen pelikula melodramatikoa kontatzea erabakitzen duela, ze confucio! Itzultzen ibiltzea baino lan deskantsatuago eta erosoagoa, inundik inora.

Klasea bukatzera doala … Han, txinatarrak, malkoa dariola. Yang ere malkoa dariola…

Irakaslea begiak borobil, txinatarrenekin kontraste ikusgarrian…

Negargurez bera ere, zergaitik ez dakiela…

_

2006-02-04

Luis

Luisek urte asko ditu. Esan zidan zenbat, jun dan astean: laurogeitazortzi, laurogeitamabi… Ez daukat oraintxe gogoan zenbat ziren.

Jun dan asterarte bere emaztearekin egiten zuen egunero bere kaleko jiratxoa. Biak irripartsu beti. Kaso egiten zietenei erantzuten. Kaso egiten ez zien ezezagun askori ere hau edo beste esaten. Irripartsu, adeitsu denekin.

Egunero sartzen ziren ni juten naizen kafetegira.

Jun dan astean, Luisen emaztea, Elena, lotara jun zan bazkal ondoren. Ez zan atzera esnatu.

Luisek ez du irriparrerik jantzi egunotan. Aldiz, negarrari eusten dio nola edo hala, berarekin alkartu eta jendea hizketan hasten zaionean.

Baina, ez da etxean gorde. Etsitzea, abandonatzea, dana bertan behera uztea aukera posible bakarra dirudienean. Kalera irtetzen da, egunero, lehenago bezelaxe. Atzo, kafetegira sartu zan. Bertako adiskideak saludatzera. Ez zuen eseri nahi baina, behin eta berriz eskatu zioten eta, azkenean eseri zan.

Berak baino ez du jakingo zenbat kostatzen ari zaion, pausu baten atzetik bestea, pausu bakoitza ematea…

Luisek aurrerantz ematen ditu baina, pausoak…

Eta ni begira nago. Mirespenez. Aurrera egitera eramaten duten arrazoiak zein diren ezagutu nahiez…

_

2006-02-03

Correoseko buzoiak

Aiiiii… Correoseko buzoiak!

Oroimen onak baino ez ditut buzoi hauekin lotuta.

Mezu-instant garai tximista honek ez du sekula lortuko idatzizko postaren tokia betetzea…

Baina et et et, idatzizko postari buruz ez noa gaur ezer esatera: gai honek tratamentu literarioa eskatzen du, beste baterako.

Gaur bi kontu parregarri aipatuko ditut, buzoi hori metalikoen inguruan.

____


Klonk!

Musika zerutiarra, KLONK.

Nere gurasoen etxeko fatxadan josi zuten, Correoseko buzoi hori karratu txikia, oso toki txarrean josi ere. Hortxe, buruaren alturan.

Jendeak, euri egunetan, baztarretik, ipurdia estu-estu, etxearen iskin iskinetik tipi-tipi-tipi-tipi juteko ohitura baitu, burumakur, euriak trabarik ez egiteko aurpegian…

Zuek uste dezue despistatu halakook buzoia, eurak jaio baino lehen hor zegoen buzoia bertan dagoela gogoratzen dutenik? Bai zera.

Klonk!

Txikitan zenbatu ere egiten nituen Klonk-ak. Minik ez du hartzen jendeak, buzoia txapa exkaxekoa baita. Gehiago da ezustea. Oso parregarria da despistatua koadrilan dijoanean, danak parrezka hasten baitira. – ondoko kalean sartzen direnean oraindik ere entzuten dituzu algarak… -

Despistatua bakarrik dijoanean ere ez da entretenimentu makala. Ikusi egiten baitezu gizarajoa Klonk-aren ondoren bere ingurura begira, eskua burura eramanez, masailak gorrituta…

Bere zerbitzua betetzen du buzoiak. Ez eskutitzak jasotzea bakarrik. Loguretiak kolpez esnatzen ditu.

______


Funtzionatzen du?


Egia esan, hain itxura exkaxa dauka buzoiak, jendea dudatan egoten dala batzuetan, eskutitza sartu-ez sartu.

Nere parean tokatu behar, atzo, emakume dudatia. Horixe galdetu zidan ba:

- Buzoi honek funtzionatzen du? Badakizu?

Nola eutsi gogoari. Etorri egiten baitzaizu. Nola utzi esan gabe?

- Bai bai! Larunbatero aldatzen dizkiote pilak. Bota eskutitza lasai!

- ..Aaa...

Sinistu ez zidan ba!

_


2006-02-02

Leire, maitagarria

Zientzia kutxagunean izan nintzenean, argi-indarrari buruzko erakustaldi bat ikustera sartu nintzen, bertako areto batera. Hogeitamar bat lagun izango ginen berau ikusten. Erakustaldi hoietan badakizue zer izaten dan. Zenbait esperimentu egiten dituzte, eta bolondresak eskatzen dituzte, esperimentuetan parte hartzeko. Aukeratu zuen hizlariak neskatxa bat – bolondresik ez egun hartan –, eta esperimentoa azaltzen hasi bezain pronto, neskatxa hari begira nengoela…

Ui!

Aiba! Zeharo lasai nagoela konturatu ez naiz ba!

Hizlaria jende bila ibili danean ez naizela batere urduritu jabetzen naiz, bapatean.

Nobedadea.

Holakoetan pasatzen nituen nerbioez gogoratzen naiz. Nik propio erabaki gabe jendaurrean suertatu naizen aldi hoietaz…

Sufrikario hori, via-crucis hori urkamendira bidean. Tokiko atmosfera loditzen duen bildur eszeniko hori. Guztiz ziurtzat ematen nuen ikusleen antsia hori, neri begira, noiz estropuz egingo irrikaz, noiz burmuina zuri geratuko, noiz gauza aldrebesen bat esango, noiz erridikulorik haundiena egingo, bizitza guztian gogoratuko duten pasarte lehergarri horren zain…

Eta lasaitasun hau? Aldaketa hau Patxi??

__

Leirek hemen kontatzen zuen, zer izan zan berarentzako oholtza gainera igotzea. Esperientzia paralizagarria, hasiera batean.

Primeran ulertzen diot Leireri. Oso sentsazio arraroak dituzte blogari hasiberri askok. Mundu guztia begira daukatela iruditzen zaie. Jendea etengabe begira dutela sentitzen dute.

Nik ere sentitu nuen.

Mezuak pilatu ahala nere jardun blogarian, irudipen hutsetik arlo zientifikora pasatzen saiatu nintzen nere sentipen haiek, eta teoria sasi-zientifiko batzuk eraiki nituen. Hala nola…

Ez dala egia jendea guri begira etengabe dagoenik.

Irakurleak gutxi direla.

Gure irudipenaren kontra, oso denbora laburrean baino ez gerala irakurleen atentzioaren maizter. Ezta munduko gauzarik parregarriena idatzita ere, ezta astakeririk haundiena botata ere.

Txikiak, oso txikiak gera. Neu behintzat, oso txikia sentitzen naiz. Nere hasierako irudipen haien antipodetan. Eta horretxek ematen dit neri lasaitasuna. Edozein iritzi botatzeko, edozein gauza idazteko; pentsaizue, baita nere burua bideoetan, telebista txiki horretan erakusteko ere.

Nere garai bateko bildur, lotsa eta irudipen urdurigarri haiek gogoratuta, libre sentitzen naiz orain.

Zer eman dizu zuri blogak? – Blogariei zuzendutako top-ten galdera. Ba arraioa, hauxe eman dit ba neri blogak, lasaitasuna!

Askatasuna.


Leire, maitagarria

Leire neri, oso atsegina zait, oso erakargarri. Hain zuzen bere bihotzak daramalako bere jardunaren lema. Leire sua da. Ausarta da… Eta oso buru argia izateaz aparte, xalada hutsa ere bada.

Leireren mezuen bila beti, Eibartarren zerrendan, eta mezu bakoitzaren bukaeran, irriparra. Ze maja! Leire, ikertzailia. Leire, soziologia. Leire, esploradoria…

Leire, maitagarria.

Ez dakit Leirek neri lasaitasuna ekarri didaten oinarri filosofiko-praktiko-erabilgarri hauek – teoriak baino ez, guztiz frogatu gabeak, zientzia arlo hau etengabeko mugimenduaren mendean baita- konpartituko dituen. Ez dakit, neri bezela, jendaurrean maiz azaltzeak batere lasaitasunik ekarriko dion denborarekin, baina hala ez balitz ere, ni lasai nago, bai baitakit Leire ez dala sekula ezkutatuko, ez dala sekula aldatuko, izango duela beti hain erakargarri egiten duen su hori.

Ez baitago suhitzailerik euskal-herrian su polit hori itzalduko duenik.

_

2006-02-01

No eres tú...

Gaur goizean, ia lehertu naiz parrez.

Emakumezkoa eskilaretan, gizonezkoa jetsi berria, emakumeari begira :

- Pero qué dice ??

Hasarre gizona, oso hasarre.

- No eres tú rumano ?? – esaten zion behin eta berriz emakumezkoak.

Gizonak, 65 bat urteko gizon ihar azal-iluna, beltzez jantzita, betaurrekoduna, errumaniarra izateko itxura haundirik gabe, sutan, emakumeari begira, ahoa zabal zabalik. Azpiko ezpaina dardarez.

- Cómo que si soy rumano? Pero qué dice? Qué dice señora?

Emakumea larri, behin eta berriz errepikatzen:

- Ay si, no, es que, me había parecido que era usted rumano…

Gizonak ezin sinistu atzera entzuten ari zana.

- Rumano ? Cómo rumano ? pero qué dice señora ?? – bere kolkora begiratzeko asmoa ere izan du ia, ea bere emazteak ze erroparekin jantzi duen ikusteko -

Jun da azkenean, txinpartak – amorru txinpartak – dariola, gizona.

Emakumaren parera iristean, neronek ere emakumearen ateraldia ulertu ezinda, halaxe bota diot parrezka, gizon hark ez baitzuen "errumaniar" itxura haundirik nere ustez:

- Pero señora, ¿cómo le dice al hombre que si es rumano?

- Nooooooooooo – emakumeak, pasatako estuasunarengatik izerdi ttantto batekin oraindik – que yo le decía, bueno, le quería decir, que me había parecido uno que llamamos El Rumano, en el hogar del jubilao, pero es que no me ha dao tiempo!

Hasi naiz algaraka, eta orain arte.


_______