2007-01-06

Datorren urteko errege maiteak

Aurrekoan, nere aspaldiko lagun batekin



Abiatu nintzen Donostiara, enkargu bat egitera...

Kotxez.

Ahaztuta neukan zeharo, nere zoritxarrerako, nere buruari duela hamar bat urte egin nion juramentua: errege bezperatan kotxez Donostiara sekula santan berriz ez itzultzekoa.

Orduerditik gora kosta zitzaigun Amaratik Buen Pastorreko parkineraino heltzea. Nere bizitzako lehenengo aldiz, klaustrofobia sentitu nuen. Nere barne mintzoa kotxea han bertan auto-ilararen erdian utzi eta ihes egiteko aritu zitzaidan erreguka, txilioka. Zorionez, panikoari gailentzeko gai izan nintzen, nik ba al dakit nola.

(Izeberg batez ere gogoratu nintzen, baina ezin heldu orain gai horri, luze joko lidake eta. Beste baterako utziko det.)

Parking horretan aparkaleku pribatua duten gizagaixoez ere gogoratu nintzen. Zenbat ordu galtzen ote dituzten urtean zehar, nik egun horretan bezela, parking horretara bertaratuz, eta bertatik irten beharrez…

____


Egin beharreko enkargua egin, eta oxigenatzera abiatu ginen. Tira, oxigeno beharra nik neukan. Nere lagunaren barne unibertsoa nerea baino askoz aberatsago eta lasaiagoa da. Hura ez zan larritu ni bezela. Esango nuke, bere kezka bakarra zera zala: konbentzituko ote ninduen Macdonalds-era juteko afaltzera.

Nik uste det bazekiela nere printzipioak traizionatuz, eraman egingo nuela.

Aizue, ikaragarria, ze toki merkea. Hanburgesa izugarri txarra zegoen, baina alajaina, hanburgesa, patatak, botila bat ur, petisuis bat eta jostailu-bentosa, hiru euro t'erdi??? Gurekin behintzat ez zuten etekin haundirik atera.

____


Esandakoa, oxigenatzera.

Donostiarrak, eguna erosketak egiten eman ondoren leher eginda zeudelako edo, etxean gordeta zeuden. Oso jende gutxi zebilen kalean hamaikak aldera. Fenomeno: Donostiarrik gabe, Donostia askoz ederrago antzematen da.

Hondartzaraino jutea pentsatu nuen, baina beranduegi iritzi nion horretarako. Beraz, itsaso barrenera abiatu ginen…



Itsasoaren gainean zutik dagoen burni eta egurrez osatutako mingain eder horren magalera.

Ilun xamar dago toki hori gauez, eta nere txikitxoak ez zuen muturreraino jun nahi. Gutxiago, proposatu nion bezela, eskilarak jetsi, ura ikutzeko.

Holakoetan, berak bildurra sentitzen du, eta nik behartu egiten det pixkat. Pixkat bakarrik, jakina. Gero, gogoratzean, beti parre egiten du.

Nik ere egin nuen parre. Ura ikutu nahi nuen, baina olatu txiki batek ni harrapatu gabe. Kalkulatu beharra dago ze momentutan jetsi eskilarak. Ez da inola ere gauza segurua, olatuak oso gauza anarkista baitira, batere legerik eta ordenamendurik gabea, baina tira, egun horretan nik irabazi nuen. Ez ninduten harrapatu.

Eskua bustita, umeari aurpegia igurtzi nion. Parre egin genuen, eta atzerantz abiatu ginen, pozarren.

____


Ez didazue sinistuko beharbada, baina halaxe izan zan. Zera bota zidan, Club Náuticoari begira:






- Itsasontzi bat ematen du, ezta?

Nik bai somatu beti itxura berezia eraikin horri, arraroa, baina sinistadazue, sekula santan ez niola hartu itsasontzi baten itxura. Bost urteko ume "ezjakin" batek ikustarazi behar izan dit, bista-bistan egon arren ni sekulan antzemateko gauza izan ez naizena.

(Zerutik garbiago ikusten da:





)


Eta arretaz begira, neguko gau hotz horren erdian, bertako argi goxoek erakusten zidaten barrenalde hari, erabaki nuen, sekulako plazerra izan behar duela, holako egunetan, bertan egotea, Conchako badiari begira…

Errege egun goiza da. Egongela erdia zapatez eta opariz beteta dago. Nere zapataren ondoan badago pilatxo polit bat. Hainbesteren artean, egongo da zalantzarik gabe nere gustokorik, baina nik oraintxe, hori baino, datorren urteko erregeei eskatu behar diedan oparia daukat gogoan:

Club Náuticoko bazkide izan nahi det! Neguko gau hotzetan bertara jun eta badiari begira egoteko.

Inork nerekin ondo geratu nahi balu, badaki zerk egiten didan ilusioa.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário