2007-01-13

Gerriko baten bila

Gaur gertatu zaidana, ez du ematen inola ere egia danik. Gehiago ematen du nere buru txispagarriak sortutako istorio zoroa, baina, hortxe grazia, egia borobila dala.

Azalpena ematen badet, istorioa beharbezela goza dezazuen da. Nik arratsalde guztia parrezka pasa det, orain ere lerro hauek idazten parrezka ari naiz. Zuei algaratxoren bat, irriparretxo bat sikiera erauziko dizuelakoan, horra:

Aurretik ordea, beste kontutxo batzuk, hauek ere goxuak, xamurrak, begien barrenera gustora sartzekoak… Gomendiozko paperez bildutakoak.

____


Hain zuzen, gomendatu, Etiamek





gomendatu zigun toki hau. Han jan ditugu pintxoak: olagarroa berdura erreekin… Kardua txipiroi hankatxoz lagunduta, txiki txiki egindako almendrekin… Hummmmm!!! Ke bueno!

Kosta egin zaigu taberna aurkitzea. Lehenago, Joxe Joan Gonzalez de Txabarrirekin egin degu topo alde zaharrean lehendabizi; Gipuzkoako txixatokirik eleganteenarekin ondoren. Dotorea txixatokia, bai horixe! Txixa egiten hasi aurretik sensore batek edo, seinalea bidaltzen dio txixatokiari: txorrotadatxoa botatzen du. Bukatzean, beste hainbeste.

(Nere aitonak burua altxatuko balu…)

Txixa egiten ari nintzala, gora begiratzen aritu naiz. Ze entretenigarria izan behar duen, txixatokiaren gainean dauden etxeko bizilagunentzat, leihotik begira egotea!

____


Kulturari eskeinitako tartea:

Erregeek Kepa Junkeraren CD bat ekarri zidaten, baina nik beste hura nahi! Aldatzera jun gera.

Nik inola ere nahi gabe, erosketa konpultsiboaren olatuaren indar menderaezinak, beste bi liburu ipini ditu nere besazpian:


- Xabinator II





- Ihes betea. Anjel Lertxundiren azken nobela.





Lehenengoaz, erreferentzia onak nituen, baina nekez erosten det nik libururik erreferentzia soilei kasu eginda. Liburua iriki det, eta pasartetxo batek, batek bakarrik konbentzitu nau liburua erosteko. Irrikitan nago ohera jun eta liburuari heltzeko.

Bigarrenaz, zer esan. Bere blogari esker ezagutu nuela bere idazkera, ordurarte ezezaguna zitzaidana, eta denborak eraman nauela, merezi adina mirestera. (Kontuak atera, gaiak ez nau bereziki erakartzen, eta hala ere erosi egin det, liburuak dezepzionatuko ez nauen segurantza osoz.)


____


Liburuak ordaintzen ari nintzala, garbi ikusi det: badakit zer izan nahi dedan haunditan. Megaliburudenda bateko kobratzailea. Ziur nago, bezeroek aukeratutako liburuetan oinarrituta bakarrik, maitemindu egingo nintzatekeela, bat baino gehiagorekin; hainbat eta hainbat lagun egingo nituzkeela. Aiii… Ze gozagarria izan behar duen, jendeak ze liburu aukeratzen dituen kuxkuxeatzen lanorduak ematea…



Premia larriko kontuak


Poltsa liburu zoragarriz beteta, kalera irten gera, eta ibiltzen hasi orduko… Erabaki irmo bat hartu det.

(Ez zait erropa estu eramatea gustatzen. Kantzontziloak, nasaiak. Zapatak, normala baino haundixeagoak. Alkondarak, edo kamisetak, XL, L behar izanda ere. Prakak…

Bai, prakak ere nasaiak.

Azkenaldi hontan ordea, pixkabat flakatu naizelako edo, nik ba al dakit zergaitik… Ez da panorama. Deskuidatu ezkero, prakak eta kantzontziloak, danak behera eroriko zaizkit!)

Gerriko bat erostea erabaki det.

Nun ordea?

Gertuen neukan tokian. Zara. Sección hombres.

Ez neukan ideia arrastorik nun egon zitekeen. Nere laguna enkargu bat egiten geratu da, beste denda batean, eta hark bidali nau hara, bere beharrik gabe errex aurkituko nuelakoan.

- Fnac-en dago motel, hortxe, etxe honen atzean.

Ondo da Patxi. Aurrera.

(Hemen du hasiera, nere gaurko pasadizo gogoangarri eta txispagarriak.)


Gerriko baten bila.


Fnac Fnac… Txikia da ba! Nun ote dago gizonen atala?

Nere GPS portatila (mingaina) martxan jartzea onena. Zeini galdetuko diot?

Berrogeitamar bat urteko emakume bat iskinan. Hari galdetuko diot, honek seguru jakingo du. Gainera… itxura serio horren barruan, batere bizirik ba ote dago? (bazegoen bai, irriparre zabal oparoa).

- Zara de hombres? Ui, pues no tengo ni idea… Ah no, espera! Sí Sí, está ahí, en la segunda planta.

- Sí pero… Y la entrada?

- Ahí mismo tienes el ascensor.

- Ah, vale, ondo da, eskerrikasko!

Emakumearen behatzak seinalatutako norabidean abiatu naiz, burua eskerrak emateko jiratuta…

Laupabost pausu baino ez. Burua zuzentzerakoan, neska bat ikusi det igogailu batera sartzen, eta atea itxi baino lehen, ziztu bizian abiatu naiz, korrika.

- (Buuuuffffaaaaaa!!!!!!!!!)

Jainkoarren. Atea itxi danean… Igogailu baten barruan, ni, eta bera.

Deskribatu egingo dizuet: Hogeitamar bat urte. Morena, ile liso beltza, ileapaindegitik atera berria, edo hortxe hortxe. Azala, beltz-beltza. Bitakoren bat: Edo Kariben pasa ditu bi aste, hamaka bati lotuta, edo solariumeko jabea bere lehengusu propioa da. Jazkerari erreparatuta: Nun aparkatu ote du Marseratia? Traje orbainik batere gabea, liso lisoa, dendatik atera berria…

Eta…

Bularretako esijente batek tente ezarritako bi bularrek sortarazten zuten erreten deigarri deigarria, neregandik berrogei zentimetro eskasera…

(artzain-txakurra nola gobernatuko artzai txapeldunak, halaxe nik nere begi asaldatuak erretenetik urruti… gutxigorabehera…)

Nere artean (nere artean, baina isil-isilik): "Buenooooo, Patxi. Igogailua trabatuta geldituko balitz… Hau egoera pelikuleroa, egoera sexuala… Lastima, holako goi mailako neska pinpirin batek zu bezelako mendizale batekin ezer jakin nahi ez izatea…"

(jarraipena)

"Baina… Eta… Zu bezelako mendizale moduko bat, holako goi mailako neska pinpirin baten fantasia sexualik preziatuena balitz? Ju-jummmm!!"

Goi mailako neska pinpirinak, beste gauza bat zuen buruan: bere koordenadak nere entretenimentu imajinatiboen antipodetan:

- Me parece… Que la puerta se abre por el lado donde estás apoyado tú"

- Ah!… - nere pentsamentuetatik behera amilduz, nik -

Halaxe. Igogailua nik bizkarra jarrita nuen aldetik zabaldu da.

- Te he librado de caerte para atrás… Hasta luego.

(Tira ba. Agur, neska pinpirina)

Hara! Beste neska pinpirin bat, neregandik metro t'erdira. Mostradore baten atzean eserita, burua bakarrik ikusten zaio.

Neri begira adi adi geratu ez balitz, beharbada nere ingurura begiratzen segundu erdi bat hartuko nukeen, baina egoerak bultzatuta, zuzen abiatu naiz berarengana.

- Apaaaaa, bai, aizu, Zara, gizonezkoena, zer dago, planta honetan?

- Si, bueno ehh…

Nere aurpegi keinuen katalogoan ordurarte azaltzen ez zan aurpegiera ezezagun bat erabiliz…

- Es que esto es un gimnasio.

(??????!!!??????)

Arraioa. (?¿??)

Nere ingurura begiratu det. Egia. Hura gimnasio baten hall enmoketatu lustrosoa zan. Nere eskubira, kristal haundi baten atzean, Pamela Andersonen ahizpa, lurrean hankazgora zeuden zazpi-zortzi bat laguni azalpenak ematen, bere mikrofono, praka estu, top estuago, kalentadore eta abarrekin…

- Aibaaaaaaa… Joe, pues fijate oye, lo descaminado que estoy! Me ha dicho una mujer que… Que cogiese el ascensor y…

- Ajamm… (dudatan neskatxa, labana atera behar ote nion. Belaunak dardarez)

Ze kulpa zeukan gaixuak, destinuak ni bezelako muturreko despistatu batekin alkartu izana…

- Bien pues… Nada, que… Me voy otra vez por donde he venido e?

Nahi bai, baina… Igogailuari deitu, eta igogailua etortzen ez. Isiltasun latza, harrerako neskaren eta mendizalearen artean, eta urrutian bezela, parretxo batzuk? Neska pinpirin bat aldageletan? Igogailutik irten orduko artzai despistatuari entzundakoa bere gimnasiokideei kontatzen??

____


Kalera bueltatu naizenean, jendeak arraro begiratzen zidan: Santa Agedakoei gaur utzi al diete irteetzen? Zer dala ta gizaseme hau, bera bakarrik, algara batean?


(jarraituko du…)


____

Sem comentários:

Enviar um comentário