2007-03-13

Donostian, astelehen goiz batez

Donostia hiri ederra izango da, ederretan ederrena… Baina astelehen goiz batean bertako kaleetan zehar zoazela, bertako biztanle presati burumakur serioegiei arretaz begira, trafikoari begira, obrei begira… hauxe datorkizu burura. Neri behintzat hauxe etorri zait burura:

Eli Laztangurenen artelan bikain hau:




____


Poesia pixkat orain.

Elkano kaleko banku batean eserita, eguzkitan. Katixaren liburu erosi berria irakurtzen…

Begiak lerroen gainean dantzan ditut, baina ezin det ebitatu, orrialdeak aurrera egin ahala, zeharka, ibiltari presatien oinetan erreparatzea…

(Ez naiz konturatu, lagun batek esan didan arte, oin guzti hoien jabeek, zalantzarik gabe, sekulako inbidia zidatela.)

Jaiki egin behar izan det lehenengo ipuina bukatu gabe. Ez da han eten nere gozamena. Maria Cristina parean, langile estresatu presatiz betetako bulego batean, aulki moderno bat dago, zeru oskarbiaren kolorekoa, eta hantxe eseri naiz ipuinari atzera kosk egitera…

Atzera jaikierazi didaten arte.

Mende hasierako sapai altuko eskilara-buru ilun batean, toki ezin xarmangarriagoan bukatu det lehenengo istorio hunkigarri gazi-gozoa.

Bide batez, izugarri gustatu zaidana.

____


Ez dakidana da, nundik sortzen dan Donostian, Avenida inguruan, eguerdi aldera, infernuko tripetatik datorrela dirudien sirena hots ezin tristeago hori…















Hain hiri ederra hain kontrapunto zirraragarriz berezitzen duena.

Norbaitek baleki, eskertuko nioke esatea.

____

4 comentários:

  1. Kaixo Trapero, eskerrik asko akordatzeagatik.

    Baina galderatxo bat: Simia Dei bideoko mundu horrek Donostia ekarri badik gogora..., nor da orduan tximino hori?

    ResponderEliminar
  2. tximinoa bakoitzaren atzetik akuiluarekin dabilena da, azkarrago azkarrago azkarrago ibil dadin...

    Bakoitzak gure tximino propioa daukagu: izan daiteke beharra, edo ondokoaren bizi-mailarekiko inbidia, edo anbizioa... Edo besterik gabe, inertzia.

    Bideoa izugarri ona da. Ez dakidana da, - ez det aurkitu - mezuan azaltzen dan "entropia" hitzaren esanahia.

    ResponderEliminar
  3. Entropia: termodinamikaren bigarren printzipioa ulertzeko kontzeptu garrantzitsua. Sistema baten barruko kaosarekin loturik dago.

    Gogoratu eskolan ikasitakoa: energia ez da sortzen ez eta suntsitzen ere, soilik eraldatu egiten da. Baina eraldatzen denean beti galtzen da puska bat. Hori da entropia, eta unibertsoan desordenurako dagoen joera argitzen du.

    Horrela ulertzen da, esaterako, zergatik garbitu behar den etxea behin eta berriz, zergatik orraztu behar dugun egunero (orrazten bazara, noski. Ni ez naiz orraztu lehen komunioa egin nuen egunetik. Aski da! esan nion amari). Zergatik garbitu behar ditugu hortzak egunero? Zergatik joan behar dugu lanera egunero (ez al ginen ba joan atzo?) Entropiarik gabeko munduan hori behin eginda nahikoa litzateke betirako.

    Bainan ez! gero eta energia gehiago behar dugu miseria bera lortzeko. Gero eta zailago da goizean jaikitzea, frigoa gero eta hutsago dago, eta fregaderua gero eta beteagoa.

    Naturaren legea da, edo, bestela, tximino gaizto eroaren sadismo petrala.

    (Eskerrak Traperoren mezuek energia pixka bat sartzen dutela gure sisteman)

    ResponderEliminar
  4. Bai interesgarria. Batez ere ez orraztearena komunioa egin ezkeroztik. Oso inbidiagarria. Ni beti nere ileak dominatu nahiean ibiltzen naiz.

    Gero eta energia gehiago behar degu beraz... Izan leike bai.

    Eta gainera, belar-dendetan erosten ditugun jalea-real eta antzekoek ez dute batere laguntzen. Nere bi lagunek, hartzen hasi orduko, batek katarroa harrapatu du, eta bestea hotzikarekin hasi da.

    Tximino gaiztoa igual ¿? ;-)

    ResponderEliminar