2007-07-30

Aspaldian hildako izarren argia...

Atzo jakin nuen ehun eta berrogeitamarna euro ari dala ordaintzen jendea ezkontzetan.

- Bikoteko?
- Bai zera, pertsonako!

Iaz nere lagun batek bederatzi ezkontza izan omen zituen: Crediagil eta antzekoekin gogoratu nintzen. Eta hutsik entregatzen diren sobreetaz, horretaz ere bai.

Ondoren, urte batzuk egin genituen atzera, eta honen eta haren ezkontzak gogoratzen aritu ginen, memoriari zentrifugatu motx bat eraginez…

Nere lankide baten ezkontza ekarri zuenean mingainera nere adiskide batek:

- Keba, horretara ni ez nintzen jun. – nik -
- Ez, jun gabe!
- Ezetz ba, ez nintzela jun!

Temoso jarri nintzen, hain bainengoen seguru ez nintzela ezkontza hartara jun, xehetasun batek nere argudio guztiak hankaz gora ipini zituen arte.

Mahaiaren inguruan ezkontza hau eta beste hura gogoratzen segitu zuten nere aldamenekoek. Ni mutu. Nere lepo gaineko lapikoa bor-bor hasia zegoen:

Bapatean gogorapen batek bestea ekarri zuen, eta iman batek jostorratzak nola, halaxe etorri zitzaizkidan oroimenak danak batera garunaren ardatzera: ezkontza hartan eraman nuen alkandora koadroduna, egin nuen betekada, ezkonberrietako baten lehengusu jubilatu batekin izandako solas luzea, eta… Egun hartako momenturik zoragarriena izan zana, neska batekin gozatu nuen dantza zoroa…

Neska batekin gozatu nuen dantza zoroa…

Arraioa. Zein zan neska hura? ??¿?? Ez nintzen gogoratzen!

Ahaztuta nituen xehetasunetaz gogoeta egin nuen, eta gogoeta honek beste sakonago bat ekarri zuen:

Aspaldian hildako izarren argia bapatean ez da zeruan agertzen..

Hainbeste gozatutako hainbat momenturen argia desegin egiten da egun batez, lege unibertsal saihestezina…

Baina amorragarriago dana: hainbeste sufritutako hainbat momenturen argia ere bai!

Egun hauetako zenbait kezka astunek zentzua galdu zuten bapatean, eta gauzatxo bat agindu nion nere buruari:

Momentu gozagarrien xehetasunak gogoratzen ahalegin berezi bat egingo nuela hemendik aurrera, hauen argi ederrak unibertsoan luzeago iraun dezaten…

(ea hemendik egun batzuetara agindu honekin gogoratzen naizen)

_____

Sem comentários:

Enviar um comentário