2007-07-28

Hasi zeloa kentzen

Bigarren gonbidapenaren harira...

....

Markosekin asmatu izanak animatu egiten nau. Nere intuizioa sasoi onean zegoen udaberri atarian, baina orain? Asmatu ote det? Auskalo. Hortxe ezusteko oparien xarma. Zeharo zapuztuko dan aukera alde batean, txoratzen saltoka ipiniko ote dan bestean…

Neretzako nahi nukeen oparia

Ikusi nuenean esan nuen, kontxo, gustora eramango nuke ba etxera. Hauxe jakin-mina. Benetan agintzen duen bezain eraginkorra ote da? Hain mesedegarria? Hain atsegingarria?

Erosi egin nahiko nuke, probatu, zuku guztia atera, eta jakin benetan agindutakoa betetzen ote dan.

Bere eragin onuragarriez

Guztiz mesedegarria omen. Bakarka erabili omen daiteke, baita binaka ere. Guztiz estimulagarria, lasaigarria, atsegingarria. Egokia beraz idazle batentzat, hain da indartsua, munduko – Zer esanik ez Euskal-Herriko - idazleen malenkoniarako joera; areago, baita beren buruari min egiteko joera ere! «Literatura sortzea zauriak egitea da»…

Eta, opari honekin, Julenen lumak ikutu ludiko ukaezin bat hartuko balu? Aire lasaiago bat? Plazer-bideetatik abiatzeko inertzia eutsiezinezko bat?

Nere eskaera

Gure literatura halakoez busti baledi, abantailak haundiak lirateke. Idaztea gozatsuagoa bihur litekeelako idazleentzat batetik, salmenta haundiagoak lortuko liratekeelako bestetik, zalantzarik gabe. Irakurleak, malenkonia bai, noski, kontu tristeak ere bai, baina sakonean pakea bilatzen baitu liburuetan; laztana, ez horrenbeste labana… (nere uste apalean)

Juleni luzatzen diodan eskaritxoa da: gurpil bat osa dadin. Nik Juleni oparia helerazi, eta hark erabili. Iruditu zaiona idatziko du honek ohar batean, eta beste idazle bati pasako dio, honek erabili, eta beste hainbeste egin dezan. Hark hirugarren bati, eta honek laugarren bati. Eta dozenaerdiren eskutatik pasa ondoren, neri heleraziko didate, nik ere erabil dezadan. Gurpila osatuko da azkenean, nik idatzitako azken oharrarekin. Horrela bakoitzak, erabili ondoren, bere irudipenez aberastuko du, eta hala iritsiko zaio berari, Juleni, hasieran jasotakoa baino askoz osoago, hornituago, erabilgarriago eta zeinek daki, are gozagarriagoa oraindik.

….

Ze grazia du opari batek, irrika pixkabatekin apaintzen ez bada? Denbora pixkabat zeloa kentzen, papera urratzen, kartoia hortzekin puskatzen...

Saria, noski, ezin zitekeen bestela izan, (opariaren argazkia, eta azalpentxo batzuk gehiago) - hurrengo mezuan.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário