2007-08-05

Nolakoa zeran, sakelekoari erreparatuta

Nola ezagutu pertsona baten nolakotasuna? Bere jateko moduari begiratuta, esan ohi da. Haren oinetakoei erreparatuta bestela…

Ez det esango baliozko irizpideak ez direnik goiko bi hauek, baina motx geratzen dira. Oso motx… ( guztiz entretenigarria dan arren holako xehetasunekin fijatzea, nola ez ba…)

Gaur berriz, sarean, gure izaeraren beste adierazgarri polit bat izan daitekeenakin egin det topo: Sakelekoaren erabilera.

____


10 arrazoi sakelekoa gorrotatzeko.

Neure buruari esan dizkiot, eta hementxe dituzue nere buruari emandako erantzunak. Nolakoa zera, Patxi? Ba, halakoxea, sakelekoarekin daukadan harremana kontutan hartuta:


- Sakelekoak zure bizitza korapilatsuago bihurtzen du.

Neri behintzat, dexente erraztu dit. Makina bat estuasunetatik atera nau. Larrialdi pare batean sekulako lasaitasuna eman dit. Buelta gutxiago egiten ditut supermerkatura, ez naiz erotzen jendearen bila, berandu iritsi behar badet hitzordu batera abisatzeko eta lasaiago ibiltzeko aukera daukat…

- Izugarri garestia da.

15 euro hilero bataz beste, garesti?? Aurrekoan entsalada ilustratu bat 12 euro kobratu zidaten!

- Aldebakarreko kontratu baten menpeko bihurtzen zaitu.

Sekula ez naiz konpainiaz aldatu, ezta minutu bat galdu ere zer komeni zaidan gehiago begiratzen, hain da gauza merkea...

- Beti hor zaude edonorentzako. Ezin ihes egin…

Sakelekoak daukan tekla gorri bat bi segunduz sakatuz gero, itzali egiten da. Eta itzaltzea interesatzen ez bazaizu, beti daukazu MUTE izeneko tekla bati emateko aukera, txirrina isilarazteko. Edo deia jaso dezakezu, eta EZ bat erditu. Oraindik ezetz esaten ikasi gabea?

- Aspergarria da.

Hori bai ezetz. Ez dago gizaki bat sakelekoaz hitzegiten ikustea baino gauza entretenigarriagorik. Mende honetako espektakulurik ederrenetakoa da!

- Behin eta berriz birkargatu behar dezu.

Traste bati kable bat ipurditik sartzeak hiru egunez behin ernegatzen bazaitu, zerk ez zaitu ernegatzen??

- Badaki nun zauden.

Ai, infidelitatea, hain da gauza estresagarria… Fideltasunak bere abantaila kontaezinak ditu. Egunen batean bihurri zabiltzala? bikoteak gezurra esan diezaiozun eskubidea du!! Beti egia esatea gauza krudela da.

- Jende lerdoa gizartearentzat mehatxu bihurtzera animatzen du.

Eta ehizako eskopetak. Eta haiztoak. Eta zartaginak. Eta kotxeak. Eta landare-ontziak… Boligrafoak ere oso arriskutsuak izan daitezke, segun zeinen eskutan. Euritakoak ere bai. Iaz amona batek ia begi bat atera zidan.

- Akzesorioak eskeintzen dituzten dendak daude nunahi.

Mostradore bakoitzaren atzean dendari erakargarri bat dago… Bi batzuetan…

- Enbarazu publiko bihurtzen zaitu.

Ez nere kaleko espaloiaren erdian landatutako farolak baino gehiago. Hogei urte hortxe daramaten arren, honez gero lau aldiz bai jungo nintzen sudurrez euren kontra…

….

Eta zu, nolakoa zera?

____

2 comentários:

  1. Patxi, zu bai zu antropologu ;)

    magali

    ResponderEliminar
  2. Ai Magali, zuregandik ikasi nuen apurtxoa...

    ResponderEliminar