2007-09-27

Guraso ingelesen "patxadaz"

Maddeleinen kasua bereziki da kezkagarria. Ez beste edozein umeren desagerketa baino tristeagoa, baina bai askozaz ere kezkagarriagoa.

Kezkagarriagoa da, seguruasko argituko ez dalako, eta ondorioz, familia honen zoritxarraren bonbila etengabe piztuta egongo dalako, europako miloika gurasoren kezka elikatuz, urtetan seguruasko (Maddeleinen gurasoen kontu-korrentea mehetzen ez dan bitartean bai behintzat, eta badirudi gizentzeko joera duela, mehetzearena baino gehiago).

Lehen nahikoa neurosi ez bageneukan guraso europarrok, nahikoa gainbabesten ez bagenituen gure haurrak, gure kezka irrazionalekin nahikoa estutzen ez baginen, tori, debaldeko harpidetza, denboraldi luze baterako.

Egia esan, kasu hau makina bat kontu bitxi erakusten ari zaigu, eta neri bitxiena egiten ari zaidana, beste edozein baino gehiago, umearen gurasoen marmolezko izakera da. “Flema inglesa”, diote hedabideetan, gurasoen jarrera hotza eta neurtua nolabait azaltzearren..

Hiztegira jo det, “flema” horren esnahiaren bila, eta hau aurkitu det: patxara, trankiltasuna…

Bai zera. Ez behintzat ingelesei gagozkiola. Zerbaiten ispilu bada jarrera hau, ez da trankiltasunarena, baizik eta panikoarena. Lotsagarri geratzeko ingelesek hezurretan ere txertatua duten paniko izugarriarena. Karraxi, negar, oihu, intziri egitea eskatuko diete erraiek, baina ai, erridikuloa egiteari dioten ikara indartsuagoa da.

Nik ikara honen beste adibidetxo bat dakarkizuet gaur. Protagonistak, beste ume ingeles bat, ilehoria hau ere, maddaleinen adin berekoa, eta honen guraso ingelesak.

Uda honetako pasadizorik parregarriena (eta harrigarriena):

Hondartzako txiringito bateko terrazan eserita gaude. Han eta hemen, jendea eguzkia hartzen ari da. Gure aldamenean eseri dira: guraso ilehori mardulak, eta hauen ume ilehori mardulak, hondartzan jaregin dituztenak, lasai jarrita zerbeza frexko bat hartzeko.

Begirada guri umeen atzetik jun zaigu, gauza polita da umeen ilusioaren testigu izatea.

Neskatxa hondartzan eseri eta hondarrarekin jolasten hasi da, eta bestea?… Bestea… Baina, baina zertan ari da bestea??

Ezin sinisturik begiratzen diogu espektakuloari, benetako espektakulua baita. Ahozpez eguzkia hartzen ari dan emakume bati oin-azpiak miazkatzen hasi zaio!!

Emakumeak zerbait sentitu du, zerbait arraroa, lehenengo pixkabat mugitu du oina, gauza kalifikaezin hori uxatzeko, hain baitago eguzkia hartzen gustora, baina umetxoak ez du etsitzen. Bere horretan jarraitzen du, grinatsu. Emakumeak burua altxatu du azkenean hankazpiko hori zer dan ikusteko… Eta ikusi duenean… Pit-bull batek koska egin balio ez zan azkarrago tentetuko!

Jakina, nola erreakzionatzen dezu, hondartzan zure toailaren gainean ahozpez etzanda zaudela, bapatean lau urteko umetxo bat hankazpiak miazkatzen hasten bazaizu? Alajaina, nun daude ume honen gurasoak??

Honen gurasoak gure ondoan daude, eta eszena guztia ikusi dute, guk bezelaxe, baina, altxatu egin dira? Ez dakit ba, emakume harrituari beren ume bihurriaren xelebrekerien berri ematera? Bai zera. Guk, parreari buelta eman ezinda, tarteka guraso ingelesei begiratzen diegu, eta konturatzen gera harrizkoak edo bihurtu direla. Bai, seguruasko erraiak deika dituzte, ei, altxatu, eman azalpenen bat, utzi emakumea eguzkia hartzen pakean, baina… Egoera lotsagarriegia da, komikoegia, my dear god, i can’t believe it, what a ridiculos scene… He’s not my son!

Emakumeari, eta honen adiskideei, ez zaie beste erremediorik geratu umetxoaren lagun egitea baino. Badakizue, ezin badezu zure etsaiarekin, bat egin berarekin.

Guraso ingelesak, bitartean, loctiterekin beren eserlekura itsatsita, umea kabira noiz itzuli etsita zain, lehenbailehen hotelera itzuli, maletak egin eta Bristolen atea bi zerrailaz isteko.

____

Sem comentários:

Enviar um comentário