2007-09-21

Txu-txu treneko gogoetak

Txu-txu trenean egokitu ginen, atze-atzean, eta hau noiz beteko zain geratu ginen. Tarragona turistikoaz busti gaitezen pixka bat.

Gure aurrean ipini ziren. Zalantzarik gabe, ama-alabak. Bien artean 120 urte.

Umerik gabe? Esango luke batenbatek, baina Ferrari deskapotable bat ez daukanarentzat, ordezko polita da txu-txu trena. Alegia, gurpilen gainean zoaz, airea hartzen dezu bidaiatzeaz batera, mantso-mantso zoaz, eta mundu guztiak begiratzen dizu…

Jakina, ez daukazu atzean, xehetasun guztiei punta ateratzen saiatzen dan argazkilari-"filosofo" bat…




Erretratu hauxe atera nahi nuen. Asmatu nuen.

Alabak begiratzen dio amari, eta pentsatzen du: holakoa izango naiz ni hogeitamar urte barru. Goizean ikaratu egin da alaba, ispiluaren aurrean, ezpain-muturrean lehen ez zegoen zimur bat ikusi duenean, eta orain, amaren zimur-mapari begiratzen dio, arretaz… Ezohizko mintxurri berri bat sentitzen du urdailean.

Zahartzaroak aztoratu egiten gaitu, eta gure gurasoek, edo osaba-izebek, gogoraratu egiten digute gure etorkizuna zer izango dan, horretara jartzen geranean.

Gainbeherak ikaratu egiten gaitu, baina ei… Azkarregi ateratzen ditugu gure ondorioak. Gure buru gazteak ikusten ditugu bukaera-marraren aldamenean, kontutan hartu gabe, ez gerala izango gazteak marra horren ondora iristen geranean; zaharrak ibilia duela guk ibilita ez daukagun bide bat, eta beste modu batera ikusi eta bizitzen dituela gauzak…

Ulertu ez didanarentzat, hurrengo mezuan, uda honetan zahartzaroaz irakurri dedan gauzarik polit eta aldi berean lasaigarriena erakutsiko dizuet. Lan pixka bat hartuko det testua itzultzen, baina merezi du benetan.

Bitartean, telebista piztuko det, eta miretsiko ditut zenbait artistek, edo telebista-izarrek kirofanoan egindako ahaleginak beren zimurrak estaltzen. Inuxenteki estaltzen, aurpegiko azal lisatu berriak ez baititu nabarmendu baino egiten, etengabe gainera, lepoko zimurrak.


____

2 comentários:

  1. lasai, patxi

    zuk behintzat, batere zahar(ki)tu gabe, gaxte-moderno izateko aukera beti eukiko dezu-ta:
    patxirapero.blogsport.com

    ondo pasau urretxuko festak!

    ResponderEliminar
  2. Ona Antton!

    Zoritxarrez azkenaldi hontan sport gutxi, eta rapak berriz, ez nau ba oraindik at-rapa-tu ;-)

    euria egin behar omen du festetan, destinu petrala!

    ResponderEliminar