2007-11-20

Egun haundi baten kronika

Julia Roberts-ek neregan pizten duen mirespena kontuan hartuta, aukeran eman balidate, Patxi, zeure esku, zein ezagutu nahi dezu, Julia Roberts, ala Markos Zapiain?

Nik Markos aukeratuko nukeen, zalantzarik gabe. Besteak beste, Julia Roberts-ek 1,76 neurtzen duelako, hori takoirik gabe, eta gainera: Julia Roberts-ek ulertuko ote zuen nere gipuzkera?

Ez, ezta munduko izarrik kotizatuena balitz ere, ez dago izarrik...

derecha



euskal ezezik, munduko konstelazioan ere, Markosena bezaineko argi ederrik egiten duenik neretzako, beraz, pekatu barkaezina izango zan, Gorka Arresek,




Susa Argitaletxeko
editoreak, Markosen liburu berriaren aurkezpenerako bidali zidan gonbidapena ez onartzea.

Nere ilusioa bikoitza zan gainera. Noraino zabaltzen ote zan Gorka Arreseren gonbidapen eremua? Arantxa Azurzarenganaino? Joseba Arregi edo Amatiñorenganaino? Bertan izango ote ziren? Haien ondoan eseriko ote nintzen, Markosen ateraldi bikainak, konplizitate ederrean, ukondoka zelebratzeko?

Iritsi nintzen San Jeronimo kalera, begiak zaldiak hipodromoko laisterketetako hasieran legez… Bihotza trosta bizian…

Intelektualtasuna zerion talde trinko bat zeharkatu behar izan nuen haren bila. Ez, hemen ez dago… Sotoan egongo da, aurkezpena prestatzen?

Ondo gordeta, Ugandako gorilak oihan itxian bezela, San Jeronimo 20ko atari barruan, zein aurkituko?

Edu Laztanguren!!

Bere begi zorrotzak segituan ezagutu zuen zimino partikular hau:

- Patxi… Zu Patxi zera!

Hura poza. Egia esan, toki ezin aproposagoa alkar ezagutzeko, oihan itxia zirudien atari ilun hartan, Dian Fossey gogoan…

Gustora aritu ginen berriketan, eta gero, nola argazkilaritza digitalak holakoetarako aukera ematen duen, alegia, balio ez duten argazkiak batere kostorik gabe Delete-ren bidez ezabatzeko, argazki sorta ederra atera zidan, Julia Roberts-en azalean sentitzeko moduan…

Seguruasko bakar bat ere ez zan ondo aterako. Ez argazkilariaren trebetasun faltagatik, modeloaren ezaugarriengatik baino, baina momentuan nuen poza eta emozioa, seguro islatuko ziran…

Izan ere, Edu ezagutu berri… Eta Markos ezagutzera nijoan!

Hara! Txillardegi bera ere hemen da! Eta… Han! Han! Azaldu da! Hor dago, neregandik hamar metrora!

Azeriaren ehizean zakur mordoa eusten ibiltzen diren morroi hoietako bat ematen nuen. Nere giharrek hara nahi zuten, nere arima erreguka, faborez harengana lehenbailehen heltzeko… Baina nere zuhurtasuna, zorionez, haundiagoa izan zan. Autorea, eta liburuaren protagonista alkarrekin, zer pintatzen nuen nik han?

Eskerrak nere gogoaren zakur amorratuak eutsi nituen! Bestela, gaurko egunkarietan, erakutsi dutena baino, auskalo, gaur beste hau azalduko zan…




____


Atari barrutik, itzaletik, nere objetiboa noiz atzemango zain, prezisamente liburu honetan nitaz egiten duen deskribapenari ohore eginez: delinkuentzia amilduriko batek egingo lukeen moduan…

Zeharo erabakitsu atarira sartu eta aurrerantz abiatu zanean… Iskina batetik… Zast!


derecha



Ustekabean heldu nion besotik…

- Markos!

Burua eta bizkarrezurra, atzera eraman zituen, inpresionatuta.

- Patxi!

Bai burugabea nere partetik. Hantxe biok hitz eta pitz eskilaretan behera, bakoitza bere emozio eta ardura partikularrekin: istripu bat izateko eszenatoki ezin aproposagoa osatuz...

“Markos Zapian ospitalean da, atzo, bere azken liburua aurkeztera zihoala, Donostiako Udal Liburutegiak San Jeronimo kalean duen sotoko eskilaretan behera amildu ondoren, eltze zahar baten moduan bertso zaharrak dioen bezela, bere irakurle bati eskua ematen ari zitzaiola honekin estropuz egitean. Biak, idazlea eta irakurlea, Donostiako ospitalean daude, gela berean, bakoitza bere ohean, seina saihets puskatuta.

Markosek bere hurrengo saiakeraren gaia zein dan zehaztu digu, ospitaleko ohetik:

“Interneteko harreman birtualen abantaila kontaezinak, aurrez- aurreko benetakoen aldean”

____


Zorionez, eta probabilitate legeei muzin eginez, ez zan halakorik gertatu, eta gozatu nuen nahikoa liburuaren aurkezpenaz. Toki magikoa, jende multzo koketoa, kamarak binaka, kasetak hirunaka, eta boligrafoak dantzan, mordoxka bat.

Markos, beti bezela, elegante; Gorka, holako aurkezpen batekoak duinki betez (ze dotore geratu zaidan, sekula liburu baten aurkezpenean ez naizela izan kontuan hartuta). Txillardegi gizakiaren harrokeriaz mintzatzen; kazetariek, bakoitzak bere galdera alea, eta tira, galdera gehiagorik ez dagoenez, buka dezagun gaurko aurkezpena. Eskerrikasko denoi.


____


Aurkezpena bukatu ondoren etorri zan onena, neri ilusio gehien egiten zidana, Edurekin aurkezpenaren aurretik bezela, Markosekin hizketan egotea gero, teklatuaren hots mekanikorik gabeko komunikazio zuzenean…

Mila xehetasunetan erreparatzen dezu, han ez dago makilajerik, irudipen faltsurik, han dana da erreala, eta gizakion arteko komunikazioan funtsezkoak diren elementu berri hoiek jasotzen dituzu, begien aurrean jartzen zaizkizu: zuretzako guztiz berria dan norbait daukazu bapatean zure ondoan…


derecha


Gerta daiteke zapuztea, edo alderantziz, ezagutu berri dezunak nolabait idealizatuta zeneukan hark adina, edo gehiago, betetzea.

Aurkezpenaren ondorengoak ez dira hola, bereziki aipatzekoak, esan nahi det, ez zan beste munduko nobedaderik, gauza xelebrerik gertatu, nahiz xehetasun txikiekin, Markosen liburuaren luzera gaindituko lukeen mezu bat bete nezakeen, baina ez da gizalegea, uler nazazue, batek bere printzipioak ditu, sentitzen det zuen prentsa-arrosarako egarria ez asetzea…

Mezuarekin bukatzeko ordea, hau bai gustatuko zaizue, azken ohartxo bat dijoa, egun hartan ezagututakoei:

- Edu, panikoa sentitzen det, ez dakit ze erabilera eman behar diezun atera zenizkidan argazki haiei, kontu gero demanda judizialak hain puri-purian dabiltzan garai hauetan… Bestalde, irrikitan nago noiz antolatuko dezun hurrengo txango ezin orijinalago hoietako bat, (1, 2,) gorputz guztia igeltxoz badaukat ere arrastaka hurbilduko naiz abiapuntura.

- Markos, orain arte zure eguneroko ikasle izatea zan nere ametsa, baina Arrate ezagutu ondoren batipat, nere asmoak goratu egin dira. Zuen semea izan nahi det, ez dakit zuen alabek txokoren bat egingo lidaketeen beren gelan. Semea izatea gehiegi balitz, ez dakit ba, etxean jasotako osaba galdu hoietako bat edo, apupilo bat, goizean familiari laranja zuku bat prestatzeko propio esnatzen dan hoietakoa…

- Gorka, emakume euskaldunek ezagutu egin behar dute zure ideiak eta asmoak defendatu edo/eta aurrera ateratzeko erabiltzen dezun grina, nik beste inorengan ikusi ez dedana, arlo sexualean inolako zalantzarik gabe parekotasunak izango dituena. Ni emakume banintz, liburu bat idatziko nuke propio zurekin harremanetan jartzeko, zer gerta ere…

(Alkar agurtu ondoren gertatutakoak, beste mezu bat merezi dute, hain dira bitxiak eta nunbaiten jasota gordetzeko modukoak)


____

3 comentários:

  1. Patxi! Zelako penia! Ni be gonbidau ninduen, baiña kotxerik ez nekanez, ezin juanda geratu nintzan!
    Jo! Garraio publikuan asuntua gaizki dago benetan. Holako ebento bat galtzia horregaittik!
    Beste alde batetik, Patxi. Zure blogian sartu ezinda ibili naiz, pentsatzen dot blogspot jausitta-edo egon dala. Makiñatxo bat bidar ahalegindu naiz (banekixan ebentuan gaiñian idatzi zenduana) eta bide askotatik ahalegindu be. Baiña ezin. Abisatzeko baiño ez da. Jakin deizun.
    Hurrengo baten izango da.

    ResponderEliminar
  2. Lankide batek esan zidan aurrekoan, KLK ikusten dutela etxean Markos Zapiainek umore eta ironia gustuko dutela; itzelezko barreak egiten dituzten etxean, senar-emazteek eta baita emaztearen gurasoek ere. "Bikaina" dela, "aparta", "zain egoten gara nondik etorriko ote den, zer esango duen, zer asmatuko duen".
    Hari entzuten, KLK umore programa baten bihurtua zutela pentsatu nuen!

    ResponderEliminar
  3. Hurrengo baten izango da bai. Baietz bi bularretako estrenatu baino lehen alkar ezagutu! ;-)

    Marijo, horixe bera esan nion nik ere berari. Urtetan libururik ikutu ez duten gazteak ere engantxatuta dauzka!

    Oraintxe etorri naiz zinematik, lankide batekin izan naiz. hara zer esan duen (hitzez hitz): "es un tio con mucho sentido comun... Eta gainera, aluzinantea da berak hitzegiten duenean ze nolako isiltasuna lortzen duen platoan..."

    Fan kluba sortu beharko da aurki. Neu idazkari.

    ResponderEliminar