2007-11-06

Morboa, hiru lagin





Familia bazkaria

derecha




Jun dan egunean familiako bazkaria izan genuen.

Pentsatzen det jatetxe askotan egongo dala figura hori. Bazkariaren erdian jabea edo... Nola da beste hori? Mingainaren puntan daukat… Tira, protokoloaz arduratzen dan hori. Hurbiltzen zaizu mahaira eta… Hombreeee, los Iraeta… Qué tal estáis? Qué tal os están sirviendo? Ez dakit zer, ez dakit zar…

Han nun botatzen duen bapatean, frexkotasun eta naturaltasun haundienaz (nere begiek mahai gainean nuen platerzar zuriaren tamaina irabazi zuten):

- Aizue, ez dakit enteratu zeraten, zera hil dala…

(¡!!!!)

Ez nien nere guasoei ezer komentatu bazkalondoan (badaezpadaere), baina ze grazia aizue, familia ondo pasatzeko bilduta dagoen egunean, ez dakit zein hil dala esateko okurrentzia hori…

Zer daki protokoloan auskalo zenbat diploma dituen horrek, hildakoa gure ezaguna dan ala ez? Eta, aparte, ze interes informatibo dauka albisteak? Ez al gera ondo pasatzera etorri? Oraindik entremesetan gaude!! Albiste txarrak ez datoz bat manteleriarekin eta txanpinoi kremarekin…

….

Baina, ernegazio hau, ez al dagokit bakarrik neri?

Nere gurasoak ez ziren asko aztoratu. Emakumea pikutara bidali baino, interesa erakutsi zuten, ea hildakoa zein zan, zeinekin ezkonduta zegoen…

….

Asko liluratzen nau zaharren jakin-minak hildakoekiko. Beren afizio hori egunkaria egunero eskelen ataletik hasteko…

Morboa baino ezin da izan. Beharbada hain gertu duten horrekiko sentitzen duten erakarpen saihestezina.




Ohera nindoanean
derecha


Erakarpen saihestezina, bai horixe.

Banindoan ohera, herenegun, argazkiarekin topo egin nuenean, interneten, tokirik zentzugabeenean. Ze artaburuk ipini zuen hor?

Begiak apartatu nahi nituen, baina ezin. Begira begira egon nintzaion, nere barruko zerbaitek, superbizipen senak edo, erreskatatu ninduen arte.

Hildakoekin ondo moldatzen naiz. Alegia, ez naiz tanatorioak izutzen dituen hoietakoa. Baina hildako jakin horren argazkiak zerbait dauka. Aurkitzea derrigorrezkoa zaidan sekretu bat edo, auskalo, kontu sakonagoren bat igual…

Ondoeza sentitu nuen, eta ez zitzaidan gaizki etorri: memoriaren beheko apaletan gordeta neuzkan oroimen batzuk berreskuratu nituen… Gauez gehienetan, egun argiz batzuetan, tarteka nitaz jabetzen zan – eta inoiz egun batzuetan zehar laguntzen ninduen - sentipen bildurgarri hura…

Denbora luzea daramat, urteak esango nuke, heriotzarekiko inolako ikararik, antsietaterik, kezkarik sentitu gabe.

Nola iritsi naizen honaino, noiz arte iraungo didan… Ez dakit, baina zerbait behintzat ikasi det, inoiz toki hau utziko banu ere. Bide bat behintzat badagoela irlatxo lasai honetara iristeko. Behin aurkitu badet, bigarren aldiz aurkitzea errezago izango al det!

Argazki horren ondorioz sentitu nuen ondoezaz aise libratu nintzen. Beste erakarpen iturri atseginago batekin…

Y hasta ahí puedo leer (Mayra Gomez Kemp)




Jehovako lekukoak

derecha


Hauek ere heriotzari ez diote batere bildurrik. Nola ulertzen da bestela siesta garaian etxerik-etxe ate joka ibiltzea? Ez al daukate inork asesinatuko dituen bildurrik?

Atzo gertatu zan:

- Diiiiiiiiiing-Dong!



Han altxatu naiz ohetik atea zabaltzera arin-arin, begiak irikitzen ahalegin titanikoak eginez…

- Ai… Ui… Te pillamos en mal momento?

(Brrrrfffff…..)

- Pues estaba en la siesta!

Beti uzten dizuten propaganda-papertxoa ere ez zidaten utzi, bi neskatxa harritu “adeitsuek”.

Ohera bueltatu nintzen.

Berriz ere loak hartu bitartean, honexekin bete nuen burua:

“Hauek ere, katoliko sutsuenen modura, sexua debekatuta izango al dute ezkontza egunerarte? Seguru baietz. Eta gaxuak gorriak ikusi beharko dituzte, gorputzak karraxika esijitzen dienari erantzun ezinez… Morboa. Hauek bai sentituko dutela morboa!
...

Deskuidatzen bazera, zerbaitegatik aukeratzen dute siesta garaia etxerik-etxe ibiltzeko. Hummm… Prakak jantzita ote nituen?¿?”


____

2 comentários:

  1. eta noiz erakutsiko diguzu delako argazkia?

    ResponderEliminar
  2. Seguruasko nere kontuak bakarrik dira. Alegia, ez det gizon honen hilotzari buruzko komentariorik aurkitu, inun. Mundu guztian famatua danez normalena egotea izango zan, halako berezitasunik izango balu.

    Seguruasko, ikusi nuen lehenbiziko aldiz, gaizki harrapatuko ninduen, eta horregatik inpresionatuko ninduen hainbeste. Herenegun berriz, ezustean harrapatu ninduelako, aurkitzea inola ere espero ez nuen toki batean.

    Ez det esango zein dan, barkatu . Utz dezagun gizona pakean deskantsatzen. (bat baino gehiagoren jakin-minak berehala deskantsatuko ez duen arren… ;-)

    ResponderEliminar