2007-11-23

Poesia datorkit segika

Harrokeria, esan zuen Txillardegik: animaliarengandik zorrozki bereizi nahi izate hori; 40 Watioko bonbila baten argitan orangutana eta osaba Benantzio bereiztea ezinezkoa zaigunean! (1)

(1) (osaba Benantzioren adibidea nerea da, ez Txillardegirena).

Ba… Horixe diot nik ere. Harrokeria. Munduko gertakariek batzuk besteekin ez dutela zerikusirik pentsatzen degu. Baina, ez ote daude, guretzat ikusezinak izan arren, batzuk besteekin lotzen dituzten hariak?

Harroa gizakia. Ezezagun zaiona, ezagun zaionaren aldean, ikaragarria da, baina ezaguna baino ez da berarentzat egia osoa…

Horixe pentsatu nuen ohera erretiratu nintzenean, aurkezpenaren egunean, etxera bidean gertatu zitzaizkidan gertakizun benetan bitxiak gogoratutakoan…


Poeta bere bakardadean

derecha



Egun aproposik bazan nunbait miresten ditudan idazleak ezagutzeko, huraxe zan. Hantxe zegoen, Donostiako tren geltokiko tabernan eserita, periodikua leitzen, artikulu mamitsuren batean zeharo murgilduta…

Bihotza trostan hasi zitzaidan berriz, begiak hipodromoko zaldien gisan; hura bai, azkenean, idazle hau, poeta hau ezagutzeko aukera ezinhobea…

Neretzako ezinhobea. Harentzako, zer ote? Bai, beharbada estimatuko zuen ezezagun hura hurbiltzea, eta esatea: asko gozatzen det zuk idatzitakoekin, bereziki hasierako zure liburu harekin gozatu nuen gutxitan bezela, eta zaletu nintzen literaturara…

Baina, batek daki. Beharbada inspirazio momentu bat izurratuko nion. Beharbada egun txarra zeukan, ez zeukan ezezagun batekin hizketan aritzeko gogorik. Beharbada beste norbaiten zain zegoen, eta hura etorri bitartean, ilusioa elikatuz, bereziki gozatzen ari zan. Beharbada…

Pakean utzi nuen, eta abiatu nintzen, kafea hartu bezain laister, etxera eramango ninduen trena hartzera.




Zimino kamuflatua

derecha



Trenera igo aurretik, andenean, betiko errituala, erakargarria dan norbait bilatzea, haren aldamenean edo eseritzeko (gertutasunagatik edo, zeozer itsatsiko zaidalakoan. Ikertu beharrekoa dana dala, zergaitik aukeratzen ote ditudan emakumeak 10etik 9tan…)

MP3aren laguntzaz neregandik egoki isolatu zan neska ilehori baten aldamenean eseri nintzen. Markosen liburua eskutan… Baina ezin konzentratu inola ere. Hantxe zegoen, nere parean, nere seiko aulki multzoan ez, hurrengoan, zimino bat, gizakion artean ondo kamuflatuta. Pakistandarra edo, Iraniarra… Ez dakit nungoa zan, baina bizarra begien altzoraino zabaltzen zitzaion. Dana zan ilea, bere azal beltzaren gainean. Ziminoak aipagai izan ziren egun seinalatu hartan, norbaitek egun hartako gidoian ipinia zirudien, derrigorrezko dekoratu baten funtsezko pieza bailitzan…

Begiak harengan iltzatuta nituen arren (aldameneko neska bera baino 10.000 aldiz politagoa zan arren, ziminoa zan erakargarriago), berarentzat, ni han ez banengo bezela zan. Euskera zirudien hizkuntza batean ari zan bere adiskideekin…

Halako batean konturatu zan, eta iltzatu zituen begiak berak ere neregan. Zer etorri zitzaion gogora… Idiazabalgo gazta edo, antzekoren bat, auskalo, argitu gabeko misterioen zakura zuzenean…





Hosto mehar batzuen indarra

derecha



Hernani apeadero. Horraino iritsi zan trena. Nere aldamenekoak purrustadaka, nunbait esperientzia hori bizi izana zutelako, eta ez zutelako nunbait, batere gogoko.

Minutuek aurrera egin zuten, mantso, mantsoegi. Trenak mugitzeko inolako intentziorik ez…

Pika jauna etorri zan arazoaren berri ematera. Itxura danez, trenak ezin zuen aurrera egin. Beste baten zain egon beharra geneukala, hark gureari bultza eginez hau estuasunetik ateratzeko…

Nahi bagenuen bueltaxka bat emateko, haizea hartzeko hura etorri bitartean.

Ondo eritzi nion pikak esandakoari, eta, beste zeregin hoberik ez neukanez, nere jakin-mina asetzera abiatu nintzen. Berarengana. Makinista jaunarengana.

Ez dago munduan makinista batekin ondo moldatzea baino gauza errezagorik. Hain ohituta baitaude kejetara, oihuetara, irainetara… Nahikoa dezu irriparre batez txistetxo bat esatea, gizonari zeruko ateak zabaltzeko. Xehetasun guztiak emango dizkizu, baita zuk eskatu gabe ere.

Hauxe, eman zidan azalpena:

Garai honetan, batzuetan bakarrik, oso gutxitan, euri mardula baino, euri ttantto batzuk baino botatzen ez duenean, zuhaitzetatik eroritako hostoak errailen gainean itsasten omen dira, eta… Harrapazak, trenak irrist egiten omen du! Ezin aurrera egin!

Hosto mehar gutxi batzuk, milaka tona burni mendean hartzen…

Ez esan neri hau ere poesia hutsa ez danik…




Sagar baten ahalmen iraultzailea

derecha



Okerrena ez da trenean eman beharreko denbora, bidaiarien hasarrea, hasperenak, begiratu ilunak… Posturarik ezin hartzea… Okerrena, ziurgabetasuna da: zenbat denbora egon behar dezun han barruan ez jakitea.

Salbu zaude, sakeleko bat badezu, eta txofertza lanak egingo dituen adixkideren bat baldinbadaukazu hariaren bestaldean.

- Ondo da. Segituan naiz Hernanin. Hiru ordulaurden asko jota!

Fenomeno. Irripartsu jetsi nintzen trenetik, bidaiari gogaituak atzean utzita. Kalean emakume bati galdetu nion Hernani apeadero hura erreza al zegoen aurkitzen ingurua ezagutzen ez zuen batentzako, eta esan zidan ezetz, hobe nuela pixkabatean ibiltzea, behintzat DIA eta LIDL zeuden bidegurutzeraino.

Halaxe egin nuen, eta, nola hiru ordu laurden betetzeko zeozer behar dan, ba, turismo pixkabat egitea erabaki nuen. LIDL-en sartu nintzen.

Kanpoko giroaren berdintsua aurkitu nuen barruan. Isila, eta hotza. Bazegoen sakelekoaz hitzegiten ari zan ahobero iskanbilatsu bat, dendako isiltasuna are gehiago sendotzen zuena.

Majo entretenitu nintzen honi begira, bezeroei begira, produktuei begira, eta nahikoa asetu nintzenean, kajara abiatu nintzen, saski haundi batetik hartu nuen sagar bat eskuan nuela.

Nere aurrean, bi bikote, bakoitza gainezka egiten zuen gurdi banarekin. Kajeraren begiratu nekatuan fijatzen aritu nintzan, ez nuen erreparatu batere gurdien edukian…

Nere sagar alea ordaindu, (23 zentimo), tikea jaso, eta bi bikoteak hizketan entzun nituen arte:

- Mira que picamos como tontos eh? La cantidad de porquerias que compramos…

Madalenak, Coca-colak, patatak eta hauen ahaide ugariak plastikozko poltsatan sartzen zituzten bitartean, neri begira biak. Hobeto esan, neri eta nere sagar aleari begira.

Kanpotik nere burua ikusten saiatu nintzen. Han, kanpotar bat, LIDL-en sartu, eta bertako aukera ikaragarriari muzin eginez, sagar ale bat, bat, erosten duena.

Irabazle sentitu nintzen, David txiki bat, kontsumismoaren Goliat menderaezinari kopeta erdian harriarekin jotzen…

Sagar baten irudi soilak, bilatu gabeko egoera jakin batean izan dezakeen esanahi iraultzaileaz pentsatzen…




Platanondoaren azpian

derecha


Kalera irten nuenean, euria ari zuen, lotsati.

Platanondo haundi bat ikusi nuen, oraindik hosto dexenterekin. Hantxe babestuko naiz. Pretil txiki bat ere badauka, hantxe eseriko naiz; eta Markosen liburua irakurtzen egongo naiz, nere erreskatatzaileak etorri bitartean…

….

Handik pixkabatera, berriz ere nere burua kanpotik ikusten saiatu nintzen: apenas arimarik zebilen toki ilun batean, gauez, platanondo baten azpian, farola baten argiaren laguntzaz, liburu bat irakurtzen…

Pareko etxeetatik, norbaitek, sukaldeko kortinak baztertuko zituen beharbada, eta hantxe ikusiko ninduen; eta testuinguruaren lagungarririk gabe, “Beste ero bat” pentsatuko zuen…

Ikuskizunari poesia zerion arren, alde guztietatik…

(ipurdia hoztuta geratu zitzaidala, hori nik bakarrik dakit)




Ijitu jakintsu hoienak

derecha


Errumaniarrak edo ziren, jazkeragatik eta hizkerarengatik. Ijitu itxurakoak. Emakumeak, eta gazteak. Iskina batetik azaldu ziren. Besotik helduta. Iji eta aja. Ni haiei begira, eta haiek neri begirik kendu gabe…

Nerekin koketeatzen ari ote ziren, ala nitaz parre egiten, batek daki, baina segundu erdi batez lehenengo aukera guztiz erreala iruditu zitzaidan, haien gustokoa nintzen…

Nere edertasuna apreziatzen dakien norbait! Azkenean! – pentsatu nuen –.

Kotxe zahar batean sartu, eta gauaren ilunean desagertu ziren. Ze pena. Bat ez da oso sarritan George Clooney sentitzen…





Begirada altxatutakoan


Ipurdia hoztu ezezik, gogortu ere egin zitzaidan, platanondoaren azpian, pretil txiki hartan eserita, eta nola nere bila zetorrenak segituan behar zuen bertan, errepidea zeharkatu eta han aldameneko espaloi batera abiatu nintzen…

Gora eta behera ibili nintzen, kale ilun hartako espaloi estu hartan, nere bila zetorren kotxearen argiak nun antzemango kalearen hasieran…

Gora… Behera… Gora… Behera….

Isiltasuna…

Atzera gora… Atzera behera…

Halako batean, toki jakin batean gelditu nintzen arte. Zerbaitek eman zidan atentzioa han goian. Han ibili nintzen denbora guztian ikusteko gai izan ez nintzen zerbait, ilunetik bapatean agertuz begien aurrean jartzen zitzaidana.

Pareta altu baten gainean, han goian, nere pare-parean, Chevrolet 1938 edo tankerako bat, isilik; norbaitek hantxe, neretzako propio, justu momentu hartan jarrita bezela.





Kotxean idatzita, inskripzio labur bat:


Autos

Zapiain


____

9 comentários:

  1. Eta, esaidazu Patxi: Zer sentitu zenuen Txillardegiren ondoan? Ikutu al zenuen? Benetakoa da?

    ResponderEliminar
  2. Benetakoa da bai, Jozu. Gizon lasaia, alaia. Umila ere bai, hori izan zan behintzat nik jasotako irudipena. Markosek liburuan berari buruz esandakoarekin bat dator erabat.

    Ni nahikoa aztoratuta nengoen, emozio ugariengatik, baina bai, hori transmititzen zuen.

    Eta zu, Jozu... Benetakoa al zera zu? ;-)

    ResponderEliminar
  3. Trapero erreala da. Nik ikusi dut. Trapero benetakoa dela erakusteko eta, bide batez, erotuta ez nagoela frogatzeko, argazkiak egin dizkiot deskuido batean. Flasharekin atera arren, guapo atera da. Horrek meritua du.

    http://www.flickr.com/photos/98889321@N00/2063935970/

    http://www.flickr.com/photos/98889321@N00/2063935978/

    http://www.flickr.com/photos/98889321@N00/2063174689/

    ResponderEliminar
  4. Orain bai, helbide zuzenak, barkatu tekno-analfabeto honi.


    http://farm3.static.flickr.com/2021/2063174689_3f7af7a2f1_b.jpg

    http://farm3.static.flickr.com/2121/2063935978_1e12a581aa_b.jpg

    http://farm3.static.flickr.com/2047/2063935970_de14a20fcc_b.jpg

    ResponderEliminar
  5. Eli, portatu haiz. Hire ziminoen galerian ze erakargarri suertatuko naizen!

    ResponderEliminar
  6. Hik daukak etorria, hik!

    X.

    ResponderEliminar
  7. ezin ukatu aurkezpenera zer erropa jantzitta joan bi aldiz pentsatu zenuela

    ResponderEliminar
  8. Ziminofilook, biziki gomendatzen dizuet ondoko mezua irakurtzea eta, batez ere, bertan topa ditzakezuen bideo biak ikustea:
    http://fogonazos.blogspot.com/2007/11/
    oliver-el-chimpanc-humano.html

    ResponderEliminar
  9. Antton, noski, jakina, nahikoa buruhauste ibili nuen eraman behar nuen erropa aukeratzen. Nola igerri didazu? ;-)

    Xabier, behinola erakutsi nuen asmoa, "abenturak" izeneko atal bat hasteko. Oraindik ez naiz hasi. Baina inoiz hasten banaiz, dudarik ez holakoak eta bitxiagoak kontatuko ditudala. Abenturak bizitzeko, bidean jartzea, besterik ez da behar.

    Jozu, ezin nuen zabaldu, baina aurkitu det helbidea, hemen dago.

    Oso interesgarria, bai jauna!

    ResponderEliminar