2008-01-04

Aukeran, nun hobeto?

Hemen daukazue Jon Arretxe fenomenoa





Aurrekoan berak idatzitako liburu bat hartu nuen eskuartean, eta, pasarte batek bakarrik etxera eraman nezan konbentzitu ninduen.

Liburua, hauxe zan:




Urte berri hasiera honetarako liburu apropos-aproposa, “lasaitasuna" nere hitz kuttuna bihurtu dedan honetan.

Jon Arretxe Burkina Fason zehar ibili zan, bertako zenbait lagunen deskribapena da nagusiki liburu hau, eta, horra, zer dioen Jonek, liburu eder honetako pasarte batean:

“Orduak joan zaizkigu horrela, egonean, eta halako baten gurean jendea zertan ote dabilen bururatu zait: 14,00etan bazkaria, 14,30etan kafea, 15etan eskola, 17,25etan autobusa… Zelan dastatzen da hobeto denbora? Zertan aprobetxatzen da hobeto ordu bakoitza, minutu bakoitza? Eguna zereginez betez? Zereginez hustuz?"

____


Askotan hausnartu dedan gauza da, ba ote dan posible, gure zibilizazio "aurreratu" eta gauzez gainezkako honetan, lasai bizitzea…

Bai, klaro – esango dezu – mixeria gorrian hobeto, ezta?

Begira Jonek zer dioen, beste pasarte honetan:

"... Baina Afrikarrak ez dira tristeak. Alderantziz, berezkoa dute alaitasuna, berezkoa irribarrea, berezkoa bizi-poza, eta Uagaduguren kanpoaldeko auzo hura ez zen salbuespena. Hamaika ume haiek ez zuten telebistarik ezagutu elektrizitaterik gabeko bizileku hartan, ez zuten jostailu sofistikaturik izan, ez panpina negartirik ez gameboyrik ez antzekorik. Batere luxurik gabe hazi ziren, baina gabezia haiek irudimenaren bidez ordezkatu zituzten, jolasak asmatuz etxe inguruko arbola bakanetan edo ur-putzutan, harriak, lurra edo zura aprobetxatuta; jostailuak eginez bazterretan botata aurkitutako hondakinekin... Eta, griot kastakoak izanik, ezin izan zioten euren patuari uko egin. Ezta nahi ere. Djenbe eta balafon-aren erritmo eta doinuez inguraturik handitu ziren, eta artista jen de asko sortu zen etxola hartatik..."

Lilura sortzen du pasarte honek, nahiz, lainotu, lainotu daitekeen, Marokon egunotan oporretan izan dan ilobak kontatutakoa entzun ondoren, adibidez:

"Marrakech-eko enparantzan, Patxi, zer eta, bigarren eskuko hortzeriak saltzen zituzten!"

....


Galdera polita edonola ere. Bigarren esanahirik gabe, batere ironiarik gabe luzatzen dedan galdera:

Aukeran, nun hobeto?


Nere erantzuna, liburu honetako 13. orrialdean.

____

11 comentários:

  1. Askotan entzun izan dut hori nire lagun bidaiarien ahotik. Alabaina, ez nago ados:
    1) badirudi hemen ez garela zoriontsu, zibilizazio aurreratu honetakoak zoritxarreko alienatu batzuk garela. Ba, nik jendea oso alai ikusten dut nire inguruan, jendea lasai zerbezak hartzen, zineman, umeak jolasean eta abar.
    2) beti galdetu izan diot neure buruari ea horrelakoak esaten dituztenetatik bat bera ere zergatik ez den murgiltzen horren zoriontsua den gizarte ez-aurreratu baina autentikoago omen diren horietara.

    ResponderEliminar
  2. Gaur egun zoriontsu itxurak egiten ditugu gizarteak dugun guztiarekin halakoak izan behar dugula esan digulako, ez besterik. Aldiz, jendartean edozer dela eta triste egon behar dugunaren joera zabalduko balitz, ziur naiz denon benetako aurpegia azalduko litzatekeela. Edo, nork erantzuten du "zoriontsu zara?" galdetzean ezezekoa?

    PD: Burnika faso? XD, XD!

    ResponderEliminar
  3. Egia da, Lutz, askotan mitifikatu egiten dala alde hori, errealitatearen beste aurpegi asko aipatu gabe utziz. Jonek bai aipatzen ditu liburuan, oso ondo gainera, zein diren itzalak. Hala ere, ni ere ibilia naiz Cuban, Marokon, eta abar, ikusi det jendea nola bizi dan egoera benetan exkaxean, mixerian ia, baina bizi-poza galdu gabe!

    Egia da baita ere, badala hemen zoriontsu eta pozik bizi dan jenderik (zenbat eta ardura gutxiago izan, orduan eta zoriontsuago: a ze ondo bizi nintzen ni amarenean!), baina nere ustez hamaika adibide daude, gero eta ugariagoak gainera, gurea zoritxarreko alienatuz betetako gizartea dala pentsatzeko.

    Zergaitik ez diren lurralde autentikoagoetara abiatzen? Ba, oinarri-oinarrizkoena ere falta dutelako. (zeinek erabili bigarren eskuko hortzeria bat! Zeinek ikusi bere semea minez, medikamentu faltaz, edo ospitalera sartu ezinik dirurik ez duelako...)

    Bada aukera hori hartzen duenik hala ere. Liburu honetako "Dominique" izeneko atala irakurtzea gomendatzen dizut.

    Barraplaust, eskerrikasko zuzenketarengatik. Batzuetan behatzak bere kasa ibiltzen dira, ikusten dezu.

    Itxurak egiten, bai horixe. Naturaltasuna galzoriko zerbait bihurtzeko bidean da...

    ____

    ResponderEliminar
  4. iepa! aspaldiko!
    egia erran miresteko modukoa da nola bizi diren han lujorik gabe, erlojurik gabe...eta hoberena; horiek faltan bota gabe!...gu ere horrela bizitzen ohitu izan bagina...

    portzierto, urte berri on patxi!
    ongi segi!!

    ResponderEliminar
  5. Aupa Patxi,

    Ba liburua erosi beharko zure erantzuna jakiteko. Egia esan, liburua erakargarria bihurtu da niretzat.

    Zoriontasuna, alaitasuna, lasaitasuna... norbanakoaren baitan aurkitzen dira. Elikatu beharreko ezaugarriak dira guztiak, landare bati ura emanten diogun bezala, edota gure gorputz fisikoa asetzeko jana erabiltzen dugun bezala.

    Aukeran non hobeto? ba egia esan edozein toki izan daiteke ona, nire buruarekin pozik bizi banaiz.

    ResponderEliminar
  6. Urteberrion Julen! Iratzargailurik gabe ze ondo biziko ginatekeen bai...

    Nora, nor bere buruarekin pozik egotea, hain garrantzitsua da, egia, baina ai, inguruak ez bagintu hainbeste baldintzatuko!

    ResponderEliminar
  7. Itxurak egiten? Ba zer nahi duzue esatea, niri hori topikazo bat iruditzen zait. Berriro diot, zoritxarreko alienatu batzuk garela diotenak ez dakit ze zoritxarreko gizartean bizi direla uste duten. Nik zoritxarra, ikusten dut, noski, nire inguruan, baina baita zoriona barra-barra ere. Bere buruarekin eta bizitzarekin pozik bizi den jendea. Asko. Eta asko.
    Bestalde, ez al da alienatuxeagoa izango bere semea minez ikusten duena, medikamentu faltaz, eta hala ere zoriontsu bizi dena?
    Eta ez dut liburua irakurri, baina Dominique atalean hara joateko hautu hori egin duen kasu bakanen bat badator, bejondeiola, pentsatzen duenarekin koherentea izatea eta hemen ez duen zoriontasunaren bila joatea.

    ResponderEliminar
  8. Arrazoi duzu Patxi,
    baina niretzat barrua lehenengo mailan dago, materia, eta batzuetan ez materia, den inguruaren gainetik.
    Inguruneak pertsona batengan sortu ditzazkeen eragin/ondorioak desberdinak izan daitezke norbanakoaren barne egoeraren arabera. Momentu horretan barreneko sendotasuna edo poztasunak izugarrizko garrantzia duela uste dut. Hala ere, egoera batzuek gaindiezinak izan daitezke, noski.
    Gehiago filosofatzen jarriz gero, jejeje, zoriontasuna bilaketa itsuan bihurtzen denean, gure helburutik geroz eta gehiago aldentzeko arriskuan erori gaitezke. Berezko jariori ikusbide bat jartzeko tentazioan erortzen bagara, eta guk espero edo imaginatzen duguna betetzen ez den momentuan, porrotaren sentipen suntsigarria gure gainean erori daiteke. Beno, agian gaiaz guztiz aldendu naiz, karkarkarkar.

    aah eta ahaztu baino lehen,
    urte berri on guztioi!!

    ResponderEliminar
  9. ... eta ZORIONAK Patxi!!!

    ResponderEliminar
  10. Azken batean esan nahi dudana da, ez dudala ulertzen zergatik joan behar den urruneko miseria bizitzera, hain gauza elementalak (adibidez, zoriona norberaren baitan dagoela, ez gauza materialetan) 'deskubritzeko'. Eta zergatik uste den horrelako gauzak ez dakizkiela gizarte material honetako askok eta askok aspalditik.

    Nire blogean komentatua dut nola Indiatik etorritako adiskide bat etorri zitzaidan esanez han ikasten duzula gure gizarteko erosotasunak baloratzen, hozkailua ireki eta jogurt bat jatea ze lujoa den baloratzen.

    Eta noski, ni ez nago ados, inola ere.

    ResponderEliminar
  11. Lutz, nere ustetan, gure gizarte honek tranpa asko ditu, eta benetako ekilibrista izan behar dezu inungo tranpatan erori gabe airoso eta lasai bizi ahal izateko. Zuk asko ikusten dituzun tokian, zoriontsu bizi direnak, nik gutxi ikusten ditut zoritxarrez. Eta saiatzen naiz e?

    Zorigaitzaren aurrean zoriontsu bizi dana, arrazoi dezu, alienatu hutsa da, hemen eta Afrikan. Ez det nik halakorik esan. Bai ordea, gabezia ikaragarriak dituzten arren, halabeharrez, eta nahi gabe, guri falta zaizkigun oinarri-oinarrizko gauza batzuk bai dituztela. Baliotsuena, denbora.

    Gauzak apreziatzeari buruz, nere ustez, gizakiarena da, gauzak galtzen dituzunean estimatzea, lehenengo zein hirugarren munduan, berdin. Ohitu egiten gera gauzetara, eta ez ditugu beharbezela estimatzen.

    Ikuspegi desberdinak ditugu beharbada, Lutz, baina asko estimatzen ditut zure iritziak.

    Orain banua hirugarren munduko askok egiten ez dutena egitera: labadorako erropa ugari-ugariak eseki, sukaldeko dozenaka traste jaso, eta abar luze bat.Iratzargailua bitartean, logelan, irriparre maltzurrez; 6,30ak noiz iritsi zain...

    ____

    ResponderEliminar