2009-06-30

Fantasiak eta beste



Aurrekoan gaia atera zan lagunartean, ea zein izango litzatekeen gure bizimodu ideala. Zer beharko genukeen erabat zoriontsu izateko.

Nik burua hutsik utzi nuen. Begiak zabaldu nituen asko, eta zain geratu nintzen, zer etorriko:

- Ba… kirola. Kirola egiteko aukera… Eta… Lau emakume. Eta vermouth botila bat.

Parreak segituan etorri ziren nere zorion-formularen atzetik.


- Lau emakume? Eta aseko zenituen laurak?
- Hombre… Laurak batera ez, jakina. - Tira, beti ez – Banan bana.
- Eta vermouth botila hori?
- A, hori, oso garrantzitsua, bazkal aurretik hartzeko, azeituna batzuekin, menditik jetsi ondoren.

Parretxoak berriz. 

Bati inposible bat deskribatzea eskatzen diote, inposible horren borradore zabartxo bat botatzen du, bere asmorik onenez, eta parre egiten diote. 

Ez naute ulertzen (zuek seguro baietz).

Fantasiak, nereak behinik behin, bi motatakoak dira: egingarriak eta ezinezkoak. 

Ezinezkoak aura eder batez inguraturik datoz. 

Kirolak erabateko osasuna adierazten du. Ez dago minik edo ezintasunik. 

Emakumeen atalari dagokionez… Denak alaiak eta erakargarriak dira. Eta ez dago konpromezurik, ez haien aldetik kapritxo amorragarririk, mania zororik. Denek adoratzen naute nik haiek hainbat, eta dana da borobil eta orbanik gabea. 

Eta vermouthak ez dit uzten bixamonik. 

(Fantasia egingarriak... Hoiek ez ditut hain errez aitortuko, noski. )


EMAKUMEAK ETA DESIOA


Emakume bat bazan gure artean, eta hari eskatu egin nion, nere “sinzeritatearen” ordainez, bota zezala berak bere fantasia. 

- A ez ez… hori… Pribatuan,  esatekotan. Hemen danen aurrean ez. 

Eta bere erantzunak berak bai adierazi zuen “zer" debekatu bat, baina…  

Galdezka aritu nintzaion gero, etxera bidean, nere buruari (hainbeste lan ematen diodan nere buruari), ea zenbat emakumek aitortuko lukeen nerearen antzeko fantasia bat. 

- Ez Patxi. Emakumeek ez dute beren desioa adierazten, ia inoiz.

Eta ez dakite, ez dakitenez, beren desioa adierazteak pizten duela gure desioa haiekiko, modu sinesgaitzan. 

Sem comentários:

Enviar um comentário