2009-07-28

Arrakasta eta porrota (II)

Nik Donostiako nere izeba Pilar izugarri maite nuen.

Donostiako alderik glamourosoenean bizi zan. Buen Pastor atzeko kalean. Oso emakume buruargia zan. Isilik egonez askotan hitz eginez baino gehiago adierazten dizun hoietakoa. Bihotz onekoa; eskuzabala, munduan beste gutxi bezela; eta oso alaia ere bazan, baina...

Etengabe ihesi zebilen pertsona zan.

Bere azken urteak, eta asko izan ziren hala eman zituenak, etxetik irten gabe eman zituen. Leiho eta kontrabentana guztiak itxita: haren etxera sartzea eta San Adriango kobazulo barrenera sartzea, alde haundirik ez. Bere logelan zegoen 60 watioko bonbila baten diferentzia. Han egoten ginen eserita kontu-kontari, bonbila haren argipean.

Zergaitik bizi zan horrela?

Ez zuen inola ere gaixotu nahi. Akaso ez zion inori lanik eman nahi. Akaso fobia zien ospitalei. Baina bere aukera ondo irmoa izan zan: etxetik irten ez, ez al zuen hezurren bat puskatuko; leihoak itxita beti, ez al zan gaixotasuna leihoetatik barrura sartuko.

____



Nere lagun baten amonak esan zuen behin:

- Han dicho no sé dónde, que en no sé qué cadena, van a echar una película pero que está muy bien.

Ba nik ere ezin dizuet argibide haundirik eman. Ez nun entzun nuen, ez zeinek esan zuen, ezta zehatz zer esan zuen ere… Baina neri esaldi xinple hark bizitza aldatu zidan:

- Sufrimentua hor dago, eta ez da berez zerbait txarra.

Antzeko zerbait esan zuen.

Jende askok eta askok hartzen duen aukera da ordea: sufrimentua kosta ahala kosta saihestekoa. Ez det egingo (berdin dio zer, burura etortzen zaizun lehenengo gauza hori). Ez det egingo, ez al det zartateko bat hartuko. Ez det egingo, ez al det asko sufrituko.

Nere tía Pilarren postura. Etxean gorde. Leiho guztiak itxi.

Ilunpean bizi.

2 comentários:

  1. Akaso gure mundu honek beldurra ematen dio bertan bizi garen askori, eta horrek bakoitza ahal duen moduan gordetzera bultzatzen du. Dortokak egiten duen antzera.
    Azkenean ez du ezertarako balio jarrera horrek, jarrera berak sortzen baitu isolamendua eta sufrimendua, eta norberarengana uxatu nahi den huraxe itzultzen baitu. Baina noski, pertsonaren aukeren artean dago jarrera hori ere.

    ResponderEliminar
  2. Bildurrak hain zuzen, ez du aukerarik hartzen uzten. Idazle eta pentsalari askok maiz ekarri duten gaia da: bildur haundiagoa zaio bildurrari berari, beste ezeri baino.

    Baina bai da aukerakoa sufrimentuaren aurrean ze jarrera izan (baldin eta, honetaz konsziente izatea lortzen bada): sufrimentua onartu datorrenean, arriskuak hartuta / ala etengabe ihesi -gordeta- bizi, ahal dan arrisku gutxien hartuz, eta nere ustearen arabera, biziari duen grazia eta edertasun guztia kenduz.

    Zure blogean sartzeak berriz, ez dizu batere arriskurik hartzea eskatzen, eta nola pizten zaizun apetitoa!

    Eskerrik asko, eta ongietorria.

    ResponderEliminar