2009-07-02

Benitoren kontzertuan

Gaur oso gauza ederra gertatu zait.

Egia esan, gauza eder zakukada haundia gertatu zait.

Semeak…




proposamena egin zidan, Benito Lertxundiren kontzertura jutekoa, eta horruntz abiatu gera aita-semeak, kantuak dioen bezela tabernara baino, tartean tartean kantuak zerbitzatzen dituzten toki batera, Zumarragako Zelai-Arizti antzokira.

Eseri gera, itzaldu dituzte argiak…

Eta hasi da musika.

Argi zenitala neska eder baten gainera. Ile kixkur luze horia, alkandora zuriaren gainean. Honen eskuek harpari doinuak leun-leun ateratzen. Doinu zoragarriak ateratzen…

Olatu bat etorri zait goruntz, kantua hasi eta segituan, eta bapatean, justu neskaren parean zegoen begitik, hau ere leun leun…

Malko bat.

____


Izugarri gozatu degu kontzertuarekin. Benito Lertxundi artista ikaragarria da. Ahots bakarra du, eta kontalari aparta da.

Olatz Zugastirekin adina emozionatu naiz, beste askoren artean, bere kontakizun batekin. Nundik datorren “Zergatik utzi kantatzeari” kanta. Hunkigarria izan da antzoki guztiarekin batera kantuan aritzea…

“Zergaitik utzi behar ote diot,
zergaitik utzi, kantatzeari…”

Eta nahikoa gozatu ondoren, semea autografo eske hurbildu zaio Benitori banbalinetara.

Banbalinetara bidean, Olatz Zugasti ikusi det musika-tresnak eta abarrekoak jasotzen, eta ai, izan det tentazioa semeari imitatzeko, baina…

Semea bai, hura, sano-sano hurbildu zaio Benitori, eta eskatu dio eskribitzeko zeozer…

Eta hementxe daukat orain, atzeko ohean…




Ia bere aita baino satisfetxoago. Ia satisfetxoago diot, bere aitari musika zerutiarrenaren pare iruditu baitzaio atarira sartu aurretik honek bota dion esaldia:

"aita, hau nere bizitzako egunik zoriontsuenetakoa izan da"

_____

2 comentários:

  1. Ederrrrrrra! Aita Barri Euskaldunen alkartekide ohia nazen aldetik, zorionak!!

    ResponderEliminar