2009-07-07

Desexortzizatzaile bat behar det

Atzo Euskadi Irratiko Mikel Aldama teknikaria etorri zitzaidan etxera.

Jatorra baino jatorragoa, etxetik irratiz kalitate paregabez hitzegitea ahalbideratzen duen kontsola ipini zidan, ti-ta batean; botoiez ondo hornitutako trastea, baina, nik ikutu ere egin behar ez nuena.



Hurrengo egunean, deitu egingo zidaten irratitik, eta nik, kaskoak jarrita, seinalea entzun, eta hizketan hasi baino ez nuen egin behar. Horraino kolaboratzaile bati eskatzen zaion jakituria tekniko guztia.

Gaur kontsolari begira nengoen, nere tartea (jesuuuuus, zer doinu aterazen duen "nere tartea" horrek! Inoiz holakorik idatziko nuenik ere)... noiz hasiko zain.

Eta hasi da jotzen trastea halako batez...

Eta jarraitu du jotzen....

Eta tematu da jotzen.....

Baina seinalearen arrastorik ez. Ezta desenkusa-eztultxo ahul bat ere. Rienderien. Nothing. Nadadenada.

Azkenean sakelekoaren bidez hitzegin behar izan det, nahikoa modu hankamotzean.

Ainhara eta Nagoreren ondo-ondoan egoteko nuen gogo izugarriarekin, gure lehenengo zitan... Aiiiii... Afganistanen nituela zirudien! Ze pena!

--------

"Patxi, arratsaldean teknikari batek deituko dizu, ea zer gertatzen dan"

--------


Arratsaldean beste teknikari batek deitu dit arazoa konpontzeko, eta ezetz asmatu:

Iritsi da seinalea. Zazpi saikera, zazpi seinale. Batere arazorik gabe.

Ze misterio da hau? Ze energia gaiztok endredatu ditu gaur goizeko uhinak?


-------

Mikelek atzo kontatu zidan xehetasun txiki batekin gogoratu naizenean:

"batetik bestera ibiltzea tokatzen zaidak. Kasko hauek esate baterako, Pako Aristiren etxetik ekarri dizkiat. Mezularian aritu dek orain arte, ta orain libre geratu dituk eta hiretzako. Ze iruditzen zaik?"




!!!!!

Klaaaaaaaaaaro ba! Hortxe esplikazioa! Ez zan kontsola, baizik eta kaskoek, Pako Aristiren belarrietan egon ondoren hainbeste denboran, ni bezelako traperoburu batenean seintitzean sufritu duten erreakzioa!

"Eeeeeeez, guk Patxitraperorekin ezzzzzz! Buuuaaaaaa! Guk Pakorekin nahi duguuuuuuuu!!!”

Etsita nago: Pakok kasko hoietan utzitako arrasto derrigorrez sakonak zerikusi zuzena du zalantzarik gabe hauen funtzionamentu kapritxosoan...



Kontuak, zalantzarik gabe, parapsikologiatik asko du, eta nik, badaezpadaere, eskaera luzatzen dizuet, desexortzizatzailerik ezagutzen badezue, nerekin harremanetan jartzeko.

(Pako Aristiren fan porrokaturik bada, kasko hoiek jazteko aukera ematen dizuet, prezio polit baten trukean. Harremanetarako: patxpitx@gmail.com)

("Desexorzitzatzaile" lau aldiz segidan trabatu gabe esateko gai denari, beste hamar minutuko bonoa)

2 comentários:

  1. patxi... pako aristi naiz, eta oso larrituta utzi nau zure albisteak. Jakin ezazu asko kostatu zitzaidala aurikular horietatik banantzea, oso gogorra izan da gure separazioa niretzat...
    eta ez dizut onartuko haiekiko tratu txarrik, ezta txikiena ere...
    kariñoz tratatu behar dituzu, leun, gozo...

    ResponderEliminar
  2. Pako, hire irudi seeeerio bat bilatzen ibili netuan sarean, poltergeist ikutua emango zian bat, eta ez zegok modurik. Denetan irripartsu azaltzen haiz!

    Sinisten ez didanak, egin dezala proba: bilatu Pako Aristiren irudiak sarean.

    Hi bizi haiz hi!

    Gozo tratatuko dizkiat bai ;-)

    ResponderEliminar